Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hidrokarburo-isuria gertatu da Cementos Lemonatik Ibaizabal ibaira

Cementos Lemona fabrikatik hidrokarburo isuria gertatu da Ibaizabal ibaira. Bizilagunek joan den astean igarri zuten isuria eta Udalak aste honetan konfirmatu du gertatutakoa. Ekologistak Martxanek behin baino gehiagotan ohartarazi du fabrika honek ingurugiroan duen eraginaz.

Cementos Lemona fabrika.
Cementos Lemona fabrika. (Oskar MATXIN | FOKU)

Isuria izan zen Cementos Lemonan joan den abuztuaren 23an, asteon Lemoako Udalak konfirmatu duenez. Bizilagunak ohartu ziren fabrikan zerbait gertatu zela, hura dagoen puntutik behera Ibaizabal errekan zehar ura ponpatzeko kamioiak ikusi zituztelako eta uraren egoerak ere hori pentsarazten zuelako. Hala ere, ez Udalak ez Cementos Lemonak ez dute azalpenik zabaldu aste honetara arte.

Ibaizabal ibaiaren egoera, joan den astean. (NAIZ)

Udalak NAIZi adierazi dionez, hidrokarburo-isuria izan zen jazotakoa, abuztuaren 23an izandako ekaitz elektrikoaren ondorioz. Fabrikak Udalari berari emandako azalpena da zabaldu dutena eta, haren aburuz, ekaitz gogorrak eraginda, «fuel instalazioaren edukitze-deposituko hustuketa-bombek hutsegitea izan zuten».

Ziurtatu dute «gorabehera antzeman bezain laster, horrelako egoeretarako aurreikusitako jarduketa- eta euste-protokoloak berehala aktibatu» zirela, «haren irismena mugatzeko eta ingurunean izan zezakeen edozein eragin ahalik eta gehien murrizteko». Isurketaren hurrengo egunean bertaratu ziren Foru Aldundiko Ingurumen agente bat eta URAko bi teknikari.

Udalak zein Cementos Lemonak ziurtatu dute egoera «kontrolpean» dagoela eta jarraipen- eta azterketa-lan teknikoek aurrera jarraitzen dutela, «eraginaren irismena zehatz-mehatz ebaluatzeko eta, hala badagokio, beharrezko neurri zuzentzaileak ezartzeko».

Cementos Lemona Euskal Herriko fabrikarik kontaminatzaileetako bat da, Ekologistak Martxanek behin baino gehiagotan salatu duenez. Hain zuzen ere, iazko abenduan plazaratu zuten txosten batean jaso zuten Lakuako Gobernuak emandako Ingurumen Baimen Bateratua ez zirela betetzen ari.

Udalak ez du argitu nahi izan isuriak zein ondorio izan ditzakeen ingurumenean epe ertain eta luzera, ezta ere ibaia garbitzeak izan dituen kostuak nork hartuko dituen bere gain.