Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Poutarrek ekarpen berri gogorra egin dute Ranrapalcan

Micher Quito perutarrarekin batera, Eneko eta Iker anaia gasteiztarrek “Bonus Track” bidea (WI7, M6, 6c, 1.060 m) sortu dute Mendilerro Zurian kokatuta dagoen seimilakoan. Hiru eguneko lana eskatu zien mendi horretan eginiko bigarren ekarpenak.

Aspaldi daramagu esaten Eneko eta Iker Pou anaiak erabat lotuta daudela Peruko Andeekin. Ez da iritzi subjektiboa. Datu adierazgarriena da gasteiztarrek makina bat bisita egin dizkiotela mendilerro hori. Eta emaitza azpimarragarriena honakoa da: hogeita bi ibilbide zabaldu dituzte.

Joan den abuztuan izan zen azkena. Hain zuzen ere, Ranrapalca mendian (6.162 m, Mendilerro Zuria, Peru). Neurri handi batean kutsu berezia izan du azken espedizioak. Batetik, seimilako horretan bigarren bidea sortu dutelako. Eta bestetik, azken ekarpena, teknikoki, orain arte zabaldutako gogorrena izan delako. Bederen, hori baieztatu dute protagonista arabarrek.

Baina, zer egin ote dute Ranrapalcan? Bada, ohiko sokakide batekin, Micher Quito perutarrarekin, “Bonus Track” ibilbidea ireki dute. Aipatu dugu zailtasun tekniko handiko marra dela. Datuek zera diote: WI7, M6 eta 6c. Irakurtzen den bezala, alpinismoko ertz guztiak ukitu dituzte, eta gogor estutu behar izan dute “Bonus Track” biribildu ahal izateko. Bai, hiru eguneko lan eskerga eskatu zien. 

Poutarrek diote estilo alpinoan eginiko eskalada berrian, hotz handia izateaz gain, konpromisoa edo arriskua azpimarratzekoa dela: «Gailurrera iritsi ginen lainoaren erdian, elurretan hondoratuz, erabat akituta eta erdi galduta, ezerezaren erdian eta ia 6.000 metrora. Eta une horretan txori polit hura agertu zen gailurrera gidatzeko. Horregatik jarri diogu izen hau ibilbideari, batzuetan ageriko azalpenik gabeko gauzak gertatzen direlako. Aukera gehigarri bat eman zigun».

Arestian aipatu dugu hirukote horrek Ranrapalcan irekitako bigarren bidea dela. “Ya Pe Cholo” lehenbizikoa izan zen 2023an. Hortaz, seimilakoaren berri bazuten bigarren bisitarako. Halere, Alpamayo eskalatu eta gero, Ranrapalca ez omen zegoen helburu nagusien artean.

Mendi horren aldeko apustua egin eta segituan ohartu ziren, zailtasun teknikoez gain, aukeratutako ibilbidea oso nahasia zela. Metro luze batzuk egin eta bat-batean tarte zeharkaezinekin topo egiten zuten.

Korapiloak askatzen edo bide egokiena bilatzen denbora asko eman zuten: «Gure esperientzia eta intuizioa gorabehera, hieroglifikoa deszifratzen saiatzen ginen, ahal genuen moduan igotzen jarraitzeko, harik eta leku askotan horma gaindiezin batekin topo egiten genuen arte. Rappel txiki batzuk egitera behartzen zigun pitzadura-sistema bat bilatzeko, aurrera egiten jarrai genezan. Horrela hirutan ere. Gainera, luze zailak bata bestearen atzetik iristen ziren: behin harkaitzean, beste batzuetan izotzetan eta beste batzuetan mistoan. Bideak ez zuen atsedenik hartzen. Bibakak ere ez ziren atseginak, aire zabalean eta amildegian esekita».

Hiru egun

Poutarrek onartu dute lehen eskalada eguna gogorrena izan zela. Hamabi orduko lanaren ondoren eta bibaka prestatu aurretik ekaitzak ezustean harrapatu zituen. Hala nola, babesleku bat bilatzen izan ziren arrakala bat aurkitu arte: «Hotz handia egin zuen. Erabat bustita esnatu ginen, baina energia sendotu eta eskalatzen jarraitu genuen. Bigarren bibakean behintzat ez zuen elurrik egin; alabaina, amildegiaren ertzean eserita lo egin behar izan genuen. Gau bakoitzean soilik hiruzpalau ordu egin genuen lo».

Hirugarren eta azken eskalada eguna zain zuten. Hain zuzen ere, Ranrapalcako azken zatia. Azken korapiloa askatzera abiatu ziren. Zalantza ugari sortu ziren aurrean zituzten serac erraldoiekin. Igarobide egoki bat bilatzeko aukera izango ote zuten? Bada, lan horretan hiru ordu eman zituzten: «Ordu horietan seracen arriskuen mende egon ginen, haien azpitik sartu eta gailurreko zelaira sartzeko leku bat aurkitu genuen arte. Orduan, lainoaren erdian galduta, txori hura agertu zen, gailurrera eraman ziguna».

Erabat hustuta, hirukoteak Ranrapalcako tontorra zapaldu zuen. Zalantzarik gabe, “Bonus Track” lerroak ekarpen berria egin dio seimilakoari, eta bide batez Poutarren ibilbideari. Aipatu dugun bezala, hogeita bi dira anaia gasteiztarrek (sokakide ezberdinekin ere) Peruko mendilerro ezberdinetan sortu ditzuten bideak.

Azken ekarpen horren inguruan Enekok eta Ikerrek honako hausnarketa egin dute: «Horrela kontatuta, erokeria dirudi, eta egia da batzuetan hala dela, baina uste dugu gutxitan sentitu garela orain baino biziago. Talde-lan ikaragarria egin dugu gure sokakide perutarrarekin. Oso harro gaude».