
150 pertsona inguru bildu dira larunbat eguerdian Iruñeko Burgoen plazan. Haietako askok soinean kolektiboen ikurrak, petoak edo banderak zeramatzaten eta Irurtzungo Iskidi taldeko izaki mitologikoek dolmena eraman dute, irudi koloretsua emanez. Plazako eskaileretan kokatu ostean, Hutsun txalaparta taldearen ttakunekin ekitaldiari hasiera eman diote.
Gorka Ovejerok eta Bea Aranak hitza hartu dute. Euskaraz eta gazteleraz, gogoratu dute iaz «enpresa eliteek AHTaren aldeko plataforma sortu» zutela Nafarroako eta espainiar Estatuko gobernuei presioa egiteko. Honen aurrean, AHTaren aurkako taldeek beharrezkoa ikusi zuten jendartearen eragile desberdinek «gure hitza ere altxatzea». Eta gaurkoan, 264 eragileren atxikimendua duen manifestua aurkeztu dute.
Hitzartzea amaituta, eta manifestua irakurri baino lehen, Barañaingo Bertso Eskolako Mintxo Astizek bertso bat bota du. «Ez dugu maite abiaduran,/ nahiago dugu pausotan./ Zertarako AHTa?/ Odola dugu borborka./ Zergatik hainbeste eraso/ gure amalurraren kontra?/ Kapitalak du errua./ Gelditzea, gure erronka./ Segi dezagun oihuka,/ eta naturak, orroka./ Beste biderik ez dugu:/ Lurraren alde borroka./ Beste biderik ez dugu:/ Lurraren alde borroka».
Manifestuaren irakurketa
Ondoren, Etxaldeko Gotzone Sestorainek eta Ekologistak martxan taldeko Iosune Ruizek manifestua euskaraz eta gazteleraz irakurri dute. Sinatzaileek AHTaren aldeko lobbyaren sorrera salatzen dute, AHTa gaitzesten dute eta konpromisoa adierazten dute «borrokatzeko proiektu honek Nafarroan aurrera egin ez dezan». Arrazoiak azaltzen dituzte eta exijitzen dute «AHTaren lanen erabateko gelditzea eta kaltetutako lurraldeak lehengora itzultzea», garraio ereduari buruzko eztabaida parte hartzailea zabaltzea, merkantzien trafikoa murriztea eta egungo trenbide sarearen hobekuntza.
Manifestua irakurrita, ekitaldirako berriz elkartu den Afu taldeak abesti bat jo du eta, ondoren, Fanfanxar fanfarrearen txanda izan da. Eta AHTaren kontrako borrokarako konpromisoa berresteko deiarekin, ekitaldi amaieran auzateari ekin diote.

Los nacionalistas somos todos unos desubicados

Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarri ozena hainbat hiri eta herritan

El periodista Fonsi Loaiza, agredido en Cádiz, denuncia el «uso del terror fascista»

Todo el valle, consternado por las tres muertes de Erronkari «en un cúmulo de mala suerte»

