
David Jimenezen izen bereko liburuan oinarritutako filma da ‘El director’. Egileak ‘El Mundo’ egunkariko zuzendari gisa bizitako esperientzia kontatzen du bertan. Dani de la Orden zinemagileak zuzendu du filma, bereziki ‘Casa en flames’ lana zuzentzeagatik ezaguna.
Bi hamarkada baino gehiago gerren eta gatazken berri eman ondoren, David Jimenez korrespontsala Estatu espainoleko egunkari nagusietako baten zuzendari izendatu dute. Kazetaritza independentea eta zorrotza egiteko asmoak, ordea, talka egingo du hasieratik egunkariaren eguneroko jardunaren atzean ezkutatzen diren interesekin, Cardenal editorearen babespean.
Jiménezen izen bereko liburuan oinarritutako gidoia Alejandro Hernandezek eta Michel Gaztambide euskal gidoilariak idatzi dute. Egunkari bateko zuzendariaren esperientziatik abiatuta, Dani de la Orden zuzendariak kazetaritza zintzoa egiteko zailtasunen erretratu intimoa osatuko du. Aldi berean, Estatu espainoleko egungo errealitate politiko eta sozialaren engranaje konplexuari begirada kritikoa ere eskainiko dio, dokumentaletik hurbil dagoen estilo bisual errealista erabiliz.
David Verdaguer eta Alberto San Juan dira filmeko protagonistak. Fernando Colomo, Xavi Saez, Miriam Iscla eta Joan Carreras ere aktore-zerrendan daude, eta Carmen Machi, Emma Vilarasau, Willy Toledo eta Fernando Cayok parte-hartze berezia izango dute.
«Orain arte komediaren arloan egin dudanarekin zerikusirik ez duen thriller politiko eta periodistikoa da. Oso interesgarria izan da horrelako proiektu bati heltzea», adierazi du zuzendariak.

ELE, nombre del nuevo partido que niega derechos a migrantes y rechaza la «moda woke»

Feijóo huele la sangre y se abalanza sobre un Sánchez calculador

Onerako edo txarrerako, hemen da Donostiako Metroa
«Dolua behar den unean ez baduzu egiten, aurrerago egin beharko duzu»

