NAIZ

Kazerolada batek Culinary «auzoarentzat» izatea aldarrikatu du Kursaal atarian

Gastronomika kongresuaren hasiera egunean, Kursaal parean elkartu dira hiriburuko auzokide ezberdinak kazerolada zaratatsua eginez. GOe eraikinak Manteon eragin dituen aldaketak salatu dituzte pankartak eskuan eta lapikoak koilarekin joz.

Kursaal parean egin duten mobilizazioa.
Kursaal parean egin duten mobilizazioa. (Maialen ANDRES | FOKU)

Kazerolada zaratatsua egin dute hainbat herritarrek eta auzo-elkartek astelehen honetan Donostiako Kursaal jauregiaren aurrean. Gastronomika kongresuaren hasierarekin batera deitu dute protesta. Barruan hitzaldiak ematen ari ziren bitartean, kanpoan lapiko eta koilarak baliatuta zarata hotsak nagusitu dira, «Culinary auzoarentzat» eta «Manteo parkea ez ukitu» bezalako aldarrikapenen artean. ‘Basque Culinary Center, zure aberastasuna gure pobrezia’ edo ‘Mafiak kanpora’ zioten pankartak ere ikusteko aukera izan da.

Protestari herriaren babesa emateko deia luzatu zuten Uliako zein Groseko hainbat auzo-mugimenduk. Hainbatetan salatu dutenez, Manteoko berdegunea «lapurtu» egin diote auzoari «interes pribatuko azpiegitura bat eraikitzeko asmoz». Sinadura bilketa ere egin zuten borroka honen bidean, haien hitzetan guneak «berdea eta publikoa» izaten jarraitu behar baitzuen. Gunean ordea, GOe, Gastronomy Open Ecosystem, eraiki zuten, hil honetan egingo du urtebete irekiera egunetik, eta beraz, bizilagunen artean haserreak dirau.

Hori horrela, gaur gastronomiaren munduan aritzen direnentzat zita garrantzitsua zela aprobetxatuta, Kursaal parean elkartu dira.

Gainera, aste gutxi lehenago eremu horretan Apar izeneko pizzeria eta jatetxe bat ireki izanak haserrea piztu du berriro ere. Uliako Auzo Elkarteak berehala ixteko eskatu du, lizentziak kolokan jarriz eta espazio horrek auzotarrei inolako onurarik ekarriko ez diela iritzita.