NAIZ
Donapaleu

Saioa Alkaiza garaile Donapaleuko saioan

Saioa Alkaizak irabazi du Donapaleuko saioa.
Saioa Alkaizak irabazi du Donapaleuko saioa. ( Nathalie GUIRONNET)

Donapaleuko Airetik gelan jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo faseko laugarren saioa. Giro beroan, 450 lagunetik gora bildu dira bertan, Bertsozale Elkarteak berri eman duenez. Xalbat Alzugarai Etxeberri gai-jartzailea izan da oholtzara iristen lehena eta, haren atzetik, sei protagonistak: Maider Arregi Markuleta, Sarai Robles Vitas, Eneko Lazkoz Martinez, Oihana Iguaran Barandiaran, Iñaki Viñaspre Simon eta Saioa Alkaiza Guallar.

Ariketa puntuagarri guztiak bukatu ondoren, Saioa Alkaiza izan da puntu gehien bildu dituen bertsolaria, 683 hain zuzen ere. Beraz, Larraun-Lekunberriko finalaurrekoan kantatuko du Alkaizak heldu den urriak 24an. Donapaleuko saioko beste bost bertsolariek puntuazioaren arabera izango dute finalaurrekoetara sailkatzeko aukera.

Horrela geratu dira puntuazioak:

Saioa Alkaiza, 683
Oihana Iguaran, 672.5
Maider Arregi, 659
Eneko Lazkoz, 624.5
Iñaki Viñaspre, 613.5
Sarai Robles, 600.5

Lehenengo fasetako beste saioetan bezala honako epaile taldea aritu da lanean: Aitor Jimenez Tolosana, Bakarne Urreaga Etxeberria, Iban Thicoipe, Jon Diaz de Mendibil Sarasti, Mirari Azula Aurrekoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Unai Muniain Caballero. Idazkari lanak Itxaro Juaristi Olaetxeak eta Ainhoa Goñi Castañaresek egin dituzte.

Lehenengo faseko hurrengo saioa igande honetan jokatuko da Tolosako Usabal kiroldegian, arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai; bihar, 15:30ean zabalduko da txarteldegia.