‘Eguberrietako zuhaitza’ liburua itzuli du Xabier Olarrak

Xabiel Olarrak itzuli du Jennifer Johnston idazle dublindarraren ‘Eguberrietako zuhaitza’ nobela. Bertan, heriotzaren zain dagoen Constance Keating protagonistaren azken bizipenak, erabakiak, oroitzapenak eta harremanak ezagutzeko aukera izango du irakurleak.

Xabier Olarra ‘Eguberrietako zuhaitza’ liburuarekin.
Xabier Olarra ‘Eguberrietako zuhaitza’ liburuarekin. (Jon URBE | FOKU)

Jennifer Johnston idazle dublindarraren ‘The Christmas Tree’ liburua itzuli du Xabier Olarrak, eta ostiral goizean Donostian egindako aurkezpenean itzultzaileak adierazi duenez, «planteamenduetan nobela bitxia da eta gaurkotasunari oso loturikoa». 

Eleberriak «heriotzaren aurrean bizitzari begiratzeko modu berezi bat» erakusten duela azaldu du itzultzaileak. Bertan, protagonista den Constance Keatingek, gaixotasun baten ondorioz heriotzaren zain dagoenak, iraganeko oroitzapenak eta garai horietako harremanak izango ditu ardatz. 

«Protagonistarekin batera, izango dira bere ahizpa Bridie, kontrapuntua izango dena, eta Bill, mediku laguna, eta bien artean zaintzen saiatuko dira», kontatu du aurkezpenean Inazio Mujika editoreak. Gaineratu du, haiekin batera protagonistaren zaintzailea den Bridie gaztea izango dela: «Honek umore puntua jartzeaz gain, eguneroko bizitzaren lekukoa denez harreman konplizea sortzen dela esango nuke».

Mujikak eta Olarrak bat egin dute pertsonaiaren alde garrantzitsuenetako bat hartzen dituen erabakiak direla esatean. «Argi du nola bizi nahi dituen azkeneko egunak, ez duela ospitalera joan nahi eta, batik bat, aurrean izan nahi duela eguberrietako zuhaitz bat», azaldu dute.

Nahi horretatik dator eleberriaren izenburua ere, Mujikak adierazi duenez: «Bereziki zuhaitz natural bat nahi du Constancek bere aurrean, argi urdinez apaindua, eta noski, ikur bihurtuko dena». Haurtzaroaren eta iraganaren oroitzapenen, eta itzaltzen ez den itxaropenaren ikurra izango da. 

Gainera, gaztelaniazko itzulpenak izenburutzat du ‘Las luces azules’, baina, Olarrak kontatu du argi izan zuela jatorrizko izenburua mantendu nahi zuela, ikurrari erreferentzia egiten diolako.

Kronologiarik gabeko eleberria dela ere azaldu dute, hau da, etengabe iraganaren eta orainaldiaren artean jokatzen du idazleak. «Salto ezberdinen arteko puzzleak egingo ditu irakurleak», zehaztu du Olarrak. 

Idazlearen aztarna orrien artean

Bestalde, itzultzaileak aipatu du Jennifer Johnston bera ere aipagarria dela: «Dublinen hazitako emakume protestantea izan zen, eta lau haur izan ostean, oraindik hutsune bat zuela zioen, horregatik 40 urte inguru zituela idatzi zuen lehen liburua». 

Eleberriak idazteaz gain, antzerki batzuk ere idatzi zituen, eta Olarrak azaldu duenez, haren bizitza soziala, ingurua eta erlijioa oso presente izan dira lan ezberdinetan. «Nobela honetan adibidez, ez da inon aipatzen erlijiorik, baina dituen jarrera edota ekintza ezberdinek ulertarazten dituzte gauza asko, batez ere idazlearen inguruarekin lotura dutenak», kontatu du itzultzaileak. 

Mujikak eta Olarrak aurkezpenean adierazi dute erraz irakurtzen den lana dela, nahiz eta lasai eta denborarekin eginez gero ikertzeko adar eta detaile ezberdinak topatu ditzakeen irakurleak.