Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Bidaia baten argi-ilunak

OMAHA
AEB, 2025. 83’. Zuzend.: Cole Webley. Gidoia: Robert Machoian. Akt.: John Magaro, Molly Belle Wright, Wyatt Solis, Talia Balsam, Christina Cooper. Musika: Christopher Bear. Argaz.: Paul Meyers.

’Omaha’ filmeko familia protagonista, autoan bidaiatzen.
’Omaha’ filmeko familia protagonista, autoan bidaiatzen. (Kaleidoscope Pictures, Monarch Content)

Cole Webley zuzendari estatubatuarraren ’Omaha’ lehen film luzea zinema independentearen azken urteetako proposamen sentikor eta barnekoienetako bat bezala deskribatu dute. Sundanceko zinemaldian aurkeztu zen, eta drama estatubatuar garaikidearen barruan jarraitu beharreko ahots berrietako bat bezala kokatu du kritikak Webley.

John Magaro da protagonista, Molly Belle Wright eta Wyatt Solis aktoreekin batera. Istorioak familia tragedia baten ondoren etxea galdu eta bi seme-alabekin batera bidaia bati ekingo dion aita baten bizipena kontatuko u. 2008ko krisi ekonomikoaren testuinguruan girotuta, filmak road movie formatuaren bidez prekarietatea, galera eta muturreko egoeretan sortzen diren familia loturak aztertuko ditu.

Narrazio handiustetik urrun, filmak emozioei eustearen eta ikuspegi intimoaren aldeko apustua egiten du, eta bere indar nagusietako bat haurren ikuspegian aurkituko du, ezkutatzen zaien benetako helburua ulertzen saiatzen diren heinean. AEBtako mendebalde erdiko bidaia horrek aurkikuntza esperientzia bihurtzen du istorioa, baina baita gero eta ziurgabetasun handiagoko ibilbide bat ere.

SAGindie-ri emandako elkarrizketa batean, Webleyk azaldu du nola iritsi zen proiektura Robert Machoian gidoilariaren bidez, eta nola eragin zion gidoiak lehen irakurketatik bertatik. Filma istorio «argia» bezala ikusi zuela nabarmendu du, 2008ko atzeraldi ekonomikoaren testuinguruan krisian dagoen familia baten esperientzia enpatikoa ardatz hartuta.

Zuzendariak, halaber, azpimarratu du zinema «enpatia lantzeko tresna» gisa erabili nahi duela, eta pertsonaien inguruko irakurketa sinplistak saihesteko. Webleyk behin eta berriz adierazi du krisi ekonomikoak jotako familia askoren errealitatea erakusten saiatzen dela filma, arreta gurasoetan zein seme-alabetan jarriz.