Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

‘Basoan’, Larraitz Ugartemendia eta Josette Dacostaren arteko sinbiosia

‘Basoan’. Hala du izena astelehen honetan Gasteizko ARTgia aretoan Larraitz Ugartemendiak eta Josette Dacostak aurkeztutako erakusketak. Belaunaldi ezberdinetako bi emakumeen arteko «sinbiosiari» esker egindako lana. 

Larraitz Ugartemendia eta Josette Dacosta Gasteizko ARTgia aretoan.
Larraitz Ugartemendia eta Josette Dacosta Gasteizko ARTgia aretoan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Larraitz Ugartemendiak eta Josette Dacostak ‘Basoan’ izeneko erakusketa aurkeztu dute astelehen honetan Gasteizko ARTgia aretoan. Lehenak 43 urte ditu, eta Hego Euskal Herrian bizi da. Bigarrenak, aldiz, 83 urte ditu, eta Ipar Euskal Herrian du bizitokia. Bi emakume, belaunaldi ezberdinetakoak, arteari esker bat egin dutenak. 

Komunikabideen aurrean egindako agerraldian Ugartemendiak azaldu duenez, proiektua Donibane Garazin sortu zen, 2025ean elkar ezagutu zirenean ‘Lupa’ erakusketa ibiltariari esker. «Konturatu ginen gure lanek elkarrizketa bat sortzen dutela, eta indar handia hartzen dutela», adierazi du.

Harrezkero, adostu zuten elkarrekin erakusketa bat antolatzea eta obra bat egitea bien artean, basoan bertan. «Josettek eta nik ez dugu hitza hainbeste erabiltzen, arteak sortutako elkarrizketa bat izan da, keinu eta begiradekin», gaineratu du Ugartemendiak, bien arteko «sinbiosia» nabarmenduz.
 
«Gozatu dugu eta hori da garrantzitsuena», dio Dacostak, Izuratik gertu diren basoetan lan egin duenak. Ugartemendiak, aldiz, margotu ditu Oiartzunetik hurbil diren basoak. «Ipar Euskal Herria eta Hego Euskal Herria batu nahi genituen, eta gainera aurkeztu dugu Gasteizen».

Irantzu Lekue eta Alba Tojo dira erakusketaren komisarioak. Datorren ostiralean zabalduko da, eta ekainaren 27ra arte izango da ikusgai. Aretoa asteburuetan irekiko da, larunbat arratsaldeetan, 17.00etatik 20.00etara, eta igandeetan goizez, 11.00etatik 13.00etara.

Etorkizunari begira hitz egin beharko dute erabakitzeko zer egin edo non erakutsi egindako margolanak. Eta Ugartemendiak aitortu duenez, «baliteke gauza gehiago egitea» elkarrekin. Izan ere, beraiek ez dute halako oihartzuna espero. «Nork daki...».

Larraitz Ugartemendia arte irakaslea da eta Oiartzunen bizi da, baserri-dorre zahar batean. Erakusketaren arduradunek azpimarratu dutenez, «basoko zuhaitzen argia eta koloreak bere inspirazio iturriak dira», eta kolore biziak erabiltzen ditu argiaren efektua islatzeko.

Dacostak haurrekin egindako hezkuntza-lanari esker aurkitu zuen margolaritzarako bokazioa. Kolore distiratsuak erabiltzen ditu, pintzelada arinekin, lan abstraktuak sortzeko.