Matematikak alde, Andoaingo alkatetza berreskuratu du EH Bilduk
Oraingoan ez bozkak bakarrik, matekatikak ere alde izan ditu EH Bilduk Andoainen eta orain lau urte «ebatsitako» alkatetza berreskuratu du. Andoni Alvarez da, hortaz, nabarmendu nahi izan duen moduan, «andoaindar ororen» alkate berria.
Berez maiatzaren 28an bozkatuena izan zelako nahikoa zuen EH Bilduko Andoni Alvarezek Andoaingo alkate izateko, baina gehiengo osoz ere hartu du kargua. Azken egunotako elkarrizketek eman diote emaitza: koalizio abertzaleak eskuratutako 8 zinegotziek eta Podemos-eko Pepe Iparragirrek babestu dute Alvarezen izendapena eta, hala, EH Bilduk orain lau urte «ebatsitako» alkatetza berreskuratu du. PSEko bost zinegotziek Maider Lainez alkategaia babestu dute, eta EAJko hirurek abstentziora jo dute; bien artean ezin zuten gehiengo osoa lortu eta batuketa alferrikakoa zen beraz udaletxe honetan.
Orain lau urte koalizio abertzalearena Andoaingo zerrenda bozkatuena izan bazen ere –8 zinegotzi eskuratu zituen– EAJ eta PSEren arteko akordioen ildotik Maider Lainezek hartu zuen aginte makila. Aurten, baina, matematikak ez die eman: EAJk zinegotzi bat gutxiago eskuratu du bozetan (3), EH Bilduk jaso duena hain zuzen ere.
Udalbatza jendez lepo hasi da izendatze saioa, 10.00etan puntuan. Zirrara airean, kasik arnasari eusten eta gertatzen zenari adi jarraitu dute saioa herritarrek eta, emaitzaren berri izatean, eztanda egin du emozioak: musuak, besarkadak eta «Aupa Bildu!» eta «Gora Euskal Herria!» oihuak nonahi.
Alkate izendatu berriak ere hitz batzuk eskaini nahi izan dizkie, hainbatetan nabarmendu duenez, «andoaindar guztiei»: «Ez da eguna diskurtso politiko luzeak egiteko, egon da denbora horretarako eta egongo dira aukerak. Gaurkoa zuei denei eskerrak emateko baliatu nahi dut», hasi du Etxekoen ulerkortasuna eta lagunen babesa eskertu ditu, baita alboan izan dituen kideak ere: «Gaur abiatzen dugun bide hau zuei guztioi esker da».
«Andoainen alde nire onena ematen saiatu izan naiz beti, bai pilota eskolan eta herrigintzan lanean, edo azken urteetan zinegotzi bezala. Andoain hobeago bat eraikitzea izan da nire zereginaren helburua beti, Andoain eskuzabal, berdinzale, justu eta euskaldun egiteko balore horiekin lan egitea baino formula arrakastatsuagorik ez dagoela uste izan dute beti», ziurtatu du.
Eskuartean duen erronka orain artekoen artean «ardura gehien» sortarazten diona dela onartu du Alvarezek, «erantzukizun osoz» hartzen duena. Gobernu «sendoa» osatu izanaren ustea duela ere azaldu du, talde prestatua osatu dutela, Udal Gobernuaren ezagutza eta jende berriaren freskotasuna uztartzen dituena. «Ezagutza eta gogoa, esperientzia eta ilusioa».
Podemos-eko zinegotzi Pepe Iparragirreri ere adierazi dio bere esker ona: «Orain arte izandako elkar ulertzea izan dadila elkarlan emankor baten abiapuntua», nabarmendu du. PSE eta EAJ alderdiei zuzenduta, «herritar guztien begirada eta iritzia» kontuan hartzera datorrela eta horretarako alderdi ororekin elkarlanean aritzen saiatuko dela adierazi die. Andoaingo erronkei aurre egiteko «akordio zabalak» lortu nahi lituzkeela esan du.
Herritar eta elkarteak ere ez ditu ahaztu: «Ez dut herritarrengandik urrun lan egiten duen alkatetza eredueta sinesten. Jakin ere ez nuke jakingo halakorik egiten. Orain arteko hurbiltasun berarekin lan egiten jarraituko dugu».
Mertxe Aizpurua: «Justizia egin da»
Andoaingo kargu hartze ekitaldian izan da Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatua ere. NAIZi egindako adierazpenetan, gogora ekarri nahi izan du orain lau urte alkatetza EH Bilduri bazegokion ere «kendu» egin zietela eta orain «justizia» egin dela nabarmendu du: «Herriak egin du justizia, horretarako eman baitute bere bozka».
Pozik agertu da koalizio abertzaleak bildutako emaitzekin, baina udal osaketen aurrean tentuz agertu da: «Ikusi ditugu lotsagabekeriaren paktuak egon badaudela, baina EH Bildu geroz eta instituzio erakunde gehiagotan dago eta gero eta gehiago gara. Gaurko eguna horren adibide garbia da: alkatetza gehiago eskuratu ditugu eta bide horretatik jarraitzeko ibilbidea badugu. Egun handia da gaurkoa».