NAIZ

Lekeitio, berriz ere arte eszeniko garaikideen topagune

Kaleka, Lekeitioko Kale Arteen Jaialdiak, 36. edizioa ospatuko du uztailaren 3tik 5era. Hiru egunez, kostaldeko herri honetako kaleak eta plazak arte eszeniko garaikideen topagune bihurtuko dira, antzerkia, zirkoa, dantza, instalazioak eta parte-hartze proposamenak uztartuz.

‘Wow!’ Cia Brubrock hitzik gabeko ikuskizun surrealista, clownean inspiratua.
‘Wow!’ Cia Brubrock hitzik gabeko ikuskizun surrealista, clownean inspiratua. (Jean Marc SCHNEIDER)

Ostiralean, uztailak 3, abiatuko den Kalekaren edizio berrian guztira hamar ikuskizun eta instalazio izango dira, Kanada, Estatu frantsesa, Italia, Brasil, Andaluzia, Katalunia eta Euskal Herritik etorritako konpainiekin. Parte hartuko duten konpainia eta artistak deialdi ireki baten bidez hautatu dira. Guztira, 177 proposamen inguru aurkeztu dira edizio honetarako.

Jaialdian izango dira honako konpainia eta sortzaileak: Berceurs du temps (Kanada), Circ Vermut eta Mumusic Circus (Katalunia), Desprovistos (Andaluzia), Haatik eta Bitsa Konpania (Euskal Herria), Bruboc (Italia), Quase Cia (Brasil), Compagnie Bivouac (Estatu frantsesa) eta Moveo (Katalunia).

Lau ildo nagusi

Jaialdiak lau ataletan banatuko du bere egitaraua. Programa ofizialak, esaterako, kalea sorkuntza artistikorako espazio eta euskarri gisa erabiltzen duten ikuskizun eta esku-hartzeak bilduko ditu.

Kaleka Scratch atalak sortze-prozesuan dauden lanak aurkeztuko ditu. Ikuskizunen erakustaldiez gain, artistek eta ikusleek elkarrekin hausnartzeko eta feedbacka partekatzeko espazioak sortuko dira, tailer eta topaketen bidez.

Kalekaz Blai ildoak urte osoan zehar herrian garatzen diren prozesu artistikoak eta parte-hartze ekintzak bilduko ditu, jaialdiaren presentzia hiru egunetatik harago zabalduz eta herritarrekin lotura iraunkorra eraikiz.

Eta Kalekari programak publikoaren eta sorkuntza artistikoaren arteko harremana aztertzeko eta indartzeko jarduerak proposatuko ditu. Aurten, Moveo konpainiaren ‘Ballar Sol És Un Pal’ ikuskizun parte-hartzailea izango da ekimen nagusietako bat, ikusleak sorkuntza-prozesuaren parte aktibo bihurtuz.

Kalekaz Blai programaren barruan, hainbat proiektu berezi garatuko dira aurten. Horien artean, Kanadako Berceurs du temps konpainiarekin elkarlanean egingo den ‘Artxibo Soinuduna’, herritarren ahots eta grabazioak bilduko dituen proiektua; Eneritz Artetxeren antzerki fisiko ikastaroa, urte osoan zehar garatutako prestakuntza-prozesuaren erakustaldiarekin; eta ‘Espazioa eta Argia / Objektu Argidunak’ egitasmoa, haur eta gazteekin egindako sorkuntza tailerren emaitzak herritar guztiekin partekatzeko.