Ezkurdiak aurrerapauso on bat eman du (11-22)
Arbizukoaren jokoak asko egin du hobera eta Julen Retegik normalean baino huts gehiago egin ditu.
Egindako huts batzuk nabarmenak izan diren arren eta Julen Retegik egindako opariek –8 pilota galdu ditu– bere garaipenari distira apur bat kenduko dioten arren, astebetean nabarmen egin du gora Joseba Ezkurdiaren jokoak. Hala erakutsi du Sakanakoak Altsasun jokatutako partidan Julen Retegiri uste baino errazago irabazita (11-22).
Saketik hasita, Arbizukoak Lekunberrin eman ez zion abiadura eman dio pilotari gaur etxetik gertu jokatutako partidan eta bere arerioa deseroso egon da uneoro, normalean egiten ez dituen hutsak eginaz. Tantoak amaitzerakoan ere nabarmen hobetu du Arretxeren aurkako partidarekin alderatuta eta finalerdietan egoteko urrats on sendo bat eman du
Ondo ekin dio Ezkurdiak partidari eta 1-6 aurreratu da markagailuan, baina Julen Retegi bi tantora gerturatu zaio. Partida azkarra joan gero, bi pilotariek huts handi xamarrak trukatu dituztelako. 7-10an eskura zuen tanto bat galdu du Eratsungoak eta partidatik irten da. Ezkurdiak ez du barkatu eta ia zuzenean joan da 22. kartoira, bere arerioari ezertarako aukerarik eman gabe.
Fitxa teknikoa:
Pilotakadak: 210. Iraupena: 37,44 minutu. Markagailua: 1-0, 1-6, 4-6, 4-7, 5-7, 5-9, 7-9, 7-14, 8-14, 8-15, 9-15, 9-17, 11-17, 11-22 Sakeak: 1 Retegik eta 4 Ezkurdiak. Tantoak: 6 Retegik eta 10 Ezkurdiak. Hutsak: 8 Retegik eta 4 Ezkurdiak.