INFO

Metroaren «inposaketaren» aurkako ekimenak egingo ditu Satorralaiak Donostian

Datozen asteotan, Donostian metroaren «inposaketa» gaitzesteko mobilizazio eta ekimen desberdinak antolatu ditu Satorralaia bizilagunen mugimenduak, tartean azaroaren 18an Antiguatik Bulebarrera joango den manifestazioa.


Ohar baten bitartez eman du Satorralaia mugimenduak antolatu dituen hurrengo deialdien berri. Hitzordu nagusia azaroaren 18an izango dela azpimarratu dute, arratsaldeko 17.00etan hasita Antiguatik Bulebarrera joango den manifestazioa, «hain zuzen ere Donostian metroaren obrak berehala hasteko Eusko Jaurlaritzak agertu duen asmoari ahalik eta herri mobilizazio indartsuenarekin erantzuteko eta jendartean desadostasun zabala pizten duen proiektu hori geldiaraztea exijitzeko».

«Gipuzkoa eta Donostiako bizilagunen gehiengoak metro pasantearen proiektua obra faraonikoa, behar gabekoa eta inposatua delako errefusatzen dute», azpimarratu du Satorralaiak eta, horregatik, obrak aurki hasiko diren iragarpenaren aurrean, jendarteari mobilizaziorako deia egin diote.

Azaroaren 18ko deialdi horrez gain, datorren asteartean, urriak 31, mahai-ingurua egingo dute Koldo Mitxelenan, «Garraio publikoa hobetzeko proposamen alternatiboak» lelopean.

Azaroaren 4ean, eguerdiko 12.00etan, «Bentaberriko polikiroldegitik abiatu eta metroaren proiektuak Antiguan kalteturiko inguruetara» martxa egingo dute. Bukaeran prentsaurrekoa egingo dute eta zarata egiten duten trasteak eramateko deia egin dute.

Era berean, azaroaren 2an, arratsaldeko 19.00etan, Bentaberriko plazan eta 6an, ordu berean, Larramendi kaleko eskoletan egingo dituzten herri batzarretan hartzeko gonbitea egin dute.