Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Balakun mendiak estatubatuarren ekarpen berria jaso du

Sean McLanek eta Vitaly Musiyenkok Indiako Uttarakhand eskualdean dagoen seimilakoaren hego-mendebaldeko ertza lehen aldiz eskalatu dute. 'Kishmish' ibilbidea sortu dute estilo oso arinean: 2.300 metro eta M5-6 maila.

Hego-mendebaldeko ertza izan zen alpinistok aukeratutako bidea.
Hego-mendebaldeko ertza izan zen alpinistok aukeratutako bidea. (Sean MCLANE)

Joan den udaberrian, Indiako Himalaiak talde estatubatuar indartsu baten bisita jaso zuen. Sean McLane, Christian Black eta Vitaly Musiyenko dira alpinista zaildu horiek. Esku artean helburu oso erakargarria zuten: Chaukhamba III (6.974 m). Ia zazpimilako hori oso teknikoa da, eta estatubatuarrek bide berri bat zabaltzeko asmoarekin bidaiatu zuten. Baina klima txarrak asmo hori bertan behera uztera behartu zituen. 

Alpinistok aurreratu dute denbora luzea egin zutela oinarrizko kanpalekuan erabat blokeatuta. Elur asko egin zien. Leiho on baten zain zeudela, beste alternatiba batzuk aztertzen egon ziren. Etxera itzultzeko astebete falta zenean eta ekaitz ziklo berri bat iritsi aurretik, Uttarakhand eskualdean dagoen beste xede baten aldeko apustua egin zuten: Balakun (6.471 m). Oso denbora gutxi zutenez, oso ezezaguna den seimilako horretako hego-mendebaldeko ertza aukeratu zuten. Apustu handia zen, baina arrakastarekin amaitu zuten. Izan ere, Musiyenko eta McLane gai izan ziren ertz horren lehenbiziko igoera egiteko. 'Kishmish' bidea sortu zuten. Nortasun alpino handiko lerro luzea (2.300 m) da, eta oso nahasia den ertz sistema bat jarraitzen du. Arroka puskatuan (R/X) eta mistoan, gehienez, M5-6 maila gainditu zuten. Joan etorri guztia ia 40 ordukoa izan zen.

Aurreratu dugu ertz horren lehen igoera izan dela, baina estatubatuarrek diote agian Balakun mendiaren gailurrean lehenbizikoak izan direla: «Bertako eskalatzaileek hainbat txosten zalantzak jartzen dituzte. Aipatu zigutenez, mendiak duen eskaladaren historia ez dela oso argia. Antza denez, gure agerraldiaren aurretik igoera bat jaso zuen, baina ezin izan dute guztiz baieztatu. Hortaz, seimilakoaren tontor horretan agian lehenbizikoak izan gara. Alabaina, berdin dio; kontua da hego-mendebaldeko ertz horretan igoera zorrotz bat egin genuela eta oso pozik gaudela bizitako eskarmentuarekin».

McLanek onartu du Balakunen eginiko jarduerak asko eskatu ziela: «Etxera itzuli aurretik egun batzuk baino ez genituen. Horregatik etengabeko eskalada bati ekin genion. 'Kishmish' izena jarri diogu ertz horretan eginiko lanari. Hindi hizkuntza mahaspasa esan nahi du. 40 ordu lorik egin gabe egon eta gero, zimel-zimel amaitu genuen! Su txikiaren gasa oso izoztuta zegoenez, hiru ordu behar izan genituen litro erdi bat ur lortzeko. Egoera berezia bizi izan nuen. Une jakin batean hizketaldiak entzuten hasi nintzen. Eta nire ondoan ez zegoen inor. Jaitsieran, adibidez, arreta handitu behar izan nuen harkaitz handiak ez botatzeko. Irteerako korridorera heldu nintzenean, lasaitu ederra hartu nuen. Erabat deshidratatuta nengoen». 

Musiyenko eta McLanek Balakun mendian eskalada oso zorrotza egin dute. (Sean MCLANE)

Aurreratu dugun bezala, hiruko estatubatuarrak beste plan bat zuen. 4.421 metrora kanpaleku nagusia antolatu eta zain egon ziren. A planarentzat bost egun aurreikusi zituzten; B planarentzat, berriz, hiru. C plana zen egingarriena; izan ere, aurreikusitako leihoa 36 ordukoa zen. Helburu handia zuten aurrean, eta taldeak indarrean jarritako estrategia nahiko 'arriskutsua' zen. Oso-oso arin joan ziren. Egun batzuetako eskalada batentzat ez zuten ohiko tresneria eraman: «Oso soila izan zen estrategia. Abiadurari eman genion lehentasuna. Mendiaren goi aldean denda, lo-zakua eta su txiki bana utzi genituen; badaezpadako neurria izan zen. Autosufizientzia ez zen aukera bat».

