Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Alexandr Morozek Manasluko igoera bakarra egin du; gainera, estilo arinean

Katmandutik irten eta hamabost egunera, alpinista ukrainarrak arrakasta hori lortu zuen. Eskalada osoan ez zuen oxigeno gehigarririk eta soka finkorik erabili. Hortaz gain, mendiko langileen laguntza saihestu zuen. Mark Ablovacky errusiarrak hirugarren kanpalekuan atzera egin zuen.

Alexandr Moroz ukrainarrak Manasluko igoera bakarra erdietsi du.
Alexandr Moroz ukrainarrak Manasluko igoera bakarra erdietsi du. (Moroz/Ablovacky)

Inolako zalantzarik gabe, Himalaiako udaberriko denboraldiak, momentuz, ez ohiko berri bat eman du. Bederen, alpinismoaren ikuspuntutik oso azpimarragarria izan da. Azken urteotan espedizio komertzialek Nepalgo zortzimilakoetan indarrean jarri duten joera erabat irauli egin du aipatuko dugun jarduerak.

Gogoratu behar dugu herrialde horretako mendi garai horietan jendetza pilatu dela. Baina bada bat erabat bakarti egon dena: Manaslu (8.163 m). Oro har, montzoi osteko edo udazkeneko denboraldiak kondizio egokiagoak eskaintzen ditu, eta horregatik Manasluk ez du bisitarik jasotzen udaberrian. Aurten, berriz, bi alpinistena izan ditu; banatu diren baimen bakarrak izan dira. Hots, Alexandr Moroz ukrainarrarena eta Mark Ablovacky errusiarrarena. Ez ohiko bisita izan da, baita inork gutxik espero zuen igoera ere. Morozek sasoi honetako tontor bakarra erdietsi du. Ablovackyk, aldiz, hirugarren kanpalekutik pixka bat gorago agur esan zion igoerari.

Alpinista ukrainarraren igoerak garrantzi handia du, baina benetako azpimarra jarri behar zaio erabili duen estiloari. Izan ere, Morozek eta bere espediziokideak eskalada autonomoa eta erabat garbia egin zuten. Hau da, ez zuten oxigeno gehigarririk eta soka finkorik erabili, eta ez zuten mendiko langileen laguntzarik izan. Hori gutxi ez, eta ohiko kanpaleku nagusitik kilometro batzuetara dagoen Samagaon herrixkan aterpe hartu zuten. Horrek, jakina, mendian errotazioak egiteko «oztopo» izan zen. Estilo oso arina izateaz gain, alpinistok sasoi zein eraginkortasun ikaragarria erakutsi zuten. Katmandutik irten eta bi astera Moroz Manasluko gailurrean zen.

Bi protagonistok ez dira mediatikoak, baina sasoi zein teknika bikaina erakutsi dute. Udazkenean ez bezala, joan den apirilean ibilbide klasikoa askoz ere gogorragoa aurkitu zuten. Alpinistok diote mendiak dituen aldats asko lehor zeudela eta tarte batzuetan izotz gogorrarekin egin zutela topo.

Horrekin batera, tontorretik gertu, elur gutxi zegoenez, sekzio teknikoak gainditu behar izan zituzten. Ez omen ziren teknikoki oso gogorrak, baina, 7.500 metrora zegoenez, nahiko zorrotzak. Morozek berak esan du zati horretan zeuden soka finko zahar batzuetara lotu zela. Igoera osoan jasotako «laguntza» bakarra izan zen.

Moroz, bakarrik

Ablovacky eta Moroz indartsu iritsi ziren Manaslura. Girora egokitzeko fasearekin hasi ziren, baina, klima ezegonkorra zenez, zortzimilakoan errotazio bakarra egin zuten 6.100 metrora arte. Gainera, bero egin zien, eta elur sakona eta elur-jausiak saihesteko tenperatura hotzaren zain egon ziren.

Ez zuten itxaropen handirik ekinaldi on bat egiteko, baina, zorionez, leiho on txiki bat iragarri zieten. Samagaonen bertan bizkar-zaku astunak prestatu eta apirilaren 24an martxan jarri ziren. Estilo alpinoa zen irtenbide bakarra, eta ondo asmatu zuten erabakiarekin. Hiru egun beranduago, hirugarren kanpalekura (6.800 m) iritsi ziren. Haizearen indarrarengatik (40 kilometro orduko) ez zen igoera samurra izan. Kanpaleku horretan atseden hartu ondoren, biharamunean tontorrera abiatu ziren. Alabaina, irten bezain laster, Ablovackyk atzera egitea erabaki zuen balizko izozteak saihesteko. Morozek, aldiz, bere helburuarekin jarraitu zuen. Hori bai, konpromiso handiarekin. 7.450 metrora zela, gelditu eta dendarik gabe ordu batzuk atseden hartzen igaro zituen. Gauerdian, berriz, igoerarekin jarraitu eta goizeko 8etarako zortzimilakoaren tontorrean zegoen.

Alpinistok azken egun horretan eguraldia lagun izan zuten, baina jaitsierarekin hasi bezain pronto txarrera egin zuen. Ekaitzak harrapatu eta 60 zentimetroko elur geruza pilatu zuen. Protagonistok diote jaitsiera oso arriskutsua izan zela eta elur-jausien arriskuarekin oso arduratuta egon zirela. Egoera hori ondo kudeatu zuten, eta Samagaon herrixkara onik iritsi ziren.