INFO

‘Katuak jandakoa’, ongizatearen gizartea xaxatuz segitzen du Asel Luzarragak

Aurreko lanarekin jabetza pribatua ezbaian jarri bazuen, politika eta zientzia hartu ditu orain hizpide Asel Luzarragak ‘Katuak jandakoa’ (Elkar) eleberriarekin. Orain ere Zigor eta Iraultza neba-arrebak dira protagonista, eurek argitu beharko dute zer dela-eta jaio diren haur batzuk mihirik gabe.

Asel Luzarragak Donostian aurkeztu du ‘Katuak jandakoa’, Elkarren eskutik. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ongizatearen gizartea» deitutako gure sistema honen zenbait oinarri zalantzan jartzeko hautua egin zuen Asel Luzarragak; ‘Uzta garaia’ aurreko lanarekin abiatu zuen asmo hura. Gurera mahatsa biltzera etortzen diren pertsonen bizitzetan arakatuz gure oinarri ekonomikoak ezbaian jarri zituen: jabetza pribatua, lan eskua, esklabutza. «Nondik eta zein eskuk eginda daude guregana ailegatzen diren produktuak?».

Galdera deseroso horiei jarraipena eman die orain, lan berriarekin: ‘Katuak jandakoa’ (Elkar). Zer ote ba? Bai, mihia. Fantasia ikutuarekin, baina errealismoaren koadrotik atera gabe, landu ditu oraingo honetan oinarri politikoak eta zientzia.

Pertsonaiak berberak dira, Zigor eta Iraultza neba-arreba bikiak. Ondarrateko eskolako ikasleak dira. Jolastokian ezagutuko du 14 urteko Iraultzak hitz egiten ez duen mutikoa. Ezin du, ez baitu mihirik. Zer dela-eta? Nola da posible? Gehiago jakin nahian hasiko da anaiaren laguntzaz han eta hemen ikertzen, eta ohartuko dira ume gehiago badirela egoera berean, aspaldi gertatzen hasi zen fenomeno bat delako, antza mutazio motaren baten ondorioz.

«Askotan gazteei ematen zaie gure gizartea zehozer eztabaidaezina, gauzatua eta amaitua bezala; ordea, ikasi behar da honetara moldatzen eta bizitzen, eta ez da pentsatzen nondik datorren eta zeintzuk diren oinarriak. Oinarri horiek zalantzan jartzea da asmoa, erantzunak eman baino, galderak egitea da auzia», azaldu du. Idazleak asteazken honetan aurkeztu du izenburu berria Donostian, Elkarren eskutik.

Zientzia, gerra zelai isila

Gabonen oporren atarian, eskolarako egin beharreko lana hori ikertzea izango da, eta horretan daudela abentura batean sartuko dira «ikertzeak batzuetan badituelako bere arriskuak», esan du. «Dei egiten da hausnartzera zer den demokrazioa ordezkatzailea deritzona, herriak bere erabakiak hartzeko behar duela erabaki horiek hartuko dituen norbait bozkatu, beste norbaiten esku utziz erabakiak. Eta hor badator gue hezkuntza sistemaren kritika bat. Ikastolan txikitatik aukeratzen dira ordezkariak, haurren geletan aukeratu behar da monarka bat, eta ordezkoa ere badazpada. Eta zertarako? Nork daki… Baina horrela ohitzen ditugu», kritikatu du.

Zientziaren esparrua ustezko mutazioaren bidez landu du Luzarragak. «Zigor eta Iraultza konturatuko dira zientzia ez dela neutrala, eta diskurtso zientifikoak ez daudela denak berdin onartuta. Egia zientifiko bakarra zabaldu da eta beste dozein zalantza bihurtu da sakrilegioa».

«Ez da liburu zientifiko bat», thriller bat baizik, berretsi du. «Abentura bat, baina badaude oinarri zientifiko batzuk. Ipini gura izan dut begien aurrean zelan nolan pentsatzen dugu eboluzioan hoberanzko joera gisa, gorantz doan zerbait bezala, eta azken garaietan agertu dira heroiak, mutazioak direnak superbotereak, baina eboluzioa da egokitzea, eta gerta liteke gure gizarte honetara egokitzeko agian ahalmenak irabazi baino gehiago gaitasun batzuk galdu behar ditugula hobeto moldatzeko», iradoki du.

Idazlearen aburuz, «zientzia gerra zelai bat da», gerra zelai isil bat. Bere hitzetan, pandemiak agerian utzi du baieztapen hori. «Badirudi zientzia dela bat, eta bidea bakarra dela, baina zientziak adar asko ditu, eta adar bakoitzak beste batzuk. Normalean aurpegi bakarra erakusten zaigu, eta hori koronabirusarekin ikusi da, denok konpartitu behar izan dugu modu berean».

Hurrengo lana buruan duela aitortu du, ongizatearen gizarte honen eredua ezbaian jarriko duen hirugarren eta azken lana. Ez du izenbururik, eta asko du idazteko, baina hasita dauka. Aurreratu duenez, Iraultza eta Zigor Argentinara joango dira, bertan duten familia ezagutzera. Bidaia horrek jarriko ditu harremanetan maputxeen errealitatearekin, eta horrela hausnartuko dute kolonialismoaz eta ingurumenari egiten zaizkion erasoez. «Zer hartzen du gure kontinenteak beste kontinenteetatik?».