Nafarroa defendatu zuten gazteluen inguruko erakusketa antolatu dute Vianan
‘Viana eta Sonsierrako defentsa sistema’ izenburupean, Nafarroa defendatu zuten gazteluen inguruko erakusketa zabalduko du bihar Nabarraldek Vianan.
Vianaren 800. urteurrenarekin bat eginez, Nafarroa defendatu zuten gazteluen gaineko ‘Viana eta Sonsierrako defentsa sistema’ erakusketa antolatu du Nabarralde Fundazioak. Iñaki Sagredo historialaria eta nafar gazteluetan aditua da erakusketaren komisarioa eta batez ere Viana eta Sonsierrako gazteluetan eta hauek atzean gordea duten historian jarri du begia.
Erakusketan informazio panelak, momentu oro ikusi ahal izango den Nabarraldek ekoiztutako dokumental bat eta Vianako gazteluaren 3D irudi digitala ikusi ahalko dira.
Erakusketa Vianako kultur etxean egongo da eta bihar 19.00etan egingo duten irekiera ekitaldian hitza hartuko du Sagredok berak, Nafarroako gazteluen inguruko solasaldia eskaintzeko.
Viana eta Sonsierra
Nabarraldetik gogora ekarri dute Sonsierrako eremua eskualde garrantzitsua izan zela, bertan ezarri baitzen Gaztelaren konkista saiakerak ekiditeko Nafarroako gazteluen lehenengo defentsa lerroa. Bere aldetik, Vianako gaztelua herriaren harresiaren bazter batean zegoen kokatua, hegoaldean, eta 1950eko hamarkadan egindako plano batzuei esker –horiek ere ikusgai daude erakusketan– bere fisonomia nolakoa zen jakin daiteke.
Iñaki Sagredo historialaria eta Nafarroako Erdi Aroko gazteluetan aditua da. Hainbat indusketatan ibilia da eta Nafarroako Erresumako defentsa sistema osatzen zuten gazteluen inguruko ikerketak egina da, baita gaiarekin lotutako lanak plazaratu ere, tartean ‘Nafarroa defendatu zuten gazteluak’ lana.