
‘More beloved in autumm/ the red leaves of the trees/, the waists of straight poplars/ adorned in yellowness/, still ochre ferns/ asleep in southerns winds. Hauxe da ‘Berriro igo nauzu ene mendira’ poemaren (You Took Me Up My Mountain Again) lehen estrofa ingelesera eramanda.
New Yorkeko Columbia Unibertsitateko Latinoamerikako eta Iberiar Kulturen Sailean sortua, Sundial Housek literatur itzultzailearen artea sustatu eta erakutsi nahi du, latinoamerikar eta iberiar egileen ahotsen foro bat eskaintzen duen bitartean. ‘Xabier Lete. 50 Poems’ da lehen emaitza, Kirmen Uribek bultzatu duena, Sundial Houseko argitalpen taldeko kide izanik. Berea da argitalpenaren hitzaurrea.
Ingelesez zein euskaraz, bietan, eskaini dira poesiak argitalpenean. Alex Gurrutxagak egindako tesia izan du abiapuntu liburuak. Leteren poesiagintza du ardatz lanak eta Lurdes Otaegik zuzendu zuen orduko hartan. «Itzalean utzitako egilearen erreibindikazioa izan zen», nabarmendu du. «Hura proiektu honen muina da».
Biek elkarlanean ondu dute argitalpen berria. Bi irizpide izan dituzte ardatz Leteren poesia hautatzerakoan. Batetik, bere poesiak sakonean dituen ezaugarri zentralen –aberria, balio humanistikoak, erlijioaren eta materialismoaren arteko tentsioa...– isla izatea eta horrekin batera poetaren ibilbidea ondoen jasotzea.
60 eta 70eko hamarkedatakoak eta 90etik aurrerako lanek dute pisu gehien antologian, garai hauek izan baitziren emankorrenak Leteren literaturgintzan. Badira 80ko hamarkadan idatziak ere, nahiz presentzia urriagoa den idazleak bizi izan zuen krisiaren eraginez.
Balzac ekarri du gogora Gurrutxagak. Nazioaren historia pribatua jasotzen dute autore handiek haren esanetan eta erabat betetzen du premisa hau Letek EHUko irakaslearen iritziz.
«Atzerriko irakurleei bideratutako liburua da, hau ere kontuan izan da aukeraketan, eta era berean gure testuinguruaren berri eman nahi izan diegu», azaldu du Otaegik.
Kristin Addisek ekarri ditu euskaratik ingelerara poemak. Aurre-edizioa da asteazken honetan Gipuzkoako Diputazioan aurkeztu dena. Ohikoa da AEBn literatur kritikariei zuzenduta, euren lana errazteko, horrela egitea, behin betiko edizioa argitaratzerako irakurria izan dezaten. Azaroaren 12an egingo da aurkezpen ofiziala Columbia Unibertsitatean. Eunice Rodriguez-Fergusson, Sundial Houseko arduradunak; Addisek eta Uribek parte hartuko dute ekitaldian.
Berau arduratuko da liburuaren banaketaz eta Euskal Herrira ere iritsiko da. Durangoko Azokan ere egongo da salgai.
Egun handitzat jo dute gaurkoa ekitaldian parte hartu dutenek. Bertan izan dira Kirmen Uribe idazlea eta Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia ere. «Poz handia da aspaldiko asmoa beteta ikustea», adierazi du Uribek.«Beharrezkoa zen Leteren lana ingelesez irakurri ahal izatea «kalitatezko argitaletxe batean, itzulpen zuzenarekin eta testuinguru kritiko sendoarekin».
New Yorken urteak daramatzan idazlearen esanetan bada bertan hizkuntza hegemonikoetatik kanpo ilunpean geratu diren harribitxiekiko interesa. «Beste indar bat dute, beste forma batzuekin ere ausartu egiten dira. Hizkuntza hegemonikoetan tradizioak indar handia du», esan du.
«Duela ez hainbeste Xabier Lete ez zen hemengo Unibertsitatean ikasten, ulertzen zaila dena. Bere belaunaldiak egindako ekarpena ezagutarazi nahi dugu», azaldu du ekitaldian. «Liburuak asko lagunduko du nazioartean gure idazleen berri ematen», gaineratu du.
Joxemari Sorsen laguntza eskertu dute, lanen eskubideak doan utzi baititu. Era berean, gogoan izan dute JoxAnton Artzeren bikote Carmen Esteban, «eskubide horiek eman zituelako gauzatu ahal izan baita proiektua».
Sundial Houseren iberiar penintsulako bildumaren lehen lana da Leterena. Atzetik etorriko dira Mendez Ferrinen eta Xuan Belloren lanen itzulpenak.

Muere una joven que resultó herida en la sokamuturra de Lodosa

La Policía Municipal abate a un vecino de Hondarribia y la comunidad senegalesa pide «justicia»

Ruidosas memorias del pionero y alternativo punk euskaldun

Deportazioa apurtu zuen Ramon Sagarzazu ‘Xenpe’ oiartzuarra hil da

