INFO

Aritz Aranburu surflaria Tokioko Joko Olinpikoetarako txartelik gabe geratu da

Aritz Aranburuk ahalegin guztiak egin ditu, amaierara arte saiatu da, El Salvadorreko hitzordu handi honetan bere surfik onena erakutsiz, baina larunbat honetan olatu bakarra falta izan zaio La Bocanako podiumean jokatu den errepeskako zortzigarren txanda gainditzeko.


Gutxigatik ez da Tokioko Joko Olinpikoetarako sailkatu Aritz Aranburu. Zarauztarrak bazekien El Salvadorreko Munduko surf jardunaldi honek dena erabakiko zuela. Surflariak berak ostiralean bere sare sozialetan idatzi zuen bezala, gaurkoa zen eguna loria erdiesteko edo dena galtzeko guztira 12 jokoan izan dituen txapelketa honetan, zazpi emakumeentzat eta bost gizonentzat.

Aritzek ahalegin guztiak egin ditu, amaierara arte saiatu da, El Salvadorreko hitzordu handi honetan bere surfik onena erakutsiz. Atzo oso gertu izan zuen Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela. Seigarren txandara pasa izan balitz, lortuko zukeen, baina atarian geratu zen.

Larunbat honetan, ordea, olatu bakarra falta izan zaio La Bocanako podiumean jokatu den errepeskako zortzigarren txanda gainditzeko. Aranburuk 6.00 batekin puntuatutako olatu bat zamalkatu du eta 4.60ko beste bat, baina Manuel Selman txiletarra, 12.60 punturekin, eta Vasco Ribeiro portugaldarra, iragan errondetan kanporatzeagatik mendekua hartu duena, 11.84 punturekin, sailkatu dira hurrengo faserako.

Oraindik denbora asko falta da hurrengo Jokoetarako, baina hurrengo ziklo olinpikoa dagoeneko hasi da eta kontuan hartuta 2024an Pariseko surf txapelketa Tahitin egingo dela, Aritz Aranburi ondo baino hobeto datorkion olatu batean, agian borrokan jarraitzea erabakiko du olinpiar txartel preziatua lortzeko.