INFO

Zestoan hondakinen %82 birziklatzea lortu dute hiru hilabetetan

Zestoan hondakinak gaika biltzeko sistema komunitarioa abian jarri dutenetik hiru hilabete igaro dira eta dagoeneko Udalak ezarritako helburua lortu dute, birziklapen tasa %82,26koa baita.

Udalak jarritako helburuak sobera gainditu dituzte zestoarrek. (GHK)

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ohar bidez jakinarazi duenez, gaikako bilketa sistema abian jarri zenetik hiru hilabetera hondakinen %82,26 birziklatzea lortu du Zestoak, %74,73 sistema komunitarioarekin egiten den gaikako bilketari esker eta %7,53 autokonpostari esker.

2013 eta 2014ko abuztuko datuak alderatuta, nabarmendu dute errefuxa %60 gutxiago jaso dela, ontzi arinak pasa den abuztuan baino %119 gehiago, papera eta kartoia %36 gehiago, beira %23 gehiago eta hondakin bereziak %35 gutxiago jaso direla.

Iragan maiatzean jarri zuen abian Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak «Urola Garbia» kanpaina, eskualdeko udalerrietan ahalik eta errefuxa gutxien sortzeko eta birziklapen maila altuak lortzeko helburuarekin.

Zestoan, %70eko birziklapen tasa lortzea zen helburu eta Leire Etxeberria alkatea adierazi duenez «zestoarrek helburua bete eta gainditu ere egin dute».

GHK-k azaldu du Aizarnazabalen ere aldatu zela sistema eta, lehen emaitzen arabera, hiru hilabeteetan, %94,46ko birziklapen tasa lortu da; %65,12 gaikako bilketari esker eta %29,34 autokonpostari esker.

Sistema berbera erabiliz, apirila amaieran hasi ziren hondakinak biltzen Beizaman eta Bidania-Goiatzen eta bildutako errefuxa kantitatearen eboluzioaren arabera, bi herrietan errefuxa %75 inguru gutxiago jasotzen da egun, GHKren arabera.