
1966ko maiatzaren 22a zen. Remigio Mendiburuk Udarregiren omenez egindako eskultura inauguratu dute Usurbilen. Ekitaldiaz harago beste hainbat egitasmo egingo dira, idazketa lehiaketa, bertso saioak, antzerki emanaldiak… «Inaugurazioaren ondoren bazkari bat izan zen eta bazkalondoan Rikardo Arregik hartu zuen hitza: euskararen eta euskal kulturaren aldeko lanean burubelarri murgildua zen ordurako. Diskurtso gogoangarria izan zen, bor-borka zen mugimendu baten ispilu», gogoratu dute Udaletik.
Euskara batuaren eta Euskal Estatuaren alde tinko hitz egin zuen Arregik. Andoaindarrak lau haizetara botatako hitzen garrantzia azpimarratu du Agurtzane Solabarrieta alkateak «gaur egun bizi dugun euskararen aurkako oldarraldian».
Zenbait herritarrek, Joxean eta Jexux Artze anaiak eta Felix Aizpurua tarteko, antolatu zuten omenaldia. Garai zailetan, frankismo betean, zentsurari eta errepresioari aurre egin zieten herritarren lan eskerga ere balioan jarri du alkateak, haien artean Artze anaiak eta Aizpurua aipatuz. «Txalotzekoa da Udalak zein herritarrek urte gogorretan euskal artea, euskara eta orohar euskal kulturaren alde egin zuten apustua. Hortik ulertzen da gaur egungo Usurbil», esan du asteazken honetan egindako prentsaurrekoan.
Ez Dok Amairu mugimenduak herrian utzitako arrastoa ere aipatu du. Herriko bi seme, Artze anaiak, mugimendu horren parte izan ziren. «Eta partaide gehiagok ere bere arrastoa utzi zuten Usurbilen, Mikel Laboak eta Remigio Mendiburuk kasu. Artea ez ezik, historia ere gordetzen dute gure herriko kale eta txokoek, eta hori guztia balioan jarri eta gaur egunera ekarri nahi dugu».
Sei hamarkada geroago, ‘Euskararen eta Artearen Usurbil. Rikardo Arregiren oihartzuna 60 urte geroago’ ekitaldia hartuko du herriak. Maiatzaren 15ean ‘Oteiza 14 apostolu’ Oskar Alegria zinemagilearen azken lana emango da. Alegria bera Usurbilen izango da Jaione Apalategi Jorge Oteiza Fundazioko patronatuko presidentearekin, eta haiekin solasaldia izango da, emanaldiaren ostean. Alegriak artearen eta kulturaren arloko 14 pertsonaren testigantza bildu du, «Oteizaren ideien inguruko friso kolektibo bat osatzeko», besteak beste, Maialen Lujanbio, Bernardo Atxaga, Richard Deacon, Jaione Apalategi, Kepa Akixo eta Esther Ferrer. Oteiza, hain justu, Udarregiren omenaldi hartan izan zen, eta urte horretan bertan sortu zen Gaur taldeko kidea izan zen.
Bigarren egunean, maiatzaren 22an, egingo den ekitaldiak hiru zati izango ditu. Batetik, Rikardo Arregiri buruz Ainara Mendiolak zuzendutako ‘Zutik’ (2019) filma emango da, Sutegiko auditoriumean.
Saioa zuzenean eskainiko du NAIZ Irratiak eta ekitaldien artean Ion Telleria NAIZ Irratiko kideak gidatuko duen solasaldia aipa daiteke. Mendiolak berak, Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko dekanoak eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak parte hartuko dute.
Mendibururen eskulturan amaituko da ekitaldia, Jakoba Errekondoren azalpenekin eta Maialen Lujanbioren bertsoekin; azken asteotan ezagutarazi du Lujanbiok ‘Soinu ak zeinu ak soinu’ erakusketa, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Udarregiren idazteko modua du ardatz. Alfabetatugabea zen eta alfabeto propioa sortu zuen. Baserriko paretean marren bidez bertsoak apuntatu. Tarteka udal idazkariari kantatu eta idatzi hark.
Juan Jose Alkain Iruretagoiena ‘Udarregi’ (1829, Aia -1895, Usurbil) Uztaetaburu baserrian jaio zen. Bera oso gazte zela familia Usurbilgo Udaberri baserrira aldatu zen bizitzera. Handik hartu zuen bertso plazetan garai hartan ezagun egin zuen izena. Ondoren Artikula-Aundi baserrira joan ziren.
Sarrerak eta gonbidapenak 650 Usurbil Bizi egitasmoaren webgunean eskuratu beharko dituzte interesatuek.
650 Usurbil Bizi
Usurbilen euren neurrira egindako turismo eredua sustatzen ari dira. Ohiko turismo eredutik aldendu nahi du 650 Usurbil Bizi proiektuak. Herriaren identitatea, baloreak eta ondarea –materiala zein inmateriala– ditu habe. Horren baitan 1966ko omenaldia eta Arregiren hitzaldia gogora ekarri nahi dituzte 60 urte joan direnean.
«Lau urte dira 650 Usurbil Bizi proiektua abian jarri genuela. Osatzen goaz pixkanaka. Eragilea ez da agentzia bat, herritarrak dira motorra», nabarmendu du Agurtzane Solabarrieta alkateak.
«Usurbil ezugarritzen duen oro bisitariei ezagutarazi nahi diegu. Izan ere, Usurbil asko daude. Denera hamalau Usurbil identifikatu genituen proiektuaren hastapenean eta modu ezberdinetan erakusten ari gara», gogoratu du.
Bisita gidatuak dira egitasmoaren ardatzetako bat, eragileek egindako elkarlanari esker. Artea eta euskal kulturarekin batera, beste hainbat jorratutako alorrak.
«Transmisioa du helburu programak, izan ginenaren berri eman nahi diegu belaunaldi berriei», adierazi du Solabarrietak. Testuinguru honetan kokatzen da maiatzaren 22ko ekitaldia.
Gaurko prentsaurrekoan parte hartu dute 650 Usurbil Bizi proiektuaren koordinatzaile Ines Azpiazuk eta Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak.

Agentes encañonan a un joven y amenazan a una testigo en la Kutxi: «Deja de tocar los cojones»

Pandas de Euskal Herria

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

«Tras 50 años, en Montejurra sigue vigente la impunidad»

