Ibai Gomezek kontratua berritu du Athleticekin 2017ra arte
Ibai Gomezi hurrengo udan amaitzen zitzaion Athleticekin zuen kontratua baina hitzarmen berriarekin Bilbon geratuko da 2017ko ekainaren 30era arte. Kontratuaren etete klausula 35 milio eurokoa da.
Sestaotik 2010ean fitxatu ondoren, Ibai Gomez talde bilbotarreko jokalari garrantzitsua bihurtu da azken denboraldietan, eta, bere kontratua berrituz, Carlos Gurpegirekin eta Andoni Iraolarekin hasitako kontratuen berritzeen atala itxi du aurten talde zurigorriak.
Momentu honetan, Athleticeko jokalari guztiek dute kontratua indarrean datorren denboraldirako, baina etorkizunerako Iker Muniain bezalako jokalarien kontratuen berritzea izango da hizpide. Nafarraren kontratua 2015eko ekainean bukatuko da.
Ibai Gomezek 2010eko urrian egin zuen debuta Athleticeko lehen taldearekin, Zaragozaren aurka San Mamesen (2-1), eta ordutik 82 partida jokatu ditu zurigorriekin Ligan, Kopan eta Europa Leaguen, bederatzi gol sartuz, sei Ligan eta hiru Europako lehiaketan.