Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bizitza bikoitz baten kronika gerraosteko Parisen

‘L’AFFAIRE BOJARSKU’ ( 'LA COPIA PERFECTA')
Estatu frantsesa, 2025. 128’. Zuzend.: Jean-Paul Salomé. Gidoia: Bastien Daret, Jean-Paul Salomé, Delphine Gleize. Akt.: Reda Kateb, Sara Giraudeau, Bastien Bouillon, Pierre Lottin. Musika: Mathieu Lamboley. Argaz.: Julien Hirsch.

Reda Kateb aktoreak jokatzen du protagonistaren rola
Reda Kateb aktoreak jokatzen du protagonistaren rola (Le Pacte)

Jean-Paul Salomé da thriller honen zuzendaria. Filma Cesław Bojarski faltsifikatzailearen bizitzan oinarrituta dago. 1960ko hamarkadan egin zen ezagun, billeteen erreplika ia perfektuak egiteagatik.

Istorioa gerraosteko Parisen girotzen da. Jan Bojarski errefuxiatu poloniarrari «faltsifikazioaren Cézanne» ezizena jarri zioten. Hamabost urtez, bizitza bikoitza eraman zuen: familiak bizimodu arrunta egiten zuen bitartean, hark Estatu frantseseko Bankuaren kontrolak gainditzen zituzten billete faltsuak egiten zituen. Bere maisutasun teknikoak Mattei komisarioaren obsesio bihurtzen du, eta bien arteko jazarpenari hasiera emango dio. Denborarekin, norgehiagoka pertsonala bihurtuko da.

Jenialtasunaren, klandestinitatearen eta polizia-jazarpenaren artean harrapatutako gizon baten erretratua eskainiko du filmak. Tentsioz beteriko kontakizuna izango da, non identitatearen eta aitortzaren inguruko galderek talka egiten duten gerraosteak utzitako itzalekin. Reda Kateb aktoreak XX. mendeko faltsifikatzaile trebe, zorrotz eta liluragarrienetako baten papera antzeztuko du.

Bojarskiren istorioak berehala erakarri zuen Salomé. Zuzendariak aitortu du bereziki identifikatuta sentitu zela protagonistaren bakardadearekin: «Sortzen duzun une hori, zerbait aurkitzen duzun une hori. Leku itxi batean giltzapetuta egotearen beharra. Umetan nik ere mundutik isolatzeko premia sentitzen nuen, jolasteko. Isolamendurako behar horrek berehala piztu zuen nire interesa. Horregatik, lanean ari den eszena guztiak filmatu nahi nituen; bere fabrikazio-prozesuaren alderdi teknikoa erakutsi nahi nuen, bere artearen zehaztasuna partekatu. Bere bakardadea filmaren gai nagusietako bat da. Ezkutuan bizitzeko beharrak eta, aldi berean, aitortua izateko desirak oso hurbil sentiarazten didate.»