INFO

Iñaki Azkunaren ebakuntza ondo atera dela dio Basurtoko erietxeak

Bilboko alkate Iñaki Azkunari ebakuntza egin diote Basurtoko ospitalean giltzurruna kentzeko. Ebakuntza ondo atera dela esan du erietxeak baina ez du zehaztu zenbat denbora beharko duen errekuperatzeko.

Iñaki Azkuna, artxiboko irudian. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Iñaki Azkunak atzeratu egin du Udaletxean lanera itzultzeko data. Izan ere, ospitaleratuta dago pasa den ostiraletik Basurtoko erietxean eta gaur bertan ebakuntza egin diote giltzurrun bat kentzeko. Bere gaixotasunak arazoak sortu dizkio giltzurrunetan. Antza, infekzioa du eta horrek sukar altua eragiten dio.

Ebakuntza ondo atera dela esan du Basurtoko erietxeak ohar bidez eta datozen orduan berpizte gelan igaroko dituela.

Nolanahi ere, ez du zehaztu zenbat denbora beharko duen Azkunak ebakuntzatik errekuperatzeko.

Azkunak berak eskatu zuen ebakuntza egitea, infekzioek sortzen zizkioten arazoekin amaitzeko. Dirudienez, pasa den maiatzeko ebakuntzan «metalezko pieza bat» jarri zioten medikuek giltzurrunean baina ez du uste bezalako erantzunik eman. Aitzitik, sukar altuak eta infekzioak eragiten dizkio.

Ekainaren 1ean berriro ingresatu zuten erietxean, eta hilaren 14an agertu zen berriro publikoki, Munduko Alkateen Foroaren itxiera ekitaldian.