Oso zorrotza 

Maiatzaren 27an, hirukotea martxan jarri zen. Balakun mendian igo gabe hego-mendebaldeko ertza zain zuten. Alpinistok esan dute asmo handiko xedea zela. Eta, azkenean, aurreikuspenak bete egin ziren. Estatubatuarrok oso luzea den ibilbide teknikoa eskalatu zuten ekinaldi batean eta bibaka egin gabe: «Egun eta erdiko eguraldi ona iragarri ziguten, eta aukera hori ez genuen galdu nahi izan. Bagenekien oso zaila izango zela, baina onartu behar dugu jarduera horrek gure espektatibak gainditu zituela».

Lehenbiziko 900 metroak elurretan egin zituzten soka gerrira lotu gabe. Sekzio hori ez zen zaila (4-5 mailakoa), eta jarraian jaitsierarako oso egokia izan zen korridore batean sartu ziren. Une jakin horretan Blackek erretiratzea erabaki zuen. Ez zegoen ondo eta eroso jarraitzeko, batez ere ikusita oraindik bide luzea zutela ezezaguna zen eremu arriskutsu batean. 

McLanek adierazi du kidearen erabakia onartu eta Musiyenkorekin batera aurrera jarraitu zuela: «Christianek esan zigun ezaugarri nahasiak zituen eskalada hori ez zuela egin nahi. Oso ondo ezagutzen dut, eta agurtu ondoren Vitaly eta biok eremu misto batean sartu ginen. Oso solte eta puskatua zegoen arroka. Konpromisoa zein arriskua oso handia zen. Soka gerrira lotu eta arreta handiarekin aurrera jarraitu genuen. 1.200 metro horiek aldi berean eskalatzeko erabakia hartu genuen. Teknikoi tarte zailenetan sokaburua aseguratzeko nanotraxion batzuk erabili genituen. Harlauzen gainean elur-hautsa, izotz gogorra… Ohiko ezaugarri alpinoak zituen. Goi-ordokira heldu ginenean iparraldeko haizeak gogor astindu zigun».

Estatubatuarrok ia 40 orduko etengabeko jarduera sinatu dute. (Sean MCLANE)

Kanpaleku nagusia eta tontorra lotzeko 2.300 metroko eskalada izan zen. Ertz horrek asko eskatu zien, aurreikusitakoa baino zorrotzagoa izan omen zen. Zailtasun teknikoei dagokienez, M5 edo M6 mailako tarteak gainditu zituzten. Arrokan sekzio asko V mailakoak izan ziren, eta mistoa oso tentea zein arriskutsua (R/X). Babesteko ia leku egokirik ez zuten aurkitu. Egoera horretan balizko erorikoak ez ziren gidoian sartzen. Harkaitzaren kalitateari dagokionez, asko aldatzen zen. Une jakin batzuetan kalitate handikoa zen, baina, gehienetan, oso puskatua.

Ilunabarrean, 18 orduko eskaladaren ondoren, bikoteak gailurra zapaldu zuen. Giro ez zen batere atsegina: haizete gogorrak. Selfie batzuk atera eta denbora galdu gabe jaitsierarekin hasi ziren. Klima gaizto horrekin eta rappelatzeko tresneria gutxirekin, zalantzak sortu ziren. Alpinistok onartu dute jaitsiera igoera bezain gogorra izan zela. «Aingura gutxi batzuk baino ez genituen. Horregatik abalakovak antolatu eta rappel batzuk egin genituen. Ilunpetan geunden. Atsedena bat hartu, ur pixka bat urtu eta aurrera jarraitu genuen. Igoerak asko eskatu zigunez, oso-oso nekatuta geunden, eta jaitsierako erronka biderkatu zen. Une jakin batzuetan haluzinazioak izan genituen. Eta hori normala da erabat akituta eta deshidratatuta geundelako. Horregatik guztiagatik erritmoa mantso genuen eta arreta handiz sekzio teknikoei iskin egin genien. Zorionez, oinarrizko kanpalekura onik iritsi ginen ia 40 orduko etengabeko jarduera egin eta gero. Sortutako ibilbideak ia gure mugeta eraman zigun. Eskarmentu hauek oso arraroak dira. Gai garenaren inguruan ilusioa kentzen dizu, eta horren ordez oso preziatua den beste eite bat eskaintzen dizu. Ez dugu uste irakaspen guztiak ulertzeko gai garen, baina egoera horiek gustuko ditugu».