NAIZ

Estebanek dio EAJ ez dela «blokeen» arteko borroka batean sartuko

EAJ espainiar hauteskundeetarako «prest» dagoela adierazi du Aitor Estebanek eta gaineratu du bere alderdia ez dagoela «blokeak defendatzeko», baizik eta «Euskadiren interesen» alde egiteko. EAjren «eredu arrakastatsua» defendatu du.

Aitor Estebanek bideo baten bidez egin ditu adierazpenok.
Aitor Estebanek bideo baten bidez egin ditu adierazpenok. (EAJ)

«Ez gaude blokeak defendatzeko», adierazi du Euzkadi Buru Batzarreko presidente Aitor Estebanek espainiar Estatuko hauteskundeak aurreratu izanaren harira. EBBeko buruak ekidistantzia moduko bat markatu du horrela, Sanchezek ezaugarritutako joku-zelaian: «Progresoa edo ultraeskuina».

EAJ «Euskadiren interesak defendatzeko» arituko dela bakarrik nabarmendu nahi izan du Estebanek. Izan ere, azaldu duenez, «Espainiako Gobernuaren etorkizuna ez da Euskadin erabakitzen. Madrilek bere borrokak izango ditu, baina Euskadik bere interesak defendatu behar ditu». 

Gaineratu du hauteskunde hauetarako prest zeudela eta deialdiak ez dituela «ustekabean» harrapatu, legegintzaldiak ezin batzuen jarraitu «proposamen zehatzak aurrera ateratzeko gutxieneko komunik gabe». Estebanen arabera, gobernatzea ez da «eustea soilik», «akordioak eta herritarren onerako aurrerapausoak lortzeko instituzio-gailua erabiltzea» baizik.

Adierazi du «lehentasuna euskal herritarrak defendatzea duten hautagaiak» aukeratuko dituztela, «argi dituztenak egin beharreko proposamen zehatzak, herritarrei labur eta argi azalduta». Halaber, EAJren «eredu arrakastatsua» defendatu du, Madrildik etor daitezkeen «eraso guztietatik gure autogobernua defendatzeko» gai izango den hautagaitza aurkeztuko duena, «elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordioak lortzeko gaitasunean egiteko».

Bestalde, Imanol Pradales lehendakariak ohartarazi du datozen asteetan hauteskundeek «zarata politiko eta mediatiko handia» sortu arren, horrek ez duela lortuko haren Gobernua «nahastea». «Jokoan dago EAEko autogobernuaren aurrerapen eta sendotze lanetan jarraitzea», gehitu du.

Ildo horretan, hauteskundeak aurreratu izana, ikuspuntu politikotik begiratuta, «mugarri garrantzitsua» dela dio. Etxebizitza dekretuak espainiar Estatuko Diputazio Iraunkorrean sartzeko aukeraren aurrean, lehendakariak ez du adierazpenik egin nahi izan.

Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiaren aburuz, «albiste ona» da Sanchezek hauteskundeak deitu izana, «espainiar Estatuko klima politikoa jasanezina delako eta ezin delako horrelako egoeran politikarik egin». «Eskuin muturra eta ezker muturra» gaur egungo «polarizazioaren» erruduntzat jo ditu.