Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
KRITIKA PERLAK

Kaosaren argi-ilunak

HOPE
Hego Korea, 2026. 160’. Zuzendari eta gidoia: Na Hong-jin. Aktoreak: Hwang Jung-min, Jo In-sung, Jung Ho-yeon eta Taylor Russell . Musika: Michael Abels. Argazkia: Hong Kyung-pyo.

‘Hope’ filmeko fotograma.
‘Hope’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Gutxitan gertatuko zitzaion Donostia Zinemaldiko ikusle bati Zinemaldian film bat ikustera joan eta bideojoko zoro, frenetiko eta odoltsu baten barruan harrapatuta sentitzea. 'Hope' hego-korear filmarekin, beharbada, lehen aldiz biziko du hori. 

'The Wailing' film bikaina zuzendu eta hamar urtera, Na Hong-jin 'Hope' filmarekin itzuli da. Lehen minututik bertatik zientzia-fikziozko thriller batek ustez izan beharko lukeenari belarrondoko galanta ematen dion filma da. Arauak apurtzea da film honen arau bakarra.

Hego Koreako landa-komunitate txiki batean girotuta, izaki ezezagun baten agerpena kontatzen du filmak. Hortik aurrera, indarkeriaz, jazarpenaz eta biziraupenaz betetako espiral batean sartuko dira pertsonaiak. Baina 'Hope' munstroen film gisa deskribatzea ez da guztiz zuzena.

Munstroen zinemak, tradizioz, iluntasunean aurkitu izan du bere aliatu nagusia: ikusi nahi ez duguna ezkutatu, eta gainerakoa ikuslearen irudimenaren esku utzi. Na Hong-jinek, ordea, kontrako norabidea hautatu du. Paisaiak, ibilgailuak, gorputzak eta izakiak argi bortitz, ia erasokor baten pean erakusten ditu. Filmean apenas dago iluntasunik. 

Hasieran, misterioari eusten dio, izakiaren presentzia iradokiz baina hura erakusteari uko eginez. Baina behin munstroa agertzen denean, filma bera ere kontrola galtzen hasten da. Eta hori filmaren indargune eta ahulgune nagusietako bat da, ez daki balazta ongi erabiltzen.

Na Hong-jinek hibrido bitxi, basati eta neurri batean zoroa eraiki du. Estralurtarren inbasioen zinema, thrillerra, landa-westerna, komedia beltza, akzioa eta body horrorra nahasten dira. Emaitza neurrigabea eta irregularra da. Baina, aldi berean, arraroa bezain liluragarria. 

Pertsonaia arketipikoak, munstroak, armak, autoak, zaldiak, umore absurdoa eta muturreko indarkeria koktel-ontzi berean sartzea ez da, berez, ideia txarra; baina nahasketa horrek bere pisuari eutsi behar dionean gehiegikerian hasten da. Eta 'Hope' ez da beti gai horretarako. 

Tarteka, sekuentziak gehiegi luzatzen dira eta akziozko eszenak errepikakorrak dira. Filmaren iraupenak ez dio beti mesederik egiten, eta badira erritmoa arrastaka eramaten duten pasarteak.  Horri efektu digital batzuen kalitate irregularra gehitu behar zaio. Zenbait unetan, efektuek hain dute itxura artifiziala, ezen zaila dela ulertzea halako ekoizpen handi batera nola iritsi diren.

Batzuetan, Hollywoodeko superprodukzio baten itxura du; beste batzuetan, B serieko film zoro eta lotsagabe batena; eta, tarteka,  akziozko zinemaren satira dirudi. Ez du inoiz erabat erabakitzen zer izan nahi duen, eta, beharbada, horixe da bere nortasunaren muina.

Bere unerik onenetan, genero ezberdinen hondakinetatik eraikitako esperimentu bitxi eta basatia bihurtzen da. Film perfektua ez den arren, badu harritzeko gaitasuna. Eta hori zinez eskertzekoa da.