«Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen»
Hileta laikoen enpresa baten nagusia du protagonista ‘Azken agurra’ filmak. Nahikoa zailtasun du egunerokoari aurre egiterakoan, beste begi batzurekin ikus dezagun lortzen du zuzendariak. Filma berriaz eta euskal zinemak bizi duen egoeraz jardun du Koldo Almandozek elkarrizketa honetan.

Hileta laikoen enpresa baten nagusia zarenean. Mozkor gidatzeagatik gidabaimena kendu dizutenean. 25 urte gazteagoa den praktiketako ikasleaz maitemintzen zarenean. Zure alaba, berak uste zuen aita ez zarela konturatzen hasten denean. Dirua zor diozun boxeolari ohia zure atzetik dabilenean. Heriotzak bizitzak baino interes gehiago pizten dizunean… Zer atera daiteke gaizki? Hauxe ‘Azken agurra’ filmaren sinopsia.
Familiako kide baten heriotzak ekarritako dolua, bere belaunaldiko gizonen «miseria» eta agur zeremonia zibilen mundua elkartu ditu lan berrian Koldo Almandozek (Donostia, 1973). «Iristen da momentua bizitzan ja metatuak ditugunak frustrazioak. Amesten genuen guzti hori ez dela beteko ikusten duzu. Eta beste esperientzia batzuk gainetik pasatzen zaizkigu», esan du. Agur ekitaldi zibilen munduaren aukeraketaz zera dio: «Ez nuen pelikula soziala edo errealista egin nahi, unibertso berezia sortu nahi nuen. Eta egia da heriotzaz hitz egiten duzunean, halabeharrez hitz egiten duzula bizitzaz».
Tomas Martinez (Iñigo Azpitarte) du protagonista Almandozen –‘Razielen itzulera’, ‘Belarra’, ‘Sipo Phantasma’, ‘Oreina’, ‘Hondar ahoak’, ‘Zeru ahoak‘...– lan berriak. Sail Ofizialean eskainiko da asteazken honetan, lehiatik kanpo. Eguneroko bizitzari aurre egiteko erraminta gabezia nabarmena duena, baina filmak aurrera egin ahala beste begi batzurekin ikusiko duguna zuzendariari esker. Agur ekitaldi zibilen negozioa du eta badu enpatia une zailak bizitzen ari diren bezeroak samurtasunez hartzeko. Kontrapuntua eginez, Sara (Izaro Nieto), Unibertsitateko praktikak Tomasen enpresan egingo dituena. «Badira pixka bat gu garena. Iragana eta etorkizuna. Guk nola askotan irakurtzen dugun etorkizun hori eta etorkizun horrek nola irakurtzen gaituen gu, eta egun nola gaizki irakurtzen dugun askotan...», azaldu du.
Desafioa
«Tipo zekena da batzuetan, gezurtia, traketsa. Desafioa da erakustea horrelako pertsonaia batek beste talentu batzuk ere izan ditzakeela. Izan ere, bizitza horrelakoa da. Baditu samurtasun uneak eta bakardade puntuak, eta ametsak eta gero berriro zapuztu egiten dira Tomas anormala delako. Bizitza arruntak gehiago du horretatik, epika handiko istorioetatik baino».
«Desafioa da erakustea horrelako pertsonaia batek beste talentu batzuk ere izan ditzakeela»
Berak gustuko dituen lanak egiten saiatzen da. «Ni gehiago naiz ikuslea egilea baino. Nire bizitzako denbora pila bat pasa behar badut proiektu batean izan dadila mugitzen nauen zerbait sortzeko».
Pozik dago emaitzarekin. «Uste dut karakterra eta pertsonalitatea duela, eta badauka nik gustukoa dudan anbiguotasun maila ere. Niri gustatzen zaizkidan filmek izan behar dute magia moduko bat, perfektuak ez izatea eta bapatean sekuentzia batek harritzea. Lan askotan ia aurretik badakizu nola joango den dena. Gaur egun gero eta gehiago goaz zinema mota horretara».

