Kortxoeneak iraun dezan eta Kukutza gogoan, manifestazio parea
Larunbatean Donostian 17.30ean hasita Kortxoeneak bizirik jarrai dezan manifestazioa deitu dute eta Bilbon ordu erdi beranduago Kukutza gaztetxearen eraistearekin lotuta auzipetu dituztenekin elkartasunez irtengo dira kalera. Bi hiri, bi proiektu, baina autogestioa oinarri biek ere eta Kortxoenean Kukutzaren amaiera ez errepikatzea jokoan.
«Gune autogestionatuak defendatu ditzagun» aldarrikatuz deialdi bikoitza egin dute larunbaterako. Donostian Bulebarretik abiatuko da manifestazioa (17.30) «Kortxoenea ikutu bez! Gora kapitalik gabeko kultura!» leloari helduta, ordu erdi beranduago (18.00) Bilbon Jesusen Bihotzatik «Kukutza bizirik! Elkartasuna ez delitua!» lelopean abiatuko da martxa. Lehenaren eraiste saiakera salatuko dute Donostian, garaian Kukutza eraitsi ez zezaten honen babesean aritu ziren 19 pertsonen aurkako epaiketa Bilbon.
Ez da harritzekoa bi deialdiak bata bestearen osagarri gisa hedatu izana. Eneko Goiak (EAJ) «badu bere Kukutza» esan zuen askok pasa den astean Donostiako Udalak Kortxoenea gaztetxea eraisteko baimena eman zuela jakin zenean. Eraikinaren jabeak kontratatutako langileak agertu ziren gaztetxera, hura botatzera, gaztetxeko kideek ez zekiten ezer, Udalak bai, baimena emateaz gain Udaltzaingoa bidali baizuen eraiste lanei ekiteko babes gisa.
Kale egin zuten aldi hartan, gaztetxeko ordezkariek salatutako moduan eraisteari ez baizioten legezko irizpide guztiak betez ekin. Bertan behera uztea, baimena eman zuen Udalak berak erabaki zuen gutxira, aurrez ingurunea hesitu egin behar dela argudiatuta.
Hondeamakina Kortxoeneara gerturatu orduko espazio horren ekinbidea goraipatu zuten bertan jardun duten pertsona eta kolektiboek. Fermin Muguruza musikariaren eta Lehiotikan edo Zea Mays taldeen babesa jaso zuten berehala, «kulturak halako lekuak behar ditu» zioen Iban Zalduak Xabier Montoia eta Ibon Rodriguezekin bertan eskaini zuten ‘Biodiskografiak’ emanaldia gogoratuz, Zero Zabor ekimenak bertan eman zuela lehen hitzaldia gogoratu zuen eta Donostiako Piratek euren dinamikan izan duten bidelagun gisa gogoan izan zuten. Polizia bertan zelarik, egiten dakitenarekin aurre egiteko aukera ere izan zen:
#KortxoeneaBizirik pic.twitter.com/O8fiOuX7IB
— Laura (@zukakira) September 4, 2015
Zer da Kortxoenea?
Zer da Kortxoenea? - Hamaika TB
Kortxoenea elkartasuna da, autogestioa da, elkarlana da eta kulturaren eta honen sorkuntzaren topagune ere bai, Europako kultur hiriburuan lekurik ez duela uste arren egungo Udaleko agintariek, aurreko Udalak ez zuen eraiste baimenik eman.
Eraiste saiakeratik gaur arte izandako ekimenean erakutsi du garbien zer den Kortxoeneak. Eraiste lanak eten orduko gaztetxea hartu zuten berriz ere gazteek eta berreraikuntzari ekin zioten auzolanean, «bakarrik ezin da, lagunekin bai» leloari helduta. Asanblada jendetsuak egin dituzte egunero eta eraistea ekidin asmoz bertan pasa dituzte gauak dozenaka gaztek. Kalejirak izan dira, kontzertuak eta protestak hiriburu guztira zabalduta.
Estropadatan be autogestioaren alde!! Gaztetxeak ikutu bez! Larunbata 12 maniak Bilbo ta Donostin #KortxoeneaBizirik pic.twitter.com/jSnTnbpNBd
— Kortxoenea bizirik (@kortxoenea) September 6, 2015
Kukutzaren defentsan aritzeagatik beste 19 pertsonen aurkako epaiketa hastear dela iritsi da Kortxoenearen aurkako mehatxua. Bilbon udara guztian salatu dute auzibidea eta larunbateko manifestazioa epaiketaren atarian dator, datorren astelehenean hasiko da. Bi proiektuek eredu eraldatzaile bera dute xede eta bi manifestazioetara, Bilbokora eta Donostiakora, joateko deialdia ari dira zabaltzen. Batean Kukutza defendatzea ez dela delitu aldarrikatzeko, bestean Kortxoeneak eta Donostiak ez dezaten Kukutzaren moduan bukatu eta Goiak eta Gascok ez dezaten euren Kukutzarik izan.
#KortxoSelfi-ak Kortxoenearen alde: