«Aurrez iragarritako galera baten kronika da ‘Inurri itsuak’»
Ramiro Pinillaren ‘Las ciegas hormigas’ zinemara eraman du Igor Legarretak. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Patxi Bisquert... Beteranoekin batera aurpegi berriak, eta haien artean harribitxi bat: Unax Hayden. Bizkaiko kostaldean kokatutako western lazgarri bezain hunkigarria.

Algorta, 1935. Denborale gogor baten ondorioz, barruan ikatz tonak dituen itsasontzi ingeles bat hondartu da. Gau betean, herritarrak kostaldean pilatzen dira urre beltza bereganatzeko. Sabas Jaureguiren (Urko Olazabal) ustez zorte-kolpea da; Josefa emaztearentzat (Itziar Ituño), aldiz, zantzu txar bat. Honen erreguei entzungor eginda Sabasek ekaitz bortitzerantz eramango ditu seme-alabak. Familiak pentsaezina dena egingo du negutik salba ditzakeen ikatza babesteko... edo betiko kondenatzeko. Hauxe Igor Legarretaren (Leioa, 1973) lan berriaren sinopsia. Zinemira atalean ikusiko du argia.
Andoni de Carlosekin ondu du gidoia zuzendariak. Haren bidez izan zuen Ramiro Pinillaren (1923-2014) ‘Las ciegas hormigas’ (Nadal Saria, 1961) nobelaren berri. «Harrituta geratu nintzen. Batetik, kalitateagatik. Eta bestetik hurbiltasunagatik. Ni leioaztarra naiz. Eta Ramiro Pinilla Bilbon jaio zen eta joan zen nahiko gazte bizitzera Algortara. Istorioa bertan kokatuta dago. Pinillak udak pasatzen zituen baserri batean eta badirudi hango baserritarrei entzuten zizkiela halako istorioak. Benetazko istorioak oinarri hartuta sortu zuen fikzioa», kontatu du.
Filma egiterakoan istorioari berari jarri nahi izan diote fokua. «Eleberriak oso ondo jasotzen du baserriko mikrokosmos hori», dio. Horrekin batera, hainbat gai harilkatzeko baliatu zuen Pinillak kontakizuna. «Pobrezia energetikoarena da bat. Protagonistek borroka egiten dute saiatzeko lortzen urre beltza, ikatza. Oso inportantea da baserria bero mantentzeko».
«Duintasuna»
Bada eszena bat filmaren amaiera aldera –oinetakoak ditu protagonista, ez dugu spoilerrik egingo–, oso esanguratsua. Bertan protagonistak erakusten duen «duintasuna» nabarmendu du zuzendariak.
«Eleberriak, baita, ondo erakusten du botere ekonomikoak eta politikoak nola sortzen duten orden sozial bat. Karabineroek ez dute arazorik baserritarrei biltzen uzteko ahal duten ikatza, gero kentzeko. Inportanteena da argi eta garbi uztea zeintzuk diren arauak. Eta sistemak dio ikatzak bere jabea duela eta haiek ez direla», jarraitu du.
«Karabineroek ez dute arazorik baserritarrei biltzen uzteko ahal duten ikatza, gero kentzeko. Inportanteena da argi eta garbi uztea zeintzuk diren arauak»
Kanpo zein barne ekaitzen aurrean tinko. «Sabasek beti aurrera joateko beharra du, lanari erabat lotuta dago. Berdin dio zer gertatzen zaion, badauka zerbait barruan sartuta aurrera egin arazten diona. Eleberrian ekaitzak puntu metaforikoa dauka. Badaude beste motako ekaitzak ere, barrukoak, horiek agian zailagoak dira haiei aurre egiteko», egin du hausnarketa Legarretak.
Sabasi kontrapuntua eginez, Josefa emaztea. «Beste motako pertsonalitatea du. Erantzun zaila duten galderak egiten dizkio bere buruari. ‘Zein da bizitzaren zentzua?’, ‘Zergatik gara txiroak?’. Hor talka sortzen da senarrarekin», laburbildu du.
Ituñorekin eta Bengoetxearekin lan egina da Legarreta, ez aldiz Olazabalekin. «Plazera izan da berarekin lan egitea».
Ekaitz betean gertatzen da kontakizunaren zati nagusia, enbata bera ia beste pertsonaia bat izateraino filman. «Oso kontent geratu naiz. Grabaketa nahiko intentsoa izan da ekaitzaren indar hori mantentzeko. Topera egon dira bai Urko, bai Unax, batere kexatu gabe, eszena beste behin errepikatzeko prest. Nahiz eta neoprenoak eta arropa piloa eman ez bustitzeko eta hotzik ez izateko, hainbeste ura jaso dute blai egon direla», kontatu du.
Bizkaiko hainbat espazio naturalera –Bilbo, Elorrio, Galdakao, Getxo, Mundaka...– jo zuten filmaketarako. «Batzuetan pertsonaiak itsaslabarra, itsasoa bera, kostaldea, baserria... dira. Lan sakona egiten dugu lokalizaziorik onenak aurkitzen saiatzeko». Aktoreek behar baino gehiago sufritu ez zezaten eta denen segurtasuna bermatze aldera, eszena gehienak Zorrotza Puntako dekoratu artifizialetan filmatzea erabaki zuten.
Ez du lan makala izan Mikel Serrano arte arduradunak. «70 metro luzeko itsaslabarra asmatu, diseinatu eta eraiki egin dute. Efektu bereziak Carlos Blancok zuzendu ditu. Filma erdia euripean gertatzen denez, ingeniaritza aldetik lan handia egin dute».
«70 metro luzeko itsaslabarra asmatu, diseinatu eta eraiki egin dute. Efektu bereziak Carlos Blancok zuzendu ditu. Filma erdia euripean izanik, ingeniaritza aldetik lan handia egin dute»
Euskal kostaldean girotutako western-a da ‘Inurri itsuak’. Aitak Amerikatik ekarritako hegal-txanoa buruan duela ikusiko digu Jauregui. Hainbat eszena protagonisten arteko doluak dira. Aurrez aurreko begirada doluak. Eta dramatismoa erantsiz, aktoreen lehen planoen eta paisaien plano oso zabalak uztartu ditu Legarretak. Ipar Amerikako influentzia klasikoak, William Faulkner eta John Ford bereziki, aipatu ditu. «Beti esaten da western-en protagonista nagusia ez dela Sheriffa, baizik eta lurra. Nola lurrak sortarazten dituen pertsonaia horiek», esan du.
«Puntu tragikoa dauka. Badakizu hasieratik, edo soma dezakezu, euren helburua ez dutela lortuko. Aurrez iragarritako galera baten kronika da. 300 orrialdeko eleberria ordu eta erdiko filman bildu dugu, saiatu gara eleberriaren arimaren zati bat sikiera harrapatzen», esan du zuzendariak.
Hizkuntza zaindua du filmak. Bizkaieraz ari dira pertsonaiak, gazteleraz hitz egiten duen karabineroa (Carlos Santos) salbu. «Lehenengo bertsioa euskara batuan idatzi genuen. Ondoren Harkaitz Canoren laguntzarekin joan ginen elkarrizketak fintzen, sinesgarritasuna izan zezan puntu literarioa galdu gabe. Azkenik, Gorka Lazkanorengana jo genuen bizkaiera zaintzeko», azaldu du.
Bost milioi euroak gainditu ditu aurrekontuak eta ate asko jo behar izan dituzte. Ez da lantegi ederra era honetako proiektu baten finantzaketa bermatzea. «Zorionez jaso dugu EiTB-ren aldetik partaidetza, Antena 3 ere badago, Eusko Jaurlaritza, ICCA (Madrilgo Kultura Ministeritzarena)... Poliki-poliki hanka guztiak lortzen joan gara finantzaketa osatzeko; pozik gaude», dio.
Madrilen telesailetan zaildua, gidoigile aritu zen ‘Autómata’-n (2014) eta zuzendari laguntzaile ‘Zipi eta Zape eta kapitainaren irla’ (2016) filmean. Zuzendari moduan hirugarren luzea du Legarretak, ‘Cuando dejes de quererme’ (2018) eta ‘Ilargi guztiak’ (2020) lanen ondoren. «Pribilegiatua naiz filmak egin ahal izateagatik. Prozesu zaila da, ez da merkea. Beti nahi dut arreta gehiago lortu, pelikulari dagokionean ahalik eta zabalkunde handienaz jendeak ikus dezan. Bestela ez naiz anbizioduna. Ez dut behar 7.000 sari eta etengabe filmatzen aritzea. Gustukoa dut pelikulak zaintzea, sinesten ditudan proiektuak aurkitzen joatea eta bideaz disfrutatzea. Hori da inportanteena niretzako. Urteak behar dira filme bat egiteko, kasu honetan orain bost urte hasi ginen gidoia lantzen. Eta prozesuaz disfrutatzen dut gehien», argitu du.
Zinemira sailari hasiera emango dio aurten ‘Inurri itsuak’ filmak. «‘Ilargi guztiak’ aurreko pelikularekin ere izan ginen Zinemiran. Beti da poztekoa, baina ea hurrengorako arreta gehiago lortzen dugun saiatzeko irekitzen agian Sail Ofiziala, zergatik ez? Montrealgo Fantasiazko Zinema Jaialdian izan ginen eta irabazi genuen zuzendaririk onenaren saria. Maila txukuna dago euskal zineman eta batzuk badaukagu sentsazioa ahalegin handiagoa egin behar dugula arreta lortzeko Zinemaldiaz ari garela, kasu honetan», esan du Igor Legarretak.
Itziar Ituño, Josefa gorpuztuz
Iritzi berekoa da Itziar Ituño (Basauri, 1974). Berak eman dio bizitza Josefari, Sabas Jaureguiren emazteari. «Zenbat kostatzen den Sail Ofizialean sartzea... Nazioarteko zinemaldi bat da eta oso gauza onak egiten dira munduan zehar. Baina euskaraz hain proposamen landua izanik ateetan gelditzeak bihotzean mina ematen du», esan du.
Unibertsitate garaitik ezagutzen du Igor Legarreta eta elkarrekin lan eginak dira. «Konfidantza itsua daukat Igor Legarretarekin. Mundu guztiak berarekin lan egin nahi duen zuzendari horietako bat da. Sentsibilitate handia du eta krisi momentuetan tenplea mantentzen du. Arlo teknikoa ondo menperatzen du eta esku leuna dauka aktoreekin».
Zerk erakarri zuen Josefarengandik? «Oso interesgarria da pertsonaia. Hasiera batean oso urrun dago nigandik eta zentzu batean hain ondo ulertzen dut... Kontraesankorra dirudi baina neure burua zentzu batean topatu nuen berarengan. Ama zaintzailea da, baserriko etxeko andrea seme-alaba pilo bategaz eta horrek nigaz ez du zerikusirik. Baina interpretatzean ikusi nuen nire amama, nire ama eta parte batean nire burua ere bai. Konturatu nintzen garai batean emakumeok zelako bizitza gogorra izan dugun», aitortu du.
Baserri zaharra, iluna, hotza, ekaitza... «Dena pobrezia da eta dena ardurak dira. Eta min guztiak barruan eraman beharra, terriblea». Senarrak, ia pentsatu gabe, aurrera egitea erabakitzen du eta emazteak ez du egoera lazgarria modu berean bizitzen. «Garai bateko euskaldun prototipikoak dira, bikote estoiko edo espartanoa, bizitzan kalamidade guztien aurrean beti aurrera egin behar hori... Familia batzuen matxinada erakusten du filmak».
Kontentziotik landu dituzte pertsonaiak. «Ariketa oso polita izan zen», dio. Tartean badira leherketa emozionalak. «Oso potentea izan zen eszena batzuk grabatzea. Urko eta biok sekuentzia batzuk dardarka amaitu genituen». Gauez egin zuten lan hainbat egunetan. «Logurea pasatzen du, hotza, ordu asko dira, baina ekipoan giro onean eraman genuen dena», esan du.
Unax Hayden haurrarekin lan egitea nolakoa izan da? «Oso interesgarria izan da berarekin lan egitea zeren mutil azkarra da. Batzuetan gai potoloez hizketan hasten ginen, heriotzaz, adibidez. Berak ere parte hartzen zuen eta harrituta uzten ninduen bere ikuspegiarekin. ‘Zu, mutiko, nondik atera zara?’, pentsatzen nuen».
Urko Olazabal ere ezagutzen zuen aurretik. «Beti iruditu zait daukala kristoren artea», dio. Aktore bilbotarrak esana da une batean, lan eskaintzarik ez eta aktore lana uztekotan izan zela. Hortik interpretazio lan bikainak egitera pasa da, bapatean. «Bai, hori askotan gertatzen da. Artista handiak galdu dira bidean ez dutelako izan inongo aukerarik», esan du.

Zupiria dice que en las fiestas del Carmen los agredidos fueron los ertzainas

El Ayuntamiento de Zestoa condena la «brutal» agresión a una persona durante las fiestas

Anulado el decreto del euskara en el sector público, a demanda de Vox y por cuestión de forma

Hasta seis agentes de la Policía Local de Santurtzi redujeron violentamente a Ander Sáenz


