INFO

Michael Fakuade hegal-pibota fitxatu du Gipuzkoa Basketek

Gipuzkoa Basket taldeak barneko jokoa indartu du Michael Fakuade hegal-pibotaren fitxaketarekin. Nigeriako pasaportea duen jokalari estatubatuarra Urrezko LEB mailako Cafés Candelas Breogán taldetik dator eta urtebeterako kontratua sinatu du, talde gipuzkoarrak jakinarazi duenez.

Michael Fakuade hegal-pibota. (GIPUZKOA BASKET)

Talde gipuzkoarraren eskutik Endesa ligan lehen esperientzia izango du Fakuade hegal-pibotak. Gipuzkoa Basketen arabera, datozen egunotan hasiko da taldekide berriekin lan egiten.

Fakuadek 2.01 metroko garaiera eta 27 urte ditu, eta iaz denboraldi polita egin zuen Urrezko LEB mailan; hain zuzen, 10.1 puntuko, 6.9 erreboteko eta 1.5 asistentziako batez bestekoak lortu zituen partidako, 23.14 minutuan 13.3 puntuko balorazioa izateko.