Elkarretaratzea egin dute, Tarnoseko hilketak salatzeko
Baionako ospitalean lan egiten zuen emakume baten eta haren alabaren hilketa salatzeko elkarretaratzea egin dute arratsaldean Baionan.
NAIZ
BAIONA
60 eta 40 urteko ama-alabak hilda aurkitu zituzten atzo Tarnoseko etxebizitza batean, indarkeria zantzuekin. Alabaren bikotekide ohia atxilotu zuen Polizia frantsesak, ustezko hiltzailea delakoan. Gizonak urruntze agindua zuen, emazte ohiak indarkeria matxistagatik salatu zuelako.
Hildako emakumeetako batek Baionako ospitalean egiten zuen lan. Emazteek Diote kolektiboak deituta, elkarretaratzea egin dute Lapurdiko hiriburuan, Herriko Etxearen aurrean.
Emakumeen Mundu Martxak ere kontzentrazioak deitu ditu ostiral arratsalderako herri eta hirietan.