Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Onditz Iturbek eta Ibai Larreak irabazi dute Axari Trail lasterketa

Igorreko eta Antzuolako lasterkariak aise gailendu ziren Idiazabalen atzo jokatutako Mikel Garmendiaren oroimenezko probaren XIII. ekitaldian. Canfranceko 26K lasterketan, berriz, Aimar Azpiroz eta Ainhoa Arruti izan dira  protagonista nagusiak.

Ibai Larrea aise gailendu da Axari Traileko 25 kilometroko lasterketan.
Ibai Larrea aise gailendu da Axari Traileko 25 kilometroko lasterketan. (Axari Trail)

Ohiko oporren ostean, mendi lasterketek edo trail runningeko probek berriro abiadura handia hartu dute. Axari Traileko hitzordua, adibidez, atzo izan zen. Idiazabal Kirol Elkarteak antolatutako lasterketa horren XIII. edizioa jokatu zen; hain zuzen ere, Mikel Garmendiaren oroimenezko proba. Bi distantzia izan zituen.

Luzeenak, 25,4 kilometro eta 1.550 metroko desnibela dituen ibilbideak, bi protagonista handi izan zituen: Ibai Larrea eta Onditz Iturbe. Gizonezkoen kategorian, antzuolarrak ez zuen eustekorik nahi eta lasterketaren hasieratik erritmo bizia jarri zuen. Larreak ez zuen arazorik izan lehiakideak atzean uzteko eta lasterketaren buruan joan zen. Idiazabalgo helmuga puntuan lehen korrikalaria izan zen 1:56:47 denborarekin. Bigarren sailkatuari, Ander Iñarrari, tarte handia atera zion; hain zuzen ere, zazpi minutu eta zortzi segundo. Aner Arozena hirugarrena izan zen irabazlearengandik ia hamabost minutura.

Antzeko egoera bizi izan zen emakumezkoen mailan. Onditz Iturbek lasterketa osoa menderatu zuen. Igorretarrak 2:34:06 kronoa sinatu zuen. Adirane Peñagarikano bigarren postuan sailkatu zen 4 minutu eta 37 segundora. Eta podiumaren hirugarren kutxara Irati Larrañaga igo zen; irabazleak 7 minutu eta 10 segundoko aldea atera zion.

Lasterketa laburrak, berriz, 16 kilometro eta 750 metroko desnibela izan zituen. Josu Urrestarazuk idiazabaldarrak (1:12:24) eta Intza Urrestarazu ordiziarrak (1:33:31) irabazi zuten.

Canfranc-Canfranc

Duela pare bat asteko Trail Valle de Tenako ekimenak bezala, iragan asteburuko Canfranc-Canfrancekoak ehunka eta ehunka korrikalari jaso zituen antolatutako ibilbide ezberdinetan.

Zalantzarik gabe, Ultra 100k lasterketak erabateko protagonismoa izan zuen. Proposamen guztien artean luzeena da, baita basatiena ere. Izan ere, Collarada, Aspe edo Anayet mendiak lotzen ditu. Metatutako desnibel positiboari dagokionez, 10.500 metro gainditu behar dira. 

Adrian Ardura izan zen lasterkari azkarrena 17:52:54 denborarekin. Adrian Garcia bigarren sailkatuari soilik hamar minutuko aldea atera zion. 20:32:45 kronoarekin hirugarren postuan David Palacios sailkatu zen.

Amaya Larreaeteguik Collaradoko igoeran atzean utzi zituen lehiakideak, eta helmuga puntuan lehena izan zen 28:30:16 denborarekin. Anastasia Ianinak bigarren postua sinatu zuen (29:08:46) eta Raquel Roncok, hirugarrena (29:47:54).

Bestalde, 70k lasterketan, Pablo Santos azkarrena izan zen mutilen kategorian 6:06:20 denborarekin. Euskal Herrian bizi den Maud Combarieu frantziarrak emakumezkoen mailan irabazi zuen 7:20:53 kronoarekin.

Amaitzeko, beste lasterketa batzuen artean, bi euskal lasterkarik erabateko protagonismoa izan zuten 26K proban: Aimar Azpirozek eta Ainhoa Arrutik. Gizonezkoen mailan, Raul Criadok eta Azpirozek lehia oso estua izan zuten, baina azkenean nafarrak irabazi zuen 2:32:36 denborarekin; bost minutuko aldea atera zion Criadori. Arrutik, berriz, gogor estutu behar izan zuen irabazteko. Gipuzkoarra 3:42:22 kronoarekin gailendu zen, eta bigarren sailkatuari, Janire Velascori, soilik 43 segundo atera zizkion.