NAIZ

Mugikorraz ordaintzeko tresnek Europa mailako aliantza sortu dute

Telefono mugikorraz ordaintzeko sistemak Europan kontrolatzen dituzten enpresek (Bizum edo EPIren gisakoak) elkarlanerako aliantza jarri dute martxan. Helburua estatu desberdinetan tresna hau erabili ahal izatea da. Egun estatu bakoitzean enpresa bat aritzen da. 

Bizum sistema erabiliz telefono mugikorrarekin ordainketa bat egiten.
Bizum sistema erabiliz telefono mugikorrarekin ordainketa bat egiten. (Eduardo PARRA | EUROPA PRESS)

Mugikorraz ordaintzeko aukera ematen duten Europako bost sare nagusiek –banku handien sostengua dute– elkarlanerako aliantza martxan jarriko dutela iragarri dute. Neurri honen helburua sistemak elkarrekin konektatzea, Europako kontsumitzaileei estatu desberdinetan ordainketak egitea  eta elkarrekin dirua trukatzea bermatzea da.  

Elkarte berri honen kideak hauek dira: EPI (Alemania eta Estatu frantseseko banku nagusiak biltzen dituena), Bancomat (Italia), Bizum (Estatu espainola), SIBS-MB Way (Portugal) eta Vipps MobilePay (Danimarkan, Norvegian, Finlandian eta Suedian aritzen dena). Aliantzaren izena European Network for Payments (Ordainketerako Sare Europarra), Madrilen izango du egoitza eta enpresa bakoitzak akzio kopuru bera izango du.

«Sortuko den entitate berriaren egitekoa Europako ordainketa-soluzioak konektatzea da, azpiegitura tekniko eta operatibo partekatu baten bidez», zehaztu dute ohar batean. 

Bizumek emandako datuen arabera, aliantza sortu duten enpresek 130 milioi bezero dituzte Europako hamahiru estatutan. Hau da, Europako Batasuneko eta Norvegiako populazioaren %70ak erabiltzen du telefonoaren bidez ordainketak egiteko sistema hauetako baten bat.

«Europako Batasuneko eta Norvegiako populazioaren %70ak erabiltzen du telefonoaren bidez ordainketak egiteko sistema hauetako baten bat»

Ordainketarako tresnen merkatuan lehia bizia dago. Estatu batzuetan, frantsesean bezala, sistema propio bat dago (CB txartelak). Besteetan, berriz, Visa eta Mastercard estatubatuarrak dira nagusi.  

Honekin batera, Europakoak ez diren beste enpresa batzuen (Apple, Google eta Samsung) asmo komertzialek ere –mugikor bidezko ordainketa-aplikazioen bidez– arriskuan jarri dute orain arte banku nagusiek alor honetan izan duten nagusitasuna. 

Bankuak, beldurrez

Gauzak horrela, Europako banku nagusiek estandar berri bat ezartzeko antolatu dira. Ordainketa sistema tradizionalak atzean utziz, telefonoa erabiliz kontu batetik bestera transferentziak egiteko edo denda batean erositakoa ordaintzeko aukera ematen duten sistemak jarri dituzte martxan.
Estatu frantsesean Wero zerbitzua abiatu dute, Paylib zenaren oinordekoa. EPIk garatu du. Estatu espainolean Bizum da nagusi, 34 bankuek euren bezeroei eskaintzen dieten sistema. 

«Gero eta jende gehiagok ordaintzen du telefono mugikorrarekin. Dagoeneko ez dute txartelik behar», adierazi zuen EPIko zuzendari nagusia Martina Weimertek asteazkenean bankuen aliantza hau aztertzeko bideo-konexio bidez egindako prentsaurrekoan. 

«Interoperabilitate-erakunde hori sortzea aurrerapen nabarmena da herrialdeen Europako ekosistema jasangarri eta integratua eraikitzeko bidean», adierazi zuen Bancomateko CEO Fabrizio Burlandok.

Bizumeko Nazioarteko Garapenerako zuzendari orokorraren albokoa den Fernando Rodriguezentzat, aliantza honekin Europako bankuek elkarlanerako duten gaitasuna erakutsi dute.  

Dena den, Europako burujabetza, independentzia eta autonomia estrategikoa bezalako hitz potoloak edo arrisku geopolitikoen abisuak ezerezean gelditzen dira. EPIk, esaterako, enpresa estatubataur baten zerbitzuak erabilzen ditu datuen biltegirako. 

«Gutako askok Europako tresnak erabiltzea gustoko izango genuke», nabarmendu zuen Weimertek. Afera garestiagoak direla, ez direla hain osoak eta seguratasunari dagokionean ere atzetik doazela da. 

«Oso zaila da gai honetan oreka lortzea», onartu zuen. 

Guzti honekin batera, Europako Banku Zentralak hamarkada honen amaierarako euro digitala martxan jarri nahi du. Modu honetan txapon eta bilete fisikoak ordezkatuko lituzke. Honen aurrean, herritarren kontrola biziki handituko litzatekela ohartarazi dute batzuek.