INFO

Mendiko neguko kirolen lehiaketek asteburu oparoa izan dute

Skimoko Espainiako Kopan, indibidualean, Malen Osa hirugarrena izan da. Erreleboetan, berriz, oñatiarrak eta Aitor Ugartek zortzigarren postuan amaitu dute. Snowrunning-eko Espainiako Txapelketan, berriz, Nafarroako selekzioa bigarren sailkatu da nesketan eta hirugarrena mutiletan.

Nesken nafar selekzioa bigarrena izan da Snowrunning-eko Espainiako Txapelketan. (NAFARROAKO MENDIZALE FEDERAZIOA)

Joan den asteburuan, mendiko eskiko eta snowrunning-eko lehiek pare bat hitzordu garrantzitsu izan dituzte. Biak la biak, gainera, Mendi eta Eskalada Kirolen Espainiako Federazioak (Fedme) antolatu ditu. Mendiko eskiari dagokionez, Arinsalek (Andorra) jaso zituen Espainiako Kopako bi modalitate: indibiduala eta erreleboak.

Proba horietan elurra ziurtatzeko, indibidualean, ibilbidea aldatu behar izan zuten; errelebo-probako zirkuitua markatu eta hiru itzuli eman behar izan zizkioten. Oro har, zirkuitu nahasia eta zaila zen, besteak beste, jaitsiera batzuk oso teknikoak zirelako. Gainera, tarte batzuetan izotza azaldu zen.

Ibilbidearen aldaketarekin batera, lehiakideek formatu berritzailea izan zuten: kronoigoeretan egiten duten bezala, banan-banan irten ziren. Berrikuntza horren ondorioz, eskiatzaileek ez zuten beste lehiakideen erreferentziarik, eta horrek pixka bat «nahastu» zituen.

Euskal ordezkariei dagokienez, aurreratu behar dugu jardun txukunak egin zituztela. Seniorretan, adibidez, Malen Osa podiumaren hirugarren kutxara igo zen. Maria Costa katalanak irabazi zuen 41:13 denborarekin; oñatiarrari minutu bat eta 26 segundoko aldea atera zion. Top-10ean beste hiru euskal eskiatzaile sailkatu ziren: Igone Campos zortzigarrenean, Uxue Loizu bederatzigarrenean eta Nahia Etxetxikia hamargarrenean.

Mutilen kategorian, Albert Perez katalanak aise irabazi zuen 33:00 kronoarekin. Euskal eskiatzaile indartsuena Asier Labairu (seigarren postua) izan zen, irabazlearengandik 3 minutu eta 53 segundora helmugaratu zen.

23 urtez azpikoen mailan, Osak bigarren postuan amaitu zuen; seniorretan bezala, Costak irabazi zuen. Mutiletan Jon Razkin seigarrena izan zen, Aitor Ugarte zortzigarrena eta Elur Zaldua hamargarrena.

Erreleboak

Proba horrek indibidualaren lekukoa hartu zuen Arinsalen. Aurreratu dugun bezala, ibilbide bera izan zen, baina indibiduala baino motzagoa. Denera, bikoteek bi itzuli eman zizkioten zirkuitoari. Bezperan ez bezala, eskiatzaileek ez zuten klima oso egokirik izan. Zerua lainotua egoteaz gain, tarteka elurra egin zien.

Seniorren kategorian, mistoan, faborito nagusiek ez zuten hutsik egin. Orioal Cardona eta Marta Garcia katalanek garaipen oso argia erdietsi zuten. Nazioarteko lehietan izaten diren bi eskiatzaileok eskarmentu eta sasoi handia dute: zirkuitua 42 minutu eta 14 segundoko kronoarekin biribildu zuten. Oro har, katalanen nagusitasuna ia erabatekoa izan zen: lehen lau postuak herrialde horretako ordezkarientzat izan ziren.

Lehen euskal bikotea zortzigarren postuan sailkatu zen. Osak eta Ugartek osatu zuten, eta irabazleek ia hamar minutuko aldea atera zieten. Loizu eta Labairuk hamargarren postua sinatu zuten. B finalean, mutilek osatutako taldeetan, Elur Zalduak eta Asier Alonsok bosgarren postua lortu zuten. Eta junior B finalean, Hugo Roblesek eta Oier Urkiolak brontzea eskuratu zuten.

Snowrunning

Andorratik Euskal Herrira egingo dugu salto; izan ere, modalitate horretako Espainiako Txapelketa Larra-Belaguako eski-estazioan jokatu zen. Elur eskasiarengatik, antolatzaileek hitzordu nagusi hori lekuz aldatu zuten; hain zuzen ere, La Contiendan izan zuen geltokia. Ia 13 kilometro eta 436 metroko desnibela zituen ibilbidean lehiatu ziren seniorrak; hiru kilometroko zirkuituari lau itzuli eman zizkioten.

Gizonezkoen kategorian, polemika handia sortu zen. Berez, 23 urtez azpikoen mailakoa den Alvaro Osanz azkarrena izan zen. Aragoiarrak ordubete eta minutu bateko kronoa egin zuen, eta bigarren sailkatuari, Roger Cormellas katalanari, minutu bat eta bost segundoko aldea atera zion. Baina Osanz aipatu dugun kategoriakoa denez, garaipena Comellasi eman zioten. Euskal ordezkari azkarrena Imanol Kañamares izan zen, zazpigarren postuan amaitu zuen.
Nesken mailan, berriz, ez zen polemikarik izan. Cristina Trujillosek irabazi zuen 1:13:19 denborarekin. Nafar selekzioko ordezkari Maria Ordoñez bederatzigarrena izan zen. 23 urtez azpikoen kategorian, mutiletan, arestian aipatu dugun Osanz nagusitu zen. Jon Razkinek seigarren postuan amaitu zuen, Aitor Ugartek zortzigarrenean eta Elur Zalduak hamargarrenean. Selekzioen sailkapenei dagokienez, Nafarroakoak zilarra sinatu zuen emakumezkoetan eta brontzea gizonezkoetan.

Azkenik, aipatu behar dugu hitzordu hori Nafarroako Txapelketarentzat baliagarria izan zela. Maitane Melero txapelarekin egin zen; Fedme-ren hitzordua ere irabazi zuen, baina beteranoen mailan. Ordoñez podiumaren bigarren kutxara igo zen eta Enara Alcuaz hirugarrenera. Eta mutiletan: Kañamares lehena, Aitor Blanco bigarrena eta Ioar Tabar hirugarrena.