Ion Salgado
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

‘Emakume zu ere suhiltzaile’, estereotipoak eta rolak gainditzeko campusa

Uztailaren 3an hasiko da Iruña Okan ‘Emakume zu ere suhiltzaile’ campusa. Helburua da suteen itzaltzearen eta salbamenduaren mundua emakumeengana hurbiltzea, eta aldi berean lanbidearen inguruan dauden estereotipo, rolak eta sinesmenak gainditzea. Izen ematea ekainaren 7ra arte dago zabalik.

Praktikak eta maniobrak egiteko aukera izango dute.
Praktikak eta maniobrak egiteko aukera izango dute. (ANTOLATZAILEEK BIDALITAKO ARGAZKIA)

2017an Arabako foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuan bi emakume besterik ez ziren. Gainerako guztiak, 108 hain zuzen ere, gizonak ziren. Bederatzi urte geroago, emakume bat baino ez dago Arabako zerbitzuan, eta Gasteizen zazpi. Nafarroan ere egoera kezkagarria da, izan ere, 510 suhiltzaileen artean zazpi emakume daude, ez besterik.

Egoera honi aurre egiteko duela bi urte jarri zen martxan ‘Emakume zu ere suhiltzaile’ campusa, Arabako Foru Suhiltzaileen Erakunde Autonomoak eta Sutaur Emakume Suhiltzaileen Elkarteak antolatuta. Uztailaren 3an hasiko da hirugarren edizioa Iruña Okako suhiltzaile parke zentralean eta izen ematea ekainaren 7ra arte dago zabalik.

Antolatzaileek ohar batean azaldu dutenez, «campusaren helburua suteen prebentzio eta itzaltzearen eta salbamenduaren mundua emakumeengana hurbiltzea izango da, eta aldi berean lanbidearen inguruan dauden estereotipoak berrikustea eta genero, estereotipo eta rolak eta sinesmenak gainditzea».

Argia Langarika Sutaur elkarteko kideak NAIZi adierazi dioenez, lehenengo edizioa 14 eta 18 urte bitarteko emakume gazteei zuzenduta zegoen, eta, «oso ondo» atera arren, antolatzaileek ikusi zuten lan mundua «oso urruti» geratzen zitzaiela. Horregatik, bigarren edizioa 18 eta 25 urte bitarteko emakumeei begira egin zuten, eta aurten adin tartea 30 urte dutenen arte zabaldu dute. Campusari esker suhiltzaileen lana nolako den ezagut dezakete emakumeek, eta larrialdiei aurre egiteko gaitasunik duten probatu ere bai.

Izan ere, oraindik suhiltzaileen irudia gizona izatearekin lotzen da askotan, eta egoera horri buelta eman nahi diote Sutaur elkarteko kideek. Langarikaren esanetan, erreferenteen falta arazo bat izan da, oztopo bat bilakatu baia emakumeak suhiltzaileak izateko.

«Gainera arriskuekin erlazionatutako lanbideak gizonezkoekin lotzen dira, eta ideia hori apurtzea zaila da», gaineratu du, lanera sartzerakoan emakumeak gizonek osatutako giro batean mugitu behar direla ohartaraziz. «Muga ugari apurtu behar dituzte emakumeek suhiltzaile izateko», laburbildu du, bere kasua azaldu aurretik.

Langarikak Nafarroako Gobernuko Suhiltzaileen Zerbitzuan lan egiten du. Baina aurretik irakaslea izan zen unibertsitatean. «Tesia eta doktoregoa egin nituen. Barruan suhiltzailea izateko gogoa nuen beti, baina ez nuen erreferenterik. Gainera froga fisikoak eta baremoak berdinak ziren emakume eta gizonezkoentzat, eta hori aldatu arte beste lanbide batean egon nintzen. Azkenean konturatu nintzen hori egin nahi nuela eta aurreranzko pausoa eman nuen».

Argia Langarika: «Campusean parte hartu duten emakume batzuk hunkituta hurbiltzen dira, kriston zalantzak zituztelako, ez zutelako beren burua ikusten horretan»

Bere kasuan, bere familiaren babesa zuen, eta hori garrantzitsua da suhiltzaile izateko, zaila delako ikastea eta oposizioak prestatzea lanean zauden bitartean. «Ikasteko, lana tzi behar duzu, egin beharreko apustua oso handia da. Eta zalantza asko izanez gero edo mugak izanez gero...», gehitu du.

Emakumeentzat zailagoa dela azpimarratu du. «Etxean laguntzarik ez baduzu, ez baduzu inor ikusten zu bezalakoa, emakume bat postu horretan, eta gainera gizarteak esaten badizu emakumeek horretarako ez dutela balio horretarako gaitasunik ez dutelako… askoz zailagoa egiten zaizu».

Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. (ANTOLATZAILEEK BIDALITAKO ARGAZKIA)

Maniobrak eta entrenamendua

Campusari dagokionez, hiru egunetan zehar hainbat jarduera egingo dira, hala nola suteak itzaltzeko maniobrak, istripua izan duten pertsonei osasun-arreta ematea, entrenamendu fisikoak, dinamikak, talde-jokoak, eta genero-estereotipoei buruzko gogoetak. Jarduerak hainbat zerbitzuetako emakume suhiltzaile profesionalek, Osakidetzako osasun-langileek, gizarte-hezitzaileek eta entrenatzaileek prestatu eta egingo dituzte. 

30 plazatara mugatuta egongo da, eta arabarrek lehentasuna izango dute Arabako foru Aldundiak diruztatzen duelako. Dena den, Langarikak dioenez, iaz arabarrak ez ziren emakumeek ere parte hartu zuten. Beharrezkoa izanez gero, plazak zozketa bidez esleituko dira, eta ez du inolako kosturik izango parte-hartzaileentzat.

Eta emaitzak onak dira. «Campusean parte hartu duten emakume batzuk hunkituta hurbiltzen dira, kriston zalantzak zituztelako, ez zutelako beren burua ikusten horretan. Baina behin praktikak eta maniobrak eginda, suhiltzale bezala lanean aritzeko gai direla ikusi zuten. Eta gu emakume eta suhiltzaile garela ikusteak ere indarra ematen die aurrera egiteko. Oposizioa egitea oso gogorra da, baina askatasun osoz erabakitzea da ideia, gizarteak ezarritako mugak gainditzea».