Aitor Estebanek ez du argitu Andoni Ortuzarrekin lehiatuko ote den: «militantziaren txanda da»
Aitor Estebanek, EAJn bozeramailea Kongresuan, bere hautagaitza kolokan utzi du berriz ere eta ez du argitu Andoni Ortuzarrekin lehiatuko ote den datozen lau urteetan EBBko buru izateko. Igande honetan aipatu duen bakarra zera izan da: «EAJk bere arauak ditu, eta orain militanteen txanda da».
Bilboko Arriaga Antzokiaren atarian mintzatu da Aitor Esteban hedabideekin; igande honetan bertan burutu baita Sabino Arana sarien 36. edizioa. Iñigo Urkullu lehendakari ohia saritu dute, Lakuako Gobernuaren buru izan den hamabi urteetan egindako lana eskertzeko. Bertan izan dira Imanol Pradales lehendakaria eta Aitor Esteban, EAJren bozeramailea espainiar Kongresuan eta Andoni Ortuzarrekin, ezustean, EBBko buru izateko lehiakidea izan daitekeena.
Igande honetan Itxaso Atutxa emaztearekin, duela gutxi arte EAJren BBBko presidentea izan denarekin, Bilboko Arriaga antzokira iritsi denean, ez du askorik argitu nahi izan, ezta bigarren itzulian Ortuzarrekin norgehiagoka egingo duen ala ez aipatu ere.