Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Unai Elgezabal
Eibarko jokalaria

«Bost garaipenak oso ondo daude, baina hori iragana da jada»

Eibarrera 2016an iritsi zen, baina hamar urte igaro behar izan dira Unai Elgezabalek (Urduliz, 1993) armaginekin jokatu ahal izateko. Gazterik joan zen eta futbol profesionalean 200 partida baino gehiago lehiatuta, bi igoera ospatuta eta Lehen Mailan debutatu eta gero itzuli da etxera.

Unai Elgezabal, Ipuruan.
Unai Elgezabal, Ipuruan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Barkamena eskatu zion Jonmi Magunagoitiari joan den larunbatean Justinen jaurtiketak oinean jo ziolako sartu aurretik, ordura arte 400 minututik gora ibili baitzen Eibar golik jaso gabe. «Barkamena?», harritu zen atezaina, «nik eman behar dizkizuet eskerrak, ateratzen dituzuen baloi guztiengatik».

Jonmik arrazoia zuen. Sendotasun defentsiboa talde osoaren lorpena da.

Baloiak justu ukitu ninduen, sartu zen, eta amorrua eman zidan. Baina egia da, denok egiten dugu lan golik ez jasotzeko eta golak sartzeko. 

Meritu handiagoa du boladak, hainbat minututan jokalari bat gutxiagorekin jokatu duzuela kontuan hartuta.

Taldearen DNA ere badela uste dut, jendea oso konprometituta dago. Andorran, adibidez, 50 minutu baino gehiago jokatu genituen jokalari bat gutxiagorekin eta partida aurrera atera genuen.

Arraroa da zuetako norbait kanporatzea, Aranbarrik txartel horiei dien alergiarekin. 

Bai, kar-kar. Bueno, berak badaki txartel batek pixka bat zailtzen dituela dueluak. Baina jendea oso prestatuta dago eta laguntzeko gogo handiarekin; horrenbestez, berak ere badaki aldaketa bat egiten badu, ateratzen dena ateratzen dela, prest dagoela. Armairu hondoa oso ona da eta barne lehiakortasuna oso sanoa. Eta horrek on egiten digu guztioi.

Bost garaipen jarraian. Esatea erraza da baina egitea ez.

Batez ere, aldeak oso txikiak diren txapelketa honetan. Baina horrek ez gaitzala konformistak izatera eraman. Bultzatu behar gaitu, gauzak oso ondo egiten ari garela ikusi behar dugu eta jarraipena eman.

Jarraipena seigarren garaipena izango litzateke. Eibarrek futbol profesionalean inoiz lortu ez duen zerbait.

Aurrekoa ahaztu behar dugu. Bost garaipenak oso ondo daude, baina hori iragana da jadanik. Dinamika hain ona denez, irabaztea erraza dela pentsa daiteke eta oker ibiliko ginateke. Bakarra izango balitz bezala ekin behar diogu partidari. Eta seigarren garaipen hori lortzeko gai baldin bagara, primeran.

Perspektibarekin ia positiboa dirudi lehen jardunaldian galdu izanak, taldeak bere buruari erakutsi baitio erreakzionatzeko gaitasuna duela.

Gogorra izan zen, baina zutik jarri, ikasi eta hobetu egin genuen. Horrek asko dio taldeaz. Porrota eta garaipena erlatibizatzen jakitea, ondo egin duzuna ikusi eta jarraipena ematea eta gaizki egin duzuna ikusi eta zuzentzea oso garrantzitsua da; eta, orain ere, garaipenak lortu arren, hobetzeko lanean jarraitzen dugu.

Egun hartan errealitateak ere eman zigun kolpea: ehuneko ehunean ez bazaude, edozein aurkarik irabaz diezazuke. Hori aztertzeko gai izan ginen; lehiakorrak ez bagara, ehuneko ehunean ez bagaude, partida bakoitzari anbizio handienarekin ekiten ez badiogu, edozein aurkarik irabazten digula jakitea. Eta, gainera, bat eginez erreakzionatu dugu, aldagelan are gehiago batuz, eta hori ere oso garrantzitsua izaten ari da.

«Bitxia da, lau denboraldiaurre egin ditut Eibarrekin lehen partida jokatu ahal izateko; pentsa zer-nolako gogoa nuen»

Partida hori da jokatu ez duzun bakarra. Eibarrekin debuta egiteko hainbat urte itxaron eta gero, beste astebetez itxaron behar izan zenuen.

Bai, luze samarra egin zait. Bitxia da, lau denboraldiaurre egin ditut lehen partida jokatu ahal izateko; pentsa zer-nolako gogoa nuen. Baina ulertzen dut berandu heltzen zarenean, pixka bat kostatzen dela, egokitu behar duzula. Eta, gainera, talde honetan lehia handia dago postua lortzeko.

Inork baino gehiago gozatuko zenuen hurrengo partidaz.

Bai. Eta familiak ere bai, Ipuruan zegoen eta. Etxetik kanpo hainbeste urte eman ondoren, irrikaz geunden. Eibar bat dator oso nire balioekin, oso identifikatuta sentitzen naiz. Oso berezia da hemen jokatzea.

Duela hamar urte iritsi zinen Eibarrera lehen aldiz. Gaztea zinen eta taldea Lehen Mailan zegoen, baina hiru lagapen jarraian izan ziren. Zer pasatzen zitzaizun burutik?

Zaila da, baina lanbide honek berekin dakar. Horrelako egoerak kudeatzen jakin behar duzu. Beste pertsona batzuek hartzen dituzte erabakiak, zure esku dagoen gauza bakarra prest egotea da. Nire ustez banengoen, baina egia da gaztea nintzela eta exijentzia oso handia zela. Agian ez zen unea, edo ez nengoen prest orain egon naitekeen bezala. Ikusarazi zidan zein zaila den kirol profesionalean egotea.

Hirugarren lagapenaren ostean, akabo. Beste etapa bat hasi zenuen, Burgosera eta Levantera eraman zintuena.

Oso etapa onak izan dira, kirol mailan eta maila pertsonalean, eta asko ikasi dut, pertsona hobea bihurtu naute, familia bat osatu dut, pertsona zoragarriak ezagutu ditut, kirol arrakastak izan ditugu… eta oso harro sentitzen naiz. Batzuetan beste bide bat hartu behar duzu, baina uste dut denak lagun diezazukeela hobetzen, hazten… Burgosen lau urte zoragarri izan ziren, hasieratik amaierara gozatu nuen, kirol arloan eta familia mailan; esker oneko hitzak baino ez ditut. Eta Levanteri buruz zer esango dut? Lehen urtean txapeldunak; asko gozatu nuen. Bigarren urtean kiroleko aurpegirik mingotsena egokitu zitzaidan, lesioarekin. Baina esperientzia oso ederrak izan ditut han ere. Gero hona etortzeko aukera zabaldu zen eta ez genuen pentsatu ere egin, oso pozik gaude berriro etxean egoteagatik.

Levanterekin Lehen Mailan debutatu zenuen. Hori bai amets betea. 

Bai, edozein jokalariren helburuetako bat txapelketa onenetan lehiatu ahal izatea da. Bizitza osoa daramat Lehen Mailan jokatzeko borrokan eta 32 urterekin lortu nuen. Berandu dela dirudi, baina niretzat kirol mailan lorpen ederra izateaz gain, lorpen pertsonala ere izan zen, atzean lan handia baitago, konpromiso handia, sakrifizioa, baita nire familiarena ere. Oso pozik nago lortu izanarekin.

Beste urtebeterako kontratua zenuen Levanterekin. Zer gertatu zen?

Ulertzen dut klubak zalantza pixka bat zuela nire lesioagatik, eta erabaki batzuk ez daude norberaren esku, nahiz eta nik sentitzen nuen aurten maila gorenean lehiatzeko prest nengoela. Erabakiak errespetatu egin behar dira, nahiz eta ados ez egon. Ate bat itxi eta beste bat ireki zen.

«Bizitza osoa daramat Lehen Mailan jokatzeko borrokan eta 32 urterekin lortu nuen. Berandu dela dirudi, baina niretzat kirol mailan lorpen ederra izateaz gain, pertsonala ere izan zen»

Ate honen atzean ez dago Julian Calero. Arraroa egingo zitzaizun, hainbeste urte elkarrekin igaro ondoren. 

Urte asko eman ditugu elkarrekin, kirol une asko partekatu ditugu, eta maila pertsonalean ere garrantzitsua izan da niretzat. Burgosera iritsi nintzenean, urte zailetatik nentorren, maila pertsonalean eta kirol mailan, eta berak ilusioa, anbizioa, berreskuratzen lagundu zidan, garrantzitsu sentiarazi ninduen, egunerokoaz gozatzen hasi nintzen berriro. Inflexio puntu bat izan zen nire ibilbidean eta nire bizitzan. Gero, Levanten Lehen Mailara igo ginen, eta hori historikoa da, baina niretzat garrantzitsuena lehen urte hura izan zen, Burgosen, etapa pertsonal txar bati buelta eman eta berriro gozatzea lortu nuelako. Urte asko izan dira elkarrekin, gauza ederrak lortu ditugu, eta lotura handia dut berarekin.

Caleroren esperientzia guztia Jokin Aranbarriri falta zaio. Entrenatzailea futbol profesionalean debutaria izanik, beteranoek erantzukizun handiagoa sentitzen duzue? 

Ez, oso kontzeptu argiak dituelako, oso ideia argia; aurkariak teknikoki eta taktikoki oso ondo aztertzen ditu. Aldagelak asko sinesten du bere mezuan, gauzak ikusteko moduan. Eta ibilbidea dauka atzean, inork ez dio ezer oparitu, zerbaitegatik dago hemen. Konfiantza osoa dugu harengan eta uste dut taldea bat datorrela oso haren mezuarekin, futbola ikusteko moduarekin, egunerokoa ikusteko moduarekin. Oso pozik gaude.

Zer nabarmenduko zenuke? 

Gauza asko. Maila taktikoan, oso ondo aztertzen du aurkaria, soluzioak ematen dizkizu baloiarekin, baloirik gabe… Oso exijentzia handia du egunerokoan eta anbizio handia, bere onena emateko, gure onena lortzeko eta irabazteko gogo handiz ekiten dio aste bakoitzari. Denoi hazten eta hobetzen lagunduko digula uste dut.

Oraingoz lortzen ari da. Bost garaipen jarraian eta oso sentsazio onak. Zaila da ez amets egitea. 

Nik beti oso epe laburreko helburuetan pentsatzen dut, eta uste dut oker geundekeela 5. jardunaldian behar ez ditugun gauzei buruz hitz egiten hasten bagara. Egin behar dugun gauza bakarra hurrengo partidari begiratzea da. Igandea, Las Palmas, oso aurkari zaila. Anbizio handia eduki; gainera, Ipuruara bueltan, irabazten saiatu, zaleak harro senti daitezen eta etxera pozik itzul daitezen. Hori da nire helburu bakarra une honetan.