50 edizioren ondoren, etorkizunari begira
Kilometroen 50. edizioaren ospakizunak behin eta berriz atzera begira jarri gaitu azken hilabeteetan. Eta ez da gutxiagorako, 1977 hartan Beasainen eta Lazkaon egindakoa sekulako balentria izan baitzen. Mende erdiko ziklo hori itxi ondoren, etorkizunera begira jartzeko ordua iritsi da.

Euskal Herrian beti izan da gure historiari begira jartzeko ohitura. Ohitura sanoa eta beharrezkoa, gure aurrekoek ahalegin handiz egindako ekarpenak gogora ekarri eta etorkizun oparoagoa eraikitzen lagungarri izan ditzakegunak.
Baina batzuetan, atzera begiratzeko joera hori gehiegizkoa ere izaten da, eta ahaztu egiten zaigu etorkizunera begiratzea. Aurtengo Kilometroetan arrisku hori sortu daiteke, ezinezkoa delako 1977 hartan Beasainen eta Lazkaon egindako ekintza gogoangarri hari begira ez jartzea.
Horregatik, aurtengo jaialdiaren antolatzaileek argi izan dute lehen momentutik etorkizunari begira jartzearen garrantzia, eta 50. edizio honek, ezinbestean, ziklo baten itxiera eta beste baten hasiera ekarriko duela.
Ziklo aldaketa hori igande honetan Lazkaon gauzatuko den ekimen berezi batekin irudikatu nahi izan dute, “Denboraren tunela” izena duena eta historia eta etorkizuna elkarrekin lotuko dituena.
«Praktikan, herriko toki desberdinetan jarriko diren egurrezko bost tunel dira, zazpi metro luze eta hiru metro zabal dituztenak, eta barruan Kilometroen inguruko informazio panelak jasoko dituzte, hamarkadaka banatuta», azaldu digu Xeber Maizak, Lazkaoko Kilometroetako koordinatzaileak.
Ekimen honetan parte hartze berezia izango dute gazteek, beraiek izango baitira historia hori erakutsiko dutenak eta, aldi berean, etorkizunari begira jarriko direnak. Horretarako, seigarren tunel bat eraikitzeko aukera eskaini zaie, Kilometroen etorkizuna nola irudikatzen duten azaltzeko.
Aurtengo jaiaren aurkezpenean Mara Naldaiz eta Amalur Agirrezabala ikasleek parte hartu zuten, ekimen honetan parte hartu duten Batxilergoko euskara taldeko 30 ikasleen ordezkari moduan. Beren hitzetan, atzera begirakoarekin batera, «etorkizunerako prest gaudela ere erakutsi nahi dugu. Horretarako, seigarren tunel bat sortu dugu, bertan, jendearen ekarpenak jasotzeko. Guretzat, garrantzitsua izan da 50. edizio honetan, nondik gatozen presente edukitzeaz gain, etorkizuneko Kilometroen beharraz jabetzea».
Gazteen parte hartzea, hala ere, ekimena antolatzen hasi zen lehen momentutik gauzatu da. Kilometroen koordinatzaileak azaldu duenez, «aspalditik ari gara gai hau gazteekin lantzen eta hasiera hartan guk ideia biluzik eraman genuen, haiek forma ematen joan zitezen», adierazi du Xeber Maizak.
Eta baita forma eman ere. Hausnarketa eta proposamen desberdinek egurrezko tunelen forma hartu dute, eta, proiektua Lazkaoko zurgintza enpresa bati proposatu ostean, errealitate bihurtu dute 50. edizio berezi honetarako.
Zozketa
Bestalde, ekimen honetan parte hartzen duten bisitariek ez dute modu pasiboan egingo, erakusketa arrunt batean egingo luketen moduan. «Tunel bakoitzetik igarotzean, zigilu bat jasoko dute eta, tunel guztiak igaro ondoren, zozketa batean parte hartuko dute», azaldu du Maizak.
Ideia aurreko urteetako Kilometroetatik hartu dute. Izan ere, ibilbide haietan, txartel baten arabera, kilometro bakoitzari balio bat ematen zitzaion, eta aurten jatorrizko ideia hori berreskuratuz, tuneletatik igarotzen direnei txarteltxo bat eskainiko diete. Zeharkatzen den tunel bakoitzean txartelari zigilu bat jarriko zaio, eta, txartela osatu ondoren, seigarren tunelaren irteeran, zozketa batean parte hartzeko aukera izango da.

Ha cambiado el viento y, si se acierta, no es imposible ganar el pulso a la derecha

Pide judicialmente no repetir curso con tres suspensos, tras la polémica resolución de la PAU

Sánchez, Abdul-Jabbar y una carrera por la pole entre EH Bildu y PNV

29N: Sánchez adelanta elecciones con la vivienda como ventana de oportunidad contra la derecha





