
Behin baino gehiagotan aipatu dugu Ainhize Belarrek modu batera edo bestera Josune Bereziartu historikoaren lekukoa hartu duela. Nahi ala ez, hori dirudi; izan ere, azken bi hamarraldiotan gure ingurumariko zailtasun gorenean izan den lehorte handia estaltzen ari da.
Bereziartuk 8b+ eta 9a/+ mailen arteko ibilbidearen erregina izan zen 2.000. urtetik aurrera. Mende laurdena igaro da, eta 20 urteko atxondarra, inolako presiorik gabe, urratsez urrats ibilbide oparoa egiten ari da. Zentzuz eta «lasai» hartuta, pixkaka sendotzen ari da bere maila gorena. Hots, bederatzigarren esfera.
Horren isla da joan den abuztuan Ilarduian eginiko jarduna. 20 urteko atxondarra gai izan zen ‘Zeleputza’ bidea (9a+) kateatzeko. Baltzolako “Iñi Ameriketan”-ekin maila horretako bi marra ditu, eta hori Euskal Herrian eta gure ingurumarian lortzen lehen neska da.
Belarrek ondo baino hobeto ezagutzen ditu Ilarduiako Leze izeneko zulogunearen zirrikituak. Hain zuzen ere, ‘Zeleputza’ bi bideren lotura baino ez da: ‘Celedon’ eta ‘Harroputza’. Biak ala biak 9a zailtasunekoak. Eskalatzaile bizkaitarrak duela pare bat urte lehenbiziko lerroa sinatu zuen; iaz, berriz, bigarrena. Hortaz, bi ibilbideen mugimendu eta sekuentzia guztiak bikain ezagutzen zituen.
Iker Pouren burutazioa izan zen ‘Zeleputza’. Jonatan Flor alacantarrak lehen igoera egin zuen 2021ean. 9a+ maila jarri zion, eta proposamen horrekin bat egin zuten hurrengo errepikatzaileek: Alex Garrigak edo Gorka Karapetok. Orain, Belarri egokitu zaio. Lehen emakumea da ‘Zeleputza’ erorikorik gabe eskalatzen: «Zalantzarik gabe, inoiz egin dudan bide onenetarikoa da. Oso bisuala eta fanatikoa da, eta izen handiko bi marra zeharkatzen ditu. Pozarren nago pieza guztiak elkartzea lortu dudalako eta eskertuta eskalada honekin bizi izan dudan guztiagatik».
Aurreratu dugu ‘Zeleputza’ osatzen duten bi ibilbideak aurretik sinatuta zituela Belarrek, eta horregatik denbora kontua zen azken ibilbidea kateatzea. Atxondarrak adierazi du denboraldi honetan lerroaren goiko aldean behin baino gehiagotan erorikoak izan dituela.
Halere, beste bi bideren mugimenduak eta sekuentziak ezagutzen zituenez, ez du eragozpen handirik izan ‘Zeleputza’ kateatzeko: «Gauza guztien gainetik, oso ederra izan da egin dudan bilakaera. Ederra izan da ere neure buruari erakustea gai naizela izaera horretako xedeak egiteko».
Ilarduian sinatu duen ibilbideari buruz, Belarrek aurreratu du loturak ez dituela gustuko; ezta sekzio berdinak behin eta berriz errepikatzea: «Asko motibatzen ninduen etapa hau ixteak, bertsiorik zailena eginez. Begiratu nion lehen aldian erokeria iruditzen zitzaidan dena lotzea, erresistentzia handia du eta, gainera, jende askok ez du egin».
Irakurtzen den bezala, eskalatzaile gazte honek bere maila gorena, bederatzigarren esfera, jarraitzen du sendotzen. Dagoeneko, hamarren bat ditu. Arestian aipatutakoez gain, ‘Estado critico’, ’Obaba’, ‘Victimes del futur’, ‘Begi putuan’…
Eneko Carretero
Belarrek bezala, eskalatzaile zumaiarrak ondo baino hobeto ezagutzen ditu Ilarduiako bide gogorrak. Uda honetan ere bisita bat baino gehiago egin dizkio, eta, emaitzei dagokienez, aurreratu behar dugu ‘Harroputza’-rekin egin dela.
Lesio batetik osatu eta gero, Carretero oso eraginkorra izan da ibilbide horretan: «Oso pozik nago Poutarren bitxi hau egiteagatik eta, bide batez, arrokara irten eta sasoia hartzen ari naizelako».
Gogoratu behar dugu ‘Harroputza’-k 9a maila duela; hori diote, bederen, eskalatu dutenek. Baina eskalatzaile gipuzkoarra ez da iritzi berekoa. Haren ustez, 8c+ maila aipatzea egokiagoa da: «Nahiz eta 9a bezala egon, hasieratik nire sentsazioa izan zen bederatzigarren mailatik kanpo geratzen zela. Nik jatorrizko bertsioa egin dut, eta jakin badakit egun belaunarekin egiten diren metodo berriak dituela; errazago egiten du igoera. Eta horrek berresten du nire iritzia».
Hori esan eta gero, Carreterok honakoa gehitu du: «Errespetatzen ditut bidea nik baino lehenago igo duten pertsona guztiak, eta iritzi honekin inor ez iraintzea espero dut. Neure buruarekin zintzoa izateagatik egiten dut».
Hori da eskalatzaile gaztearen iritzia; hain zuen ere, egiten ari den ibilbidean oinarrituta dagoena. Gogora dezagun, besteak beste, gai izan dela ‘Celedon’ (9a), ‘Honky Mix’ (8c+) eta ‘White Zombie’ (8c, flash eran) igotzeko.

El españolismo sale a las plazas de Euskal Herria «Por Ceuta» y el antifascismo responde

Muere un taxista de 31 años tiroteado en Azpeitia y se busca al autor

Lakua elude valorar el llevar niños de una colonia a visitar a la Guardia Civil

PP, Vox y UPN impulsan concentraciones para «salvar Ceuta», también en Euskal Herria
