Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria
ZINEMIRA SAILEKO KRITIKA

Denboraren jolastokia

‘TXAKUN TXAKÜR’

Euskal Herria, 2026. 71’. Zuzendaria: Elsa Oliarj-Ines. Gidoia: Elsa Oliarj-Ines. Musika: Oihan Oliarj-Ines, Elsa Oliarj-Ines, Jon Celestino. Argaz.: Elsa Oliarj-Ines. 

Filmaren fotograma.
Filmaren fotograma. (ZINEMALDIA)

Film eta dokumental batzuetan denboraren joana ez da istorioaren testuingurua bakarrik; protagonistenetako bat ere bada. Urteetan zehar eraikitako obrak dira. Pertsona berberen bizitzak, gorputzak, harremanak eta mundua ulertzeko modua nola aldatzen diren behatzen dute.

Adibide nabarmenena ‘Up Series’ da, Paul Almond-ek 1964an hasitako Britainia Handiko dokumental-sorta aparta. Zazpi urtez behin filmatutako dokumentaletan, hainbat jatorri eta egoera sozioekonomikotako hamalau haur britainiarren bizitzak jarraitzen dira. 1964an, Almond-ek zazpi urteko hamalau haur elkarrizketatu zituen, Britainia Handiko gizartearen hainbat sektore ordezkatzen zituztenak. Ondoren, zazpi urtez behin, Michael Apted zuzendariak esperimentu antropologikoarekin jarraitu zuen.

Richard Linklaterrek ideia hori fikzioaren arlora eraman zuen ‘Boyhood’ film zoragarrian. Pelikula hamabi urtez filmatu zen, aktore berberekin, eta denboraren joana bera bihurtu zuen filmaren narratzaile isiletako bat.

Denboraren kontzeptu hori abiapuntu hartuta, Elsa Oliarj-Ines zuzendariak zortzi urtez –COVID-19aren pandemia tarteko– haur talde bat filmatu du Xiberoako bere eskola zaharreko jolastokian, haur bakoitzak bere nortasuna nola eraikitzen duen ulertzeko. Haurren begiradaren bidez, filmak gure identitatea nola eraikitzen dugun aztertzen du, baita txikitatik sozializatzeko lehen espazioetan talde baten barruan gure lekua aurkitzen nola ikasten dugun ere. 

«Filmatü düdana zoin eskolatan iragan leite» hitzekin abiatzen da filma. «Egun hartan berandu iritsi nintzen. Egun hartan liskarraren erdian iritsi nintzen. Egun hartan Elise ikusi nuen. Nola ez nuen lehenago ikusi?». Zuzendariaren off-ahotsa entzuten dugu, filmaren lehen irudiekin batera. 

Goiz batean, gela osoak neskato bati nola erasotzen dion ikusten dugu. Filmak Eliseren istorioa eta onartua izateko duen borroka kontatzen ditu. Urteetan zehar garatzen den bidaia da, jolasek, sortu eta hautsi egiten diren adiskidetasunek eta jazarpenaren mugan dauden egoerek markatua. Haurren arteko harremanen bidez, filmak talde batek nola osatzen duen berezko gizarte bat aztertzen du, baita molde horretan sartzen ez direnek ordaindu behar duten prezioa ere.

Besteen artean gure lekua bilatzea, baina gehiegi nabarmendu gabe, hori da filmetik sortzen den mezu nagusietako bat. Gure adineko haurrekin batera hazten garenean, bakoitzak bere bidea egiten ikasi behar du, baina, aldi berean, taldearen barruan bere lekua aurkitzen ere bai.

Hasiera batean, zuzendariak, hainbat egoera filmatzen ditu, baina ez du esku-hartzen. Ez du gertatzen den guztian eragiteko edo gauzak aldatzeko ahaleginik egiten. Behatzailea besterik ez da. Heldu baten begiradaren bidez, haurren munduan murgiltzen gaitu.

Baina filmaren erdian, Elise bizi duen egoeraz ohartzen da: «Ezin nuen gehiago filmatu deus egin gabe. Deus erran gabe». Hortik aurrera, beste posizio batetik heltzen dio zuzendariak kontakizunari. Behatzaile izatetik, nolabait, gertatzen ari denaren lekuko eta parte-hartzaile izatera igarotzen da. Eta aldaketa horrek filmaren ikuspegia ere aldatzen du.

Umeek kamerari begiratzen diote. Sarritan, filmatzeko tresna, artefaktua bera, agerian geratzen da, baina horrek ez du ikuslearen eta haurren arteko harremana oztopatzen. Naturaltasuna da filmaren ezaugarri nagusietako bat. Egia da umeek badakitela kamera bat dagoela aurrean, are gehiago, Elsa Oliarj-Ines-ek tarteka galderak egiten dizkielako. Baliteke zenbait egoera, neurri batean, presentzia horren ondorioz sortu izana. Baina hori ere filmaren parte da. Kamera ez da ikusezina izan nahi duen tresna; prozesuaren parte da, eta horrek guztiak lanari izaera oso organikoa ematen dio. 

Hizkuntza ere ezinbestean aipatu behar da. Proiektu hau ezin zitekeen euskara ez den beste hizkuntza batean egin. Zehatzago esanda, ezin zitekeen zuberotarrez beste kolore batekin margotu. Proiektuaren argia, kolorea eta goxotasuna hizkuntzak berak ematen dizkio. Ze ederra den zuberotarra Zinemaldiko pantaila erraldoian entzutea. Zuberoa, hainbeste aldiz ahaztua eta bazterrean utzia, azkenean lekua du Zinemaldiko erakusleihoan. 

Izaera ia antropologikoa duten lanak ezin dira ohiko ikuspegi eta kritika zinematografiko zorrotz eta hotz batetik bakarrik epaitu. Agerikoak dira filmaren ahulguneak, eta badira hobeto funtzionatzen duten eta hainbeste funtzionatzen ez duten alderdiak. Baina proiektuaren asmoa eta helburua hain dira ederrak eta aberasgarriak, horixe bera bihurtzen dela garrantzitsuena.

Txikia, xumea, baina ederra eta benetan berezia da Elsa Oliarj-Ines zuberotarraren ‘Txakun txakür’.