Kontzientzia «lasai» duela eta «zuzen» jokatu zuela esan du Enrique Maya Iruñeko alkateak
Enrique Maya egungo Iruñeko alkateak Maria Paz Benito epailearen aurrean deklaratu du ordu eta erdiz, Nafarroako Kutxaren dieten kasuan auzipetu gisa. Kontzientzia «lasai» duela eta «zuzen» jokatu zuela esan du. Bihar, Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiaren txanda izanen da.
Iruñeko alkateak, Enrique Mayak, ordu eta erdiz deklaratu du Maria Paz Benito epailearen aurrean –aktak Kontuz elkartearen webgunean–. Hau ere CANeko Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko kidea izan zen, auzipetutako bertze biak, Miguel Sanz eta Alvaro Miranda, bezala. Sanzekin gertatu bezala, txistuka eta oihuka hartu dute auzitegiaren kanpoaldean bildu diren lagunek Iruñeko alkatea.
Deklarazioa amaitu ondoren kazetariei esan dienez, «normaltasun eta lasaitasun osoz» erantzun die egin dizkioten galderei. Alde guztiei erantzun diela azaldu du, baina ez du xehetasunik eman nahi izan epailearen aurrean esandakoari buruz.
Nafarroako Kutxan egindakoagatik kontzientzia «lasai» duela eta «zuzen» jokatu zuela nabarmendu du Mayak, eta espero duela bere deklarazioak auzia argitzen laguntzea eta inputazioa altxatzea. «Lortu behar dena da hau auzi politikoa ez bihurtzea. Utz diezaiogun epaileari lasai lan egiten», adierazi du.
Berak eta UPNko beste hainbat agintarik jaso zituzten dietak «handiak» zirela onartu du eta itzuli zituenean «lasaituta» sentitu zela. Orain, «ikusita nola gertatu den dena, hobe gertatu izan ez balitz, baina horrek ez du esan nahi legez kanpokoa zenik», amaitu du.
Bihar, Alvaro Miranda
CAN kasuagatik auzipetutako UPNko kargudunak epailearen aurretik igarotzen ari dira banan-banan. Ostiralean, Miguel Sanzek adierazi zuen berak ez zekiela dietetan 90.000 euro kobratu zituela. Bihar, berriz, Alvaro Miranda Ekonomia sailburu ohiaren txanda izango da.
Auzia daraman Iruñeko Auzitegiko Instrukzioko 3. Epaitegiko Maria Paz Benito epaileak martxoaren 21ean kaleratutako autoan CANeko dietek «zalantzazko euskarria» dutela eta horiek ordaindu eta kobratzea «eroskeria delitua izan daitekeela» nabarmendu zuen.