NAIZ

Bilboko Guggenheimek 30 milioigarren bisitaria hartu du

Guggenheim Museoak 30 milioigarren bisitaria hartu du 1997ko urriaren 19an ateak ireki zituenetik 29 urte betetzeko hiru aste eskas geratzen direnean. Aixa Lopez vigoarrak, biologoa lanbidez, eta Rodrigo Serna madrildarrak, tatuatzailea, osatutako bikoteak lortu du mugarria. 

Ezker eskuin, Miren Arzalluz, Rodrigo Serna, Aixa Lopez eta Eduardo Garcia Gonzalez, Sanander Viajes-eko CEO.
Ezker eskuin, Miren Arzalluz, Rodrigo Serna, Aixa Lopez eta Eduardo Garcia Gonzalez, Sanander Viajes-eko CEO. (Erika EDE | Guggenheim Bilbao Museoa, Bilbao, 2026)

Asteazken honetan, Aixa Lopezek eta Rodrigo Sernak bigarren bisita zuten Bilboko Guggenheimera. Atriora sartzean, museoaren zuzendari nagusi Miren Arzalluzek egin die ongietorria, eta opari bat eman die zifra ezin sinbolikoago hori ospatzeko: Veneziara bidaia bat.

Sanander Viajes agentziaren laguntzari esker, Aixak eta Rodrigok bi lagunentzako bidaiaz eta hiru eguneko egonaldiaz gozatu ahal izango dute Peggi Guggenheim Collection museoaren hirian.

Irabazleek bi sarrera erosi dituzte museoko txarteldegian asteazken honetan 12.30 aldera. Erositako sarreretako bat museoa zabaldu zenetik saldutako 30 milioigarrena dela jakiteak ustekabean harrapatu ditu, eta pozarren agertu dira Veneziara bidaia irabazi izanarekin. Rodrigok onartu du, gainera, ez duela oraindik hiria ezagutzen.

Ostegunean, urriaren 1ean, Museoak ‘Pipilotti Rist. Ever is Over All’ erakusketa aurkeztuko du. Gaur egun bideo-artearen erreferente nagusietako bat den Pipilotti Rist (Grabs, 1962) artista suitzarraren bideo-instalazio ikonikoenetako bat biltzen du laginak. 

18.00etan, entzungelan, Mikel Onandia erakusketaren komisarioak inaugurazioko hitzaldia emango du, artistaren eta lan honen beraren gakoetan sakonduz. Streaming bidez jarraitu ahal izango da museoaren kanalean.