INFO

Letretako irakasle baten erasoen salaketengatik protokoloa jarri du martxan EHUk

EHUko Arabako campuseko Letren Fakultateko irakasle batek egindako jazarpen eta ukituak salatu dituzte. Eta, ondorioz, genero indarkeriaren aurkako protokoloa abiatu du unibertsitate publikoak. Ohar batean esan duenez, «berehalako erantzuna» ematen ari da eta «beharrezko neurriak» hartuko ditu.

UPV/EHUko ikasleen mobilizazioa Leioan, ikasturte honen hasieran, irakasle baten erasoen aurka. (EHU)

EHUk genero indarkeriaren aurkako protokoloa abiatu du, Arabako campuseko Letren Fakultateko irakasle batek egindako jazarpen eta ukituak salatu dituztelako. Unibertsitate publikoak ohar batean esan duenez, «berehalako erantzuna» ematen ari da Gobernu Taldea, Berdintasun Zuzendaritzarekin elkarlanean. «Beharrezko neurriak hartuko dira, protokoloak zehazten dituen urratsak jarraituta».

Idatzi horretan, EHUk onartu du salaketa «formal» batzuk jarri dituztela irakasle honen aurka. Errektoretza taldeak gertaeren berri jakin orduko hasi du protokoloak markatzen duen prozedura.

«Unibertsitatearen lehentasuna kolektibo guztien eskubideak bermatu eta babestea da, bereziki, biktimenak», azpimarratu du komunikatuan.

Salaketen ugaritzea

Unibertsitateak erantsi du erakundea «tolerantzia eta errespetu eremu» izan dadin, bertako kolektibo guztiak daudela engaiatuta, «bai ikasleak bai langile guztiak. Horren erakusle da azken boladan daukagun salaketen ugaritzea, Errektoretza taldean erabateko lehentasunez kudeatzen ari dena», nabarmendu du.

Hain zuzen ere, ikasturte honen hasieran EHUk irakasle bat apartatu zuen zabaldutako iruzkin matxista eta arrazisten ondorioz. Ikasleen mobilizazioa gakoa izan zen kasua salatzeko. «Hau ez da kasu isolatu bat, hau gaur egun ematen ari den olatu faxista eta balore erreakzionarioen gorakadaren ondorio zuzenetako bat da», ohartarazi zuen orduan Ikama ikasleen antolakundeak.