«Txapelketaren hedadura sintoma ona da, baina ez da adierazle bakarra»
Irailaren 19an Hazparnen hasiko da 2026ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Finala, abenduaren 20an Iruñean. Txapelketa Nagusiak duen oihartzuna pozgarria dela deritzote txapelketa talde motorreko Iurramendi eta Urienek, baina argi dute helburua bertsogintzaren sostengurako indarra batzea dela.

Bertsozale elkarteko koordinatzailea da Oier Iurramendi (Donostia, 1990); lehendakaritza taldeko kide Ainhoa Urien (Abadiño, 1995). Txapelketa Nagusien lau urteko zikloak «elipse» itxura handiago hartzen dio bigarrenak. Iurramendirekin batera antolaketa lanetan dabil.
Euskal Herriko txapelketaren 19. edizioa ospatuko da, Elkarteak antolatzen duen 11.a. Zein ikaspen utzi dizkio elkarteari?
Oier IURRAMENDI: Elkarteak jada urte asko darama antolaketa lanetan. Elkarteak eta komunitate berak esango nuke. Azkenean, nahiz eta eragile bezala elkartea egon, txapelketaren antolaketan, elkarteaz gain, komunitate oso bat dago atzetik. Orduan, esan dezakegu bertso munduak berak eskarmentu handia duela txapelketaren antolaketan eta gauzatzean. Eta eskarmentu hori oso ondo transmititu da belaunaldiz belaunaldi eta aldiro joan gara ikasten, egokitzen eta aurretik egin diren edizioetatik eraldatzen ere bai. Gero, txapelketa bera bada ekitaldi oso inportante bat, baina batez ere garrantzitsua da elikatzen duelako bertso munduaren ekosistema osoa. Paraleloan doaz, baina elkarri oso lotuta. Alegia, txapelketaren emaitza ezinbestean da urtean zehar plazan ikusten denaren argazki bat. Eta berdina pasatzen da antolaketarekin. Ziur asko orain dela 40 urte antolatzeko moduak orduko gizartearen eta inguruaren araberakoa ziren, eta orain oraingoak dira. Bagoaz ikasten eta egungo egoerak eskatzen duenarekin egokitzen.
Zenbat jende dago txapelketaren antolaketaren atzean?
O.I.: Ez da erraza zenbatzea. Jende asko. Hasteko, elkartea bera udazkenean zehar osorik inplikatzen da eta hor, normalean, herrialde bakoitzean bertako jendearekin antolatzen dira saioak. Txapelketak Euskal Herri osoa barnebiltzen duenez, txapelketa amaitzerako jendea asko da era batean edo bestean parte hartu duena. Kontabilizatzea esango nuke ia-ia ezinezkoa dela. Gehiengoa, gainera, bolondres. Beti ikusten diren petodunak izugarri pila izaten dira eta laguntza handia ematen dute. Bertsozale hauei esker ez bazen, txapelketa antolatzea, behintzat ezagutzen dugun moduan, ezinezkoa izango litzateke.
Ainhoa URIEN: Agian horregatik ere zorionez da kontagaitza. Jende pila batek parte hartzen duelako, modu oso desberdinetan. Aurten, berritasun bezala, berariazko bertso komunitate horretatik ere atera gara. Txapelketaren irudia eta sintonia lantzeko halako sormen prozesu kolektibo bat eman da Dinamoan. Bertan bestelako sortzaileak egon dira: musikariak, irudigileak, bueno, artista plastikoak... Horrek ere lortu du beste jende bat inplikatzea txapelketaren antolakuntzan eta beste diziplina batzuk ere ekartzea bertsoarengana.
«Txapelketa bertso munduaren ekosistema osoa elikatzen duelako da batez ere garrantzitsua»
Txapelketak bertsogintzak ohikoa duena baino oihartzun handiagoa hartzen du. Hori abantaila da ala ardura?
O.I.: Txapelketak horrelako hedadura izatea eta horrelako presentzia hartzea bada sintoma ona, baina guretzako ez da adierazle bakarra bertsolaritzaren egoera ezagutzerako orduan. Azkenean, egia da, foku izugarri bat hartzen du txapelketak, batez ere finalek, eta gaitasuna dute Euskal Herri osoa zeharkatzeko. Banaka hartuko bagenu urtean zehar egiten diren saioak, agian banaka begiratuz gero halako hedadurarik ez dute, baina aldi berean Euskal Herri osoan zehar antolatzen diren halako pilula txikiak dira. Eta guk neurketak egiten ditugunean edo osasun horretaz hitz egiten dugunean denari ematen diogu inportantzia. Ez dira hain entzutetsuak, baina guretzako txapelketa bezain beste edo are inportanteagoak dira.
Txapelketaren mezuan euskararen aurkako oldarraldiari ere behatu diozue. Zer hausnartu duzue?
A.U.: Gure jarduna euskara hutsez da. Guretzat aipatu dugun ekosistemaren oinarri sendoena eta nagusiena euskara bera da. Gure jarduna ezin delako beste era batera gauzatu. Eta zentzu horretan badagokigu euskararen aurkako oldarraldi horri erantzun bat ematea. Ez bakarrik gure printzipio ideologikoei lotuta, hori ere bai, baita gure emozionalitateari lotuta ere. Baina praktikoki ere, gure jardunari lotuta ezin delako beste era batera gauzatu jardun hori. Eta uste dugulako euskal kulturaren ekosistema indartsu batek are gehiago indartzen duela bertsolaritza bera, eta elkar elikatzen direla. Bertsolaritza eta bertso komunitate potente batek indartu dezake euskararen presentzia, egoera ere hobetu dezake edo behintzat eman ditzake pausoak oldarraldi horri aurre egiteko eta bestelako tresna batzuk sortzeko.
«Euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bat nahi dugu, horren alde ari gara lanean eta borrokan ere bai. Baina hori euskararen lurralde osoan gertatzea nahi dugu»
Transmisioari dagokionez, nola iristen da bertsolaritza txapelketara belaunaldi berriei dagokionez?
O.I.: Txapelketa erakusleiho bikaina da urtean zehar plazan aurkitu ditzakegun belaunaldi, bertsoa ulertzeko modu, bertsokera eta estilo ezberdinen elkarketa egiteko. 50 bertsolari ariko dira kantuan eta uste dut bertsozaleari ere eskaintzen diola aukera paregabe bat plazan urtean zehar aurkitu dezakeen paleta aniztasun hori oholtzan ikusteko islatua. 15 saioak osatzen dute txapelketa bera, baina saio horietan zehar kantatzen duten bertsolarien aniztasuna oso handia da. Urtez urte bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, gaztetxoekin, aisialdian... egiten den lan horrek guztiak segida du. Bertsozale Elkarteak 40 urteko ibilbidea egingo du eta gaur egun plazan dauzkagun bertsolari asko eta asko ziklo horretatik pasa dira. Kate bat da eta txapelketa ere bai bada pixka kate horren beste katebegi bat.
Zazpi herrialdetan saio bana ospatuko da eta Araba, Nafarroa eta Xilabako txapelketatik bina bertsolari gehiago ariko dira. Zeren isla da?
O.I.: Erabaki hau aurreko txapelketa bukatu orduko hartu zen. Txapelketa berak azkenean badu ere erreferenteak sortzearen funtzioa eta herrialdeetatik Euskal Herrikora sailkatzen diren bertsolariek balio dute haien herrialdean ere erreferentzia hori sortzeko. Guk Euskal Herri osoan eragitea dugu helburu. Kasu honetan, Iparraldean, Araban eta Nafarroan azken urteetan egin den lanaren ondorioz, goranzko bilakaera bat zetorren eta horri erantzuteko ikusi genuen txapelketak bazuela aukera saio bat gehitzeko eta hiru txapelketa hauetatik sailkatzen diren bertsolarien kopurua igotzeko. Uste dugulako horrek lagundu ahal diola herrialde hauek bazekarten goranzko bilakaera horri.
A.U.: Euskal kulturgintzaren ekosistema osasuntsu bat nahi dugu, horren alde ari gara lanean eta borrokan ere bai, baina nahi dugu hori euskararen lurralde osoan gertatzea. Uste dut hori ere badela honen isla: Arabatik, Nafarroatik eta Ipar Euskal Herritik bertsolari gehiago batzea, eta bestetik, euskararen lurralde osoan egotea bermatuta bertsolaritza eta, kasu honetan, txapelketa iristen dela.
Ekitaldi handien garaian gauden honetan, nola kokatzen zarete zurrunbilo horretan?
A.U.: Guk ez dugu gatazka handiegirik gai horrekin. Lau urteko mugarrien tarte horretan saio txiki, ez hain txiki, inkluso handi asko gertatzen dira. Hala ere, esango nuke horrek ere bertsozale garen guztioi sortzen digula halako irrika bat. Eta noizean behin ere behar ditugula halako dardara kolektibo batzuk, pixka bat indartu eta euskal kulturgintzaren ekosistema hori indartzeko balio dutelako. Baina ez gaude horretan zentratuta bakarrik, baizik eta hori baliatzen dugula gero egunez eguneko lanari indar handiagoz erantzun ahal izateko.
Zentzu horretan uste dut nahiko orekatuta gaudela pabiloien kultura, ‘FOMO’ edo hor-egon-behar horretan. Gure lana beste kontuetan zentratzen delako, herrialdetan sostengatzen den proiektu bat ere badelako eta batez ere egunerokotasuneko plazetan. Hortik aurrera, lau urtean behin halako ekitaldi bat esango nuke kolofoia izaten dela. Finala aurretik ere jende asko pilatzen da, intentsitate handiko saioak izaten dira, politak, eta esango nuke horiek ere beharrezko ditugula.
O.I.: Oreka hitz inportantea da eta kasu honetan pabiloiak betetzeak izan behar duela estrategia oso baten ale bat gehiago. Guk horrela ulertzen dugu. Arazoa ez da pabiloiak betetzea edo betetzeko gaitasuna edukitzea, baizik eta indar guztiak horretan jartzea edo helburua hori izatea soilik. Ez dugu hori horrela ulertzen. Alderantziz, erreminta bezala ulertzen du; hain justu, urtean zehar saio txiki horiek guztiak bete ahal izateko.

La Policía Municipal abate a tiros a un hombre en Hondarribia

Deportazioa apurtu zuen Ramon Sagarzazu ‘Xenpe’ oiartzuarra hil da

El apoyo a Sertorio pudo desencadenar la destrucción del poblado vascón de Irulegi

Muere Peón Kurtz, fundador del grupo Def con Dos

