NAIZ

Gasteizko Foru Plazaren mende erdia liburu batean

Gasteizko Foru Plazak mende erdia bete duen honetan, liburu bat argitaratu berri dute Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren proiektu hura gogoratu eta azaltzeko antolatu dituzten ekitaldi ugarien barruan.

Liburuko bi irudi.
Liburuko bi irudi. («Foru Plaza/ Plaza de los Fueros»)

Gasteizko Foru Plazak mende erdia bete du aurten. 1976an eraiki zuten Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gancheguiren proiektu hura, Abastu Merkatu eraitsi berriaren orubean. Foruak omentzeko proiektua zen, haien abolizioaren mendeurrenerako, Franco diktadorea hil ondoko urte nahasi eta gatazkatsuan, hain zuzen. 

Plazaren urteurrenarekin bat eginez, ‘Foru Plaza/ Plaza de los Fueros’ liburua argitaratu berri dute, gune horren historia, dimentsio artistikoa eta arkitektonikoa eta herritarrek Gasteizko hiri-espazio berezi horrekin duten harremana jorratzen dituena. Argitalpena Patricia Alvarez de Arkaiaren, Angel Corderoren eta Montx Alkortaren ekimena izan da, urteurren borobil honetan antolatutako ekitaldi ugarien barruan, Foru Plazaren esanahian sakondu eta Gasteizko paisaiaren eta eguneroko bizitzaren parte den obra hori hobeto ezagutzen laguntzeko asmoz.

Plaza sortu zeneko testuinguru historiko eta soziala, Eduardo Chillidak eta Luis Peña Gancheguik garatutako sormen-prozesua, esku-hartze artistiko eta arkitektoniko gisa duen dimentsioa eta espazio hori hiriko eguneroko bizitzan txertatzeko modua jorratzen ditu liburu mardulak. Beraz, berreraiki egin du proiektua nola sortu zen, nola lan egin zuten Chillidak eta Peña Gancheguik eta nola hiriak bere egin zuen «harrizko espazio erraldoi» hau. 

Plaza osoa artelan

Plaza hartan artelan bat kokatzeko leku gisa diseinatu beharrean, Chillidak plaza bera eskultura gisa irudikatu zuen, haren espazioak, hormak, harmailak, desnibelak, frontoia eta eskultura esku-hartze beraren parte direla, eta liburuak prozesu horri heltzen dio. Foru Plaza sortu zeneko testuinguru historiko eta soziala azaltzen du, egileen ideia nola garatu zen eta zer gertatu zen ondoren, proiektu hura gasteiztarren hainbat belaunaldirentzako kontzertu, herri kirol, pilota, festa agertoki eta topagune bihurtu zenean.

Artearen, arkitekturaren eta ondarearen arloko hainbat adituren eta beste zenbaiten testuak eta ekarpenak biltzen ditu argitalpenak; besteak beste, Pedro Txillida, Kosme de Barañano, Jon Wood, Mario Sangalli, Gilen Txintxurreta, Peter Murray, Miren Vadillo, Daniel Castillejo eta José Antonio Abasolorenak. Baina Chillidaren eta Peña Gancheguiren obraren inguruan ez ezik, hamarkadetan hiriko eguneroko bizitzaren gune den espazioaren inguruan ere hitz egiten dute.

Liburuaren argitalpenarekin bateratsu egiten ari diren ekitaldien artean, azaroaren 7ra arte Ignacio Aldecoa Kultura Etxean zabalik egongo den erakusketa dago ikusgai. Bertan daude, besteak beste, Chillidaren ‘Gasteiz’ alabastroa, Chillida Lekuko sei zirriborro eta maketa bat, eta Artium Museoak lagatako ‘Gasteiz’ grabatua. Azaroaren 2ko 19:00etan, berriz, , plazaren alderdi artistikoaren inguruko hitzaldi bat egingo dute Ignacio Aldecoan bertan.