INFO

Haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeria %60 igo da EAEn azken urteetan

2016 eta 2019 urteen bitartean jasotako datuak aztertu ditu Save the Children erakundeak ‘Ojos que no quieren ver’ txostenean. Bertan azaltzen da epe horretan adingabeen kontrako sexu-indarkeria izugarri igo zela. 14 eta 17 urte bitartekoen %33ak indarkeria jasan zuen bere bikotekidearen aldetik.

Save The Children indarkeriaren igoeragatik kezkatuta dago. (SAVE THE CHILDREN)

Save the Children erakundeak bere kezka agertu du haur eta gazteetan taldeko bortxaketak areagotzen ari direlako, eta gogorarazi du hezkuntza afektibo-sexualak txikitatik lagunduko lukeela kasuak erdira murrizten, erakundearen ‘Ojos que no quieren ver’ txostenaren arabera.

Save the Childrenek ohartarazi du EAEko haur eta nerabeen aurkako sexu indarkeria %61 hazi zela 2016 eta 2019 artean, pandemia baino urtebete lehenago. 2019an Ertzaintzak 206 haur eta nerabe identifikatu zituen sexu-indarkeriaren biktima gisa, eta horietatik %80,6 neskatoak. Era berean, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako Fiskaltza probintzialaren datuek erakusten zuten gero eta handiagoa zela adingabeen sexu askatasunaren aurkako delituen aurreko eginbideak, eta bikoiztu egin zirela 2016 eta 2019 artean.

Emakunderen arabera, 14 eta 17 urte bitarteko 3 nerabetik 1ek indarkeria jasan zuen beren bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aldetik 2019an, eta Ertzaintzak 2016tik 2020ra jasotako datuen arabera, hazkunde handia izan dute indarkeria kasuek (%25) eta sexu indarkeria kasuek (%24,2). Horrek agerian uzten du nerabeen arteko harreman asimetrikoak direla.

«Icebergaren punta»

«Datu beldurgarriak diren arren, ez da ahaztu behar kopuru horiek icebergaren punta besterik ez direla. Salaketak ugaritzeak ez du esan nahi kasu gehiago daudela, baizik eta arazo hori gero eta nabarmenagoa dela eta gizartea sentsibilizatuago dagoela», azaldu du Sara Polok, Save the Childreneko Haur Politiken arduradunak EAEn.

Lakuako Gobernuak hezkuntza afektibo-sexualari buruzko hainbat programa ditu, eta horiek praktika egokitzat jo daitezke, baina, hala ere, programa horien irismena mugatua eta heterogeneoa da, ez baitira eduki arautuak eta nahitaezkoak. Save the Childrenek dioenez, funtsezkoa da haur eta nerabe guztiek hezkuntza hori modu arautu eta egokian jasotzeko duten eskubidea bermatzea, etapa goiztiarretatik hasita, haurrei indarkeria edo abusua detektatzeko beharrezkoak diren kontzeptuak, hala nola adostasuna, gorputzaren autonomia, emozioen garapena edo berdintasunezko harremanak irakatsiz, betiere beren hezkuntza-etapari egokituta. Hezkuntza hori ez da eskolan bakarrik geratu behar, baita familia eta osasun esparruan ere.

«Ezin dugu onartu pornografia sexualitateari buruzko informazio-iturri bakarra izatea, haren sexu-nahia fikzioaren oinarri irreal, bortitz eta desberdinen gainean eraikitzen baita», azaldu du Polok. ‘(Des)sexu-informazioa: pornografia eta nerabeak’ txostenean, Save the Childrenek EAEn 267 neraberekin egindako tailerren datu espezifikoak islatzen ditu, eta ohartarazten du mutilen %13,19k bikotearen baimen espliziturik izan gabe pornografian ikusi dutena erreproduzitu duela. Azken puntu horri dagokionez, Save the Childrenek bereziki kezkagarritzat jotzen du ikusten dutena imitatzen saiatzen direnean ez dutela beti baimena eskatzen.

«Orain, udan jaiegun, jaialdi, kontzertu eta jai gehiago izaten direnez, sexu-indarkeria kasuak ugaritu egin daitezke», dio Polok. Alkohola eta bestelako drogak hartu ohi diren testuinguru horietan, «kontuz ibili eta erne egon behar da, zeren, zenbait azterlanen arabera, taldeko sexu-erasoetan substantzia horien kontsumoa egoten da».

Save the Childrenek txalotu egin du Lakuako Berdintasun sailak Emakunderekin eta EUDELekin batera, Beldur Barik programaren barruan, atera duen ‘Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida’.