Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Barbara Zangerl austriarrak historia egin du 'Déjà' ibilbidean

Rätikoneko (Suitza) lerroa (8c+, 400 m) eskalatzeaz gain, hormatzar batean maila hori eskalatu duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Austriarrak bigarren igoera egin du, eta bere sokakide Jacopo Larcher italiarrak hirugarrena.

Barbara Zangerlek historia egin du Rätikoneko 'Déjà'-rekin.
Barbara Zangerlek historia egin du Rätikoneko 'Déjà'-rekin. (Christian ADAM | BLACK DIAMOND)

Rätikoneko (Suitza) hormek eta bideek badute atmosfera berezia. Eta proposamen guztien artean, zailtasun teknikoari begiratzen badiogu, 'Déjà' ibilbideak (8c+, 400 m) arreta berezia jaso du azken urteotan. Sortu zutenetik, ezustekoak gorde ditu. Atzera begira jartzen bagara, 1992a aipatu behar dugu. Urte horretan, Andres Lietha eta Michi Wyser gai izan ziren proposamen hori igotzeko. Zazpigarren mailako luze asko igo zituzten, hurrengo errepikatzaileek ere, baina ez zuten aukerarik izan puntu gorria jartzeko. Hots, lerro guztia era librean igotzeko. 

Bosgarren luzea oraindik zintzilik zegoen era askean. Inork ez zekien ze maila zuen, baina denek zioten 8c-tik gora zegoela. Marraren giltza da, min egiten duten helduleku txikiekin. Hori gutxi ez, eta balizko eroriko batek bilgunean uzten zaitu. Beste era batera esanda, parabolten arteko tarteak oso handiak dira.

2015an, berriz, Jacopo Lacherrek lehen aldiz 'Déjà' ezagutu zuen. Fabian Buhlek gonbidatu zuen bosgarren luze hori askatu ahal izateko eta bide guztiari puntu gorria jartzeko. Italiarrak amore eman zuen bitartean, alemanak aurrera jarraitu zuen, eta 2019an, lau urte beranduago, Rätikoneko bitxi horren lehen igoera askearekin egin zen. Horri esker, Buhlek 27 urteko ziurgabetasunari amaiera eman zion.

Alemanaren jarduera ikusgarri horretatik zazpi urte igaro dira, eta joan den uztaila arte 'Déjà'-k solik igoera bat zuen. Baina lehorte hori amaitu da Barbara Zangerlen bigarren igoerarekin eta Larcherren hirugarrenarekin. Zangerlen kasuan, eskalada horrek eite oso berezia du. Izan ere, zailtasun hori (8c+) hormatzar batean egin duen lehen neska da. Hortaz, historia egin du. 

Zangerlek eta Larcherrek bigarren eta hirugarren igoerak sinatu dituzte. (Christian ADAM/BLACK DIAMOND)

Larcher gogo handiz zegoen zintzilik utzitako lanak berriro hartzeko. Bere sokakide austriarra, berriz, bizkarrean lesio luze batetik zetorren. Berez, sokada hori iaz hasi zen 'Déjà'-k dituen luzeak probatzen. Biek ala biek bikain ezagutzen dituzte Rätikoneko zirrikitu gogor batzuk, eta, Zangerlek dioen modura, oso azkar egokitu ziren esku artean zuten xedean: «Rätikon gure bigarren etxea da. Bertan izan nuen nire lehen eskalada proiektua, eta ibilbide asko eskalatu ditugu elkarrekin hemen. 'Déjà' proiektu aproposa iruditu zitzaigun. Gainera, Jacopok bosgarren luzea zintzilik zuen. Benetan tarte paregabea da, oso zaila eta zailtasunean oso iraunkorra bilgunera arte. Ia edonon eror zaitezke. Ziurrenik, hainbat luzetako eskaladan saiatu garen tarterik zailena izango da».

Zailtasun handiko hormatzarretan eskarmentu itzela duen soka talde horrek jakin bazekien, maila tekniko oso gogorrez gain, bikain kudeatu behar zituela kondizioak. Aipatu behar dugu hegoaldeko aurpegi batean kokatuta dagoela lerro hori. Eta udaran oso azkar berotzen denez, bidearen giltzak dituen helduleku zorrotzetan ekinaldi gutxi egin daitezke. Horregatik, bi 'ordutegi' erabili zituzten: oso goiz edo ilunabarrean. Sarritan goizaldeko ordu bata edo ordu biak aldera itzultzen zinen etxera. Egun jakin batzuetan, berriz, hormara bizikleta elektrikoarekin hurbildu ziren; izan ere, errepidea txita zegoen.

Arrakasta 

Hainbat astez lan gogorra egin eta gero, Zangerlentzat behin betiko saialdia heldu zen. Eta hori uztailaren 6a izan zen. Italiarrak bezala, austriarrak ere helburu oso zehatza zuen: egun bateko eskaladan 'Déjà' librean eskalatu. Zalantza ugari zituen, besteak beste, giltza den bosgarren luzea ez zuelako ekinaldi bakar batean gainditu.

Lehen luzeak arazorik gabe igo eta austriarrak bosgarrena zain zuen. Lehen saialdian erori zen, bigarrenean ezustean esku batek irrist egin zion eta hirugarrenean, nekea indartzen ari zenean, bilgunera heldu zen erorikorik gabe. Zangerlek berak onartu du motibazioa sendotu behar izan zuela aurrera jarraitzeko: «Ia indarrik ez nuela sentitzen nuen. Baina, nolabait, nahikoa izan zen. Tarterik zailena gainditu ondoren, izugarri pozik sentitu nintzen, baina baita urduri ere». 

Oraindik zazpi luze zituen aurretik gailurrera iritsi baino lehen. Tartean bidearen bigarren giltza: tontorretik gertu dagoen 8b mailakoa: «Banekien oraindik bide luzea zegoela egiteko. Baina giltzan izaniko arrakasta horrek konfiantza handia eman zidan. Handik aurrera, dena egokitzen hasi zen. Ibilbidearen luze guztiak sinatu ondoren, gailurrera iritsi nintzen, eta, horrela, 'Déjà' era librean lortzen duen bigarren eskalatzailea bihurtu nintzen. Oro har, bide hau ez da zailtasun teknikoan mugatzen; askoz ere gehiago da. Eskalada hau benetako itzulera gisa bizi izan nuen».

Arestian aipatu dugu eskalatzaile austriarrak historia egin duela 'Déjà'-rekin. Bigarren igoera, lehena emakumea eta 8c+ mailako hormatzar batean lehenbiziko neska maila hori egiten. Gogora dezagun 2009an Jenny Lavardak 'Solo vecchi guerrieri' errepikatu zuela. Dolomitetako bide horren giltzari 8c+/9a maila jarri zioten. Baina hurrengo errepikatzaileek “astindu” ederra eman zioten zailtasun horri eta 8b+ utzi zuten. 

'Déjà'-ren kasuan ez da hori gertatu. Era askean igo eta probatu duten eskalatzaile guztiek oso argi dute luze gogorrena 8c+ dela. Gai horretan ez dago eztabaidarik. Horregatik diogu eskalatzaile austriarrak historia egin duela.

Lacherrek hamaika urteko harreman izan du 'Déjà'-rekin. (Christian ADAM/BLACK DIAMOND)

Zangerlek Rätikoneko ibilbide hori patrikara eraman zuen bitartean, bere sokakide Larcherrek oraindik lan batzuk zintzilik zituen. Italiarra gogotsu zegoen duela hamaika urte hasitako lanak biribildu ahal izateko. Eta, azkenean, xede hori lortu zuen. Austriarrak arrakasta lortu eta egun batzuetara, sokada hori berriro itzuli zen 'Déjà'-ra. Behin betiko ekinaldian italiarrak ardura guztiak hartu zituen. Zangerlek bezala, luze guztietan sokaburu joan zen, eta bere sokakideari egokitu zitzaion aseguratzea.

Larcherrek adierazi du ziurgabetasunik gabe eskalatzen hasi zela. Eskalada lehietarako prestaketen ondoren, nekatuta zegoen. Eta, gainera, egun horretan bero handia egin zuen: «Hasieran urduri nengoen eta itxaropen txikiak nituen. Baina eskalatzen hasi bezain laster, dena aldatu zen. Lasai, azkar eta seguru sentitu nintzen».

Eskalatzaile italiarra, oso indartsu egoteaz gain, eraginkorra izan zen. 8c+ mailako luzea gainditu eta goizeko 11.30ean tontorrera erorikorik gabe iritsi zen. Hirugarren igoerarekin egin zen. Hamaika urte beranduago Larcherrek 'Déjà'-ren zirkulua itxi zuen: «Gailurrera elkarrekin iristea, biak ibilbide hori igo ondoren, oso berezia izan zen. Kontua ez zen ibilbidea bakarrik, haraino iristeko partekatu genuen abentura guztia baizik».