XX. mendeko andreak, itzaletik plazara
UEUk antolatuta, «XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia» jardunaldia egin dute Eibarren. Bertan, hainbat emakumez aritu dira, uste askoan ezkutuan egondako izen propioei dagokien espazio publikoa itzultzeko, memoria feministako ariketa kolektiboa eginda.

XX. mendean euskal emakumeek egindako ekarpena itzaletik argitara ekarri dute hainbat adituk eta arituk UEUk antolatutako “XX. mendeko euskal plazandreak: etendako loraldia” jardunaldietan. Bigarren egunean egindako saio ugaritan, matxismoak lapurtutako espazioa bueltatu zieten zenbait andrazkori.
Emakume Abertzaleen Batza eta emakumeen hezkuntza izan zituzten hizpide Karmele Perez, Gurutze Ezkurdia eta Begoña Bilbao EHUko irakasleek. Hirukoteak 1992tik darama elkarlanean eta hainbat gai aztertu dituzte ibilbide luzean.
Eibarren egindako saioan azaldu zutenez, XIX. eta XX. mendeak aldaketa sakonen garaiak izan ziren. Emakume Abertzaleen Batza 1922ko maiatzaren 7an sortu zen, ehun militante bilduta. Karmele Errazti izan zuen buru, lehenengo, 1933an, eta, gero, Teresa Azkuek hartu zion lekukoa. Hego Euskal Herrian garatu zen mugimendu horretaz gainera, Ipar Euskal Herrian 1934an Begiraleak mugimenduaren bueltan antolatu ziren Donibane Lohizunen.
Emakumeek ikasteko zituzten aukerak ere jorratu zituzten. Azaldu zutenez, 1918an Oñatin egin zen kongresuan emakumea hezkuntzaren hartzaile ez ezik, emaile izatera ere igaro zen. Alava Sarea ere izan zuten hizketagai eta bertan Teresa Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxebarria eta Itziar Mujika espioiek egindako ekarpena goraipatu zuten.
Bi gogoetarekin amaitu zuten saioa Perezek, Ezkurdiak eta Bilbaok. Lehena, «EABko militanteen ekarpen pertsonala, kolektiboa, soziala eta politikoa ezagutu beharreko ekarpen historikoa» dela, «ezinbestekoa gaur egungo feminismoarentzat, ikuspegi nazionala eta soziala elkar lotuz utzi ziguten ereduari jarraikiz garelako gaur garen emakume eta abertzaleak».
Bigarren hausnarketan, azaldu zuten, «historiak eraiki duen diskurtso mugatua baztertzailea izan delako», memoria kolektiborako berreskuratu nahi izan dituztela «aberriaren aldeko lan neurtezina egin zuten emakume aurrelari horien memoria, identitatea eta abertzaletasuna».
Etxe-ikastoletako andereñoak izan ziren bigarren saioko protagonistak, eta Amale Arzelus bereziki, haren seme Jonan Zinkunegi ikertzaileak prestatutako bideoaren bidez. Ikus-entzunezkoak Arzelusen biografia kontatu zuen, azpimarra eginez lehen maistra horiek egin behar izan zuten lan nekaezinean. Gero, Xabier Altzibar EHUko irakasle izandakoa XX. mendeko emakume idazle eta kazetarien gainean jardun zen.
Perpetua Sagueta, idazlea
Altzibarren hitzaldiaren ostean, Ana Morales itzultzailearen txanda izan zen. Perpetua Saraguetaz aritu zen. Azaldu zuen 1905ean jaio zela Mezkiritzen eta Iruñean zendu 1986an. Baserritar familia batean jaio zen, eta langilea, etxekoandrea eta ama ez ezik, idazlea ere izan zen.
Eskolara sei urte zituenetik hamar urte bete arte baino ez zen joan. Aitak istripua izan eta hamar urterekin lanean hasi behar izan zuen, besteak beste, ikatza egiten eta amari baratzean laguntzen. Josten eta bordatzen ere ikasi zuen.
Hogei bat urterekin Iruñera joan zen Saragueta, zerbitzari. Familia euskalduna zen eta liburutegi oso ona zutenez, bertan izan zuen nahi adina irakurtzeko abagunea. 24 urte zituenean izeko alargundu berriari laguntzera joan zen Arizkunera, tabernara. Gainera, josten ere aritzen zen.
Han bizi zela hil zitzaion amatxi eta obituario bat idatzi zuen haren oroimenez. Egunkarira eraman zuen testua eta, bertan, kolaboratzea eskaini zioten. “El Pensamiento Navarro”, “La Voz de Navarra”, “Argia” eta “Eskualduna” agerkarietara bidaltzen zituen testuak.
26 urterekin Trinidad Urtasun okin eta bertsolariarekin ezkondu zen eta sei alaba izan zituzten.
Sorkuntza lanarekin zerikusirik ez badu ere, Moralesek azpimarratu nahi izan zuen 1935ean gidabaimena atera zuela, Nafarroan horrelakorik egin zuen bigarren emakumea izan baitzen.
1936an faxistek senarra jipoitu zuten eta ordutik ez zen lanerako gai izan. Horregatik, Saragueta joskintzan hasi zen eta orduan utzi zion idazteari. Ez zen zahartzarora arte zeregin horretara itzuli.
Gertaera horrek banantzen ditu bi aro. Lehena, 1929tik 1936ra bitartekoa, zeinean berriemaile aritu baitzen, hainbat ezizenekin, publiko zabalarentzat. Aldiz, 1976tik 1989ra idatzi zituen bi koaderno handiak -“Neure Oroimenak” autobiografia eta “Indar handiko emakumeak” ohar biografikoak- bere alabentzat idatzi zituen. Gerora, Andres Iñigok plazaratu zituen.
Moralesen aburuz, Saraguetak kontzientzia feminista argia agertzen du testuetan. Adibide gisara irakurri zituen zenbait idatzitan agerian geratzen da Saragueta jakitun zela, izendatzen ez bazuen ere, matxismoak nola eragiten zion.
Jardunaldia ixteko, urte luzez ezkutuan egondako ekarpenak eta izen-abizenak jendaurrera eraman zituzten, eta bertaratutakoekin hausnarketak partekatu.

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»

Muere un montañero guipuzcoano de 63 años al caer por una ladera en Ordesa

«Hemos gestionado grandes proyectos en una legislatura dura»

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