Dibertsioa bilatzen du lanean. «Komedia egin nahi nuen. ‘Zuk komedia?’, esan zidaten. ‘Ez da gag komedia bat izango, baina saiatu nahi dut komedia melankoliko bat egiten’, izan zen nire erantzuna. ‘Azken agurra’ lanak duen ironia eta umore beltza aipatuta, hauxe erantzuna: «Nire izateko modua hori da. Gero eta zuriagoa da dena, zuritasun horretan edozein mantxak beltza dirudiela».
«Nire izateko modua hori da. Gero eta zuriagoa da dena, zuritasun horretan edozein mantxak beltza dirudiela»
Euskal Herria gero eta ekoizpen gehiagok aukeratzen dute filmatzeko toki bezala kenkari fiskalek bultzatuta. Gazteleraz filmatzen dira horietako ugari. Honen aurrean duen iritzia eskatu diogu. «Kanpokoak hona etortzea logikoa da. Okerragoa da bertakoekin gertatzen dena. Esaten eta egiten dugunaren artean distantzia gehiegi dago. Hemen denoi betetzen zaigu ahoa esanez ‘euskara, hizkuntza ederra, zinemarako, metaforak sortzeko, bla, bla, bla... ba gero zuzendari euskaldun askok erabakitzen du pelikula euskeraz ez egitea horretarako erraztasunak daudenean. Zergatik ez dute egiten?», bota du.
«Arrakasta, Goya sarietan izatea»
Arrakastaz da helburua. «Denok bilatzen dugu arrakasta. Eta zer da? Goya sarietara joatea. Hasita Administraziotik, zinema zuzendari eta ekoizpen etxeetaraino, arrakasta neurtzeko Goya sarietara joan beharra dago. Eta euskarazko filmekin nekez joan zaitezke industrian oso sartuta ez bazaude. Euskarazko pelikula saltzea, gaztelerazkoa saltzea baino zailagoa da. Orduan, iruditzen zaizuna egin, noski, baina gero ez esan niri Goya sarietan 44 nominazio izan dituela euskal zinemak. Izugarri gustatzen zaizkie alfonbra gorriak. Tristea da, baina horrela da. Espainia da gure gudu zelaia eta inork ez du onartzen. Jendeak benetan egin nahiko balitu pelikulak euskaraz, egingo lirateke. Euskaraz idatzi eta euskaraz filmatzea, ez da besterik», egin du gogoeta.
Ardura harago doa. «Euskalduna ez da joaten euskarazko pelikulak ikustera. Denok bizi gara simulakro batean».
‘Itzalak argitzen’
Filma bat ez, bi aurkeztu ditu Zinemaldian zuzendariak. Primeran plataforman ikusgai egon ondoren Zinemiran dauka emanaldia lanak. Xabier Elorriaga, Andu Lertxundi, Alfonso Ungria, Jose Julian Bakedano, Arantxa Renteria eta Arantxa Urretabizkaia izan ditu bidaide Almandozek ‘Itzalak argitzen’ proiektuan. 2025ean, Euskadiko Filmategiak, Lakuako Gobernuak eta EITBk 1980ko hamarkadaren erdialdean bere osotasunean euskaraz zuzendutako lau film ertain berreskuratzeko eta zaharberritzeko prozesua jarri zuten abian. Prozesua Boloniako L'Immagine Ritrovata laborategietan gauzatu zen eta bertara bidaiatu zuten guztiek.
Euskal zineman aitzindari izan zirenekin eskuz esku aritzeko aukera izan du Almandozek. «Garai hartan apustua egin zen euskal zinema egiteko. Gero apustuarekin ez zen jarraitu eta ez zen gehiago egin. Eta inork ez zuen eskatu euskal zinema egiten jarrai zedin», esan du.
«Garai hartan apustua egin zen euskal zinema egiteko. Gero apustuarekin ez zen jarraitu eta ez zen gehiago egin. Eta inork ez zuen eskatu euskal zinema egiten jarrai zedin»
Bi belaunaldi. Bi garai eta bi egiteko molde. Esperientzia nola bizi izan du? «Zoragarria izan da Italian elkarrekin egon garen egunak, izan ditugun konbertsazioak. Anekdotario ederra daukate. Jende oso interesgarria deskubritzen duzu», dio.
Kate beraren begiak. «Haiekin hasi zen lanean teknikari talde asko. Lehendabiziko aukera izan zen eurentzat eta gero jarraitu dute 40 urtetan filmak egiten. Azkenean hau kate bat ere bada. Eta bai, ederra da».
Gaur egun ez bezala, ausardia ikusi du lan haietan. «Igual garaiak ere gaur egungoak baino libreagoak zirelako edo bazegoelako beste egarri bat», esanez amaitu du elkarrizketa.

Estebanen iritziaren aurka, BBBk Ibone Bengoetxea hautatu du Bizkaiko ahaldun nagusigai

El TSJPV da la razón a EHU en la causa por la nota de euskara en la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

Pide judicialmente no repetir curso con tres suspensos, tras la polémica resolución de la PAU



