
Joan den udaberrian, alpinista eta mendi eskiko espezialista batzuk gogor estutzen ikusi genituen Mont Blancen (4.806 m). Batzuk-batzuk abiadura errekorrekin egin ziren. Eta guztiek ala guztiek FKT edo ezagutzen den denbora azkarrena taulen edo eskien gainean lortu zituzten.
Udararen atarian, berriz, azken krono handia edo errekorra heldu zaigu. Iris Pessey izan da protagonista. Nahiz eta mendizalea ere baden, frantziarrak trail runningeko lasterketetan ibilbide oparoa du. Joan den 18an, lehia alde batera utzi eta Mont Blanceko FKT berriaren bila irten zen. Apustua bikain atera zitzaion; izan ere, bi errekor berrirekin egin zen.
Igoerarekin (oinez eta korrika) lotura du lehenbizikoak. Chamonixeko elizatik abiatu eta Mont Blanceko tontorra zapaltzeko soilik 5 ordu eta 2 minutu behar izan zituen. Nesken artean krono azkarrena sinatu du. Baina Pesseyk beste ukitu bat eman nahi zion jarduera horri. Tontorrean zela parapentearen hegala zabaldu, hegan egin eta 32 minutu beranduago Chamonixen zegoen. Joan-etorri berri horretan 5 ordu eta 34 minutuko denbora ezarri du. Disziplina guztiak kontuan hartzen baditugu, frantziarra beste errekor batekin egin da.
Kirolari honek adierazi du Chamonixera itzuli zenean ez zuela ezarritako denbora berrian pentsatu: «Batez ere, proiektu hau eraikitzen lagundu zidaten guztiekiko poza eta esker ona sentitu nituen. Izan ere, azken finean, abentura hau ez da inoiz banakako istorio bat izan: beti izan da partekatutako abentura bat».
Eztabaida
Nahiz eta Pesseyk errekor bikoitza erdietsi duen, Mont Blanceko FKT jardueren inguruan ez dago erabateko adostasunik. Oinez, eskiekin, parapentearekin… Modalitate guztiak zaku berean sartu al daitezke? Errekor batek beste batzuek ezarritako denborekin alderatzean bakarrik du zentzua. Baina beti zaila da zehaztasunarekin ebaluatzea.
Adibidez, 2023an, Hillary Gerardi 5 ordu eta 12 minutu behar izan zituen Mont Blanceko igoera biribildu eta emakumezkoen errekorra ezartzeko. Hots, Pesseyk baino hamar minutu gehiago. Baina estatubatuarra beste era batera kudeatu behar izan zuen igoera hori; izan ere, jaitsiera oinez-korrika egin zuen. Pesseyk, berriz, hegan egiten. Irakurtzen den bezala bi ikuspegi ezberdin dira.
Agian, korrikalari frantziararen bi errekor berriek ateak zabaltzen dizkiete kontzeptuan bat egiten ez duten beste modalitate batzuei. Beste era batera esanda, disziplina guztien erreferentziari buruz ari gara. Egun, eskiko errekorra Matheo Jacquemoud eta Samuel Equyk dute gizonezkoetan: 4 ordu eta 41 minutu. Nesketan, berriz, Lorna Bonnelek: 6 ordu eta 52 minutu. Oinez eta korrika azkarrena Kilian Jornet dugu 4 ordu eta 5 minutuko denborarekin, eta emakumezko azkarrena Hillary Gerardi 7 ordu eta 25 minutuko kronoarekin. Guztiak ala guztiak Chamonix-Mont Blanc-Chamonix joan-etorriarekin lotuta daude.
Ez dakiguna da disziplina guztiak kontuan hartuta, jarduera hori azkarrago egin daitekeen. Pesseyk oinez-korrika eta hegaldia lotu ditu. Bederen, zaila da imajinatzea, oraingoz, nola jaitsi Mont Blanc hegal batekin baino azkarrago.

Familias de Sestao presentan quejas por la visita de un campus infantil a la Guardia Civil

Terror en la curva de Estafeta y Telefónica con seis bólidos de Gibraltar

Guía básica para un poteo sanferminero sin sionismo

Un investigador vasco halla una traducción inédita de Tolkien en una biblioteca de Oxford

