INFO

Covid aurreko garaietan bezala ospatu da Domu Santu eguna euskal hilerrietan

Domu Santu eguna euskal hilerrietan ospatu da astelehen honetan, covid-19a agertu aurreko garaietako normaltasun kutsuarekin. Kanposantuak bisitatzeko iaz izan ziren neurri murriztaileak desagertu egin dira aurten.


Eguraldi onak Domu Santu egunean Euskal Herriko hilerrietara jende asko joatea erraztu du. Koronabirusaren pandemiaren aurreko garaiari dagokion normaltasun sentsazioa izan da.

Nitxo, hilobi eta panteoiak bisitatzea izan da nagusi egunean zehar Euskal Herriko kanposantuetan. Hain ohikoa den irudi hori ezin izan zen iaz ikusi, adibidez, Iruñean, ezin baitzen hilerrira loreekin sartu eta lau laguneko taldeetan egin behar baitzen, koronabirusaren ondorioz. Egungo egoera epidemiologikoari esker, murrizketa horiek ez diran beharrezkoak izan astelehen honetan.

Bilboren kasuan, iaz covid-19aren aurkako neurriek eragotzi egin zuten bizilagun askok beren hildakoak bisitatzea, norbere udalerriko hilerrietara bakarrik joan zitekeelako, eta Bilboko bi kanposantuetako bat Derioko udalerrian dago.

Eragozpen horren amaiera nabarmendu da gaur, eta 60.000 pertsona inguruk bisitatu dituzte Derioko eta Deustuko hilerriak azken astean, Yolanda Diez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Arloko zinegotziak emandako datuen arabera. Derion egindako adierazpen batzuetan, Diezek hilerrietako «normaltasuna» nabarmendu du.

Gainera, Bilbao Zerbitzuak-ek hainbat hobekuntza egin ditu kanposantuko zerbitzu eta instalazioetan aurten. Besteak beste, covid-19aren osasun-krisiaren ondorioz zendutako 961 pertsonen oroigarri gisa monumentu bat jarri dute